Iñaki Porto argazkilariak orainaldira ekarri ditu errepresio frankistaren ondorioz desagertutako eta fusilatutako 1936ko gerrako biktimen istorioak , ‘Desenterrados del olvido’ (Ahanzturatik ateratakoak) izeneko proiektuaren bidez.
Olaia L. Garaialde
Iñaki Porto 1936. urteko testuingurura itzuli da zuri-beltzean eginiko argazkien bidez, Desenterrados del olvido (Ahanzturatik ateratakoak) izeneko proiektuari esker; senideak, memoria historikoa berreskuratzeko lana egin dutenak, eta hainbat ekintza erretratatu ditu.
Portok esan du helburua dela ahotsa ematea frankismoaren errepresioaren ondorioz “hainbeste urtez” senideak arteka eta hobi komunetan bilatzen ibili direnei. Horrekin batera, ahalik eta argazki gehien dokumentatu nahi ditu: “Egoera gogor hori bizi izan dutenak nagusiak dira, eta desagertzen ari dira”. Batzuk senideen gorpuzkiak aurkitu eta berreskuratu baino lehen zendu dira, hain zuzen.
Proiektua aspalditik zeukan buruan, baina duela bi urte eta erdi jarri zen harremanetan Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearekin. Lortutako informazioari esker, senideekin harremanetan jarri zen. Josefina Lamberto izan zen Larragan hildako Vicente eta Maravillas Lambertoren alaba eta ahizpa Portok erretratatu zuen lehen pertsona: “Kontatu zizkidan gauzekin harrituta gelditu nintzen”. Hari esker, beste senide batzuk ezagutu ditu, eta, sarea handitu ahala, proiektua ere handitu da.
Egitasmoa erretratuz, plano orokorrez eta xehetasun planoz beterik dago. Erretratuek patroi bat jarraitzen diote, hain zuzen ere: hondoa eta arropa beltzak dira, aurpegiak nabarmentzeko: “Aurpegiera azpimarratu nahi dut. Pertsonek denboran atzera egitea, bizitako oso momentu gogorrak gogoratuz. Horrek aukera ematen dit begiradekin eta bizitzak aurpegian utzi dizkien markekin jolasteko. Hori da gehien interesatzen zaidana, agerikoa izatea”. Horretarako, argazkiak egin baino lehen, haiekin hitz egin zuen, eta kameraren aurrean zergatik zeuden azaltzeko eskatu zien.
Nortasuna agerian
Nahiz eta urte asko igaro, zenbait objekturen arrastoak oraindik agerikoak direla dio Portok: “Horrek atentzioa eman dit, pertsona horien nortasunaren aspektu batzuk ikusi ahal zirelako. Adibidez, pertsona bakoitza nolakoa zen, nola bizi zen”.
Esate baterako, ondo zaindutako botak, nakarrezko botoiak eta atzandelak aurkitu dituzte. Hori xehetasun planoen bidez adierazi nahi izan du. Plano orokorren bidez, berriz, hobiak irudikatu ditu; hobi oro ezberdina dela dio: “Exekutatzeko moduagatik eta lurperatzeko moduagatik. Batzuetan, modu jakin batean jarri zituzten hobietan; beste batzuetan, bata bestearen gainean pilatuta…”.
Orain arte jasotako istorioak Iruñeko eta Lizarrako jendearenak dira, baina beste eremu batzuetako herritarrak ere gogora ekarri nahi ditu: esate baterako, Sartagudakoak eta Lodosakoak, “oso errepresio bortitza” bizi izan zutelako. Proiektu hori senideentzat baliagarria izatea espero du: “Bai artxibo moduan, baita ez ahazteko ere. Argazkilaritzak denboran irautea ahalbidetzen duelako”. Hala ere, “zaila” dela dio, erretratatutako pertsonak “nagusiak” direlako, eta askok “mugitzeko arazoak” dituztelako.
Mezu bat bidali du memoria historikoa berreskuratzeko diru publikoa jartzearen kontra daudenentzat: “Enpatizatu dezatela desagertuen senideekin, eta jakin dezatela zer izan daitekeen, 84 urtean, aita, osaba, neba edo anaia non dagoen jakin gabe egotea gerra amaitu zenetik”.
Proiektua zabalik dago; 25 erretratu inguru ditu dagoeneko, eta hobietako argazki gehiago. Hobiak irekitzen jarraitzen duten bitartean proiektuarekin aurrera jarraituko duela dio: “Hobiak ireki eta gorpuzkiak aurkituta, familien nahia betetzen ari da; espero dut horrela jarraitzea eta materiala batzen segitzea”. Hobiz hobi, memoria historikoa berreskuratuz.
Argazkiak: Iñaki Porto (Ahanzturatik ateratakoak).