Elkarrekin orro egiteko prest

Elkarrekin orro egiteko prest

Zaunk talde antiespezista sortu dute Iruñerrian, otsailean hasitako Erein prozesua burutu eta gero. «Borroka kolektibora» deitu dute, sistema espezistari aurre egiteko.

Edurne Elizondo

Urte hasieran lur azpian gordetako haziak eman du lorea: Iruñerriko antiespezistek burutu dute Erein izenburupean joan den otsailean hasitako prozesua, eta talde bat sortu dute: Zaunk.

Kideek “borroka kolektibora” deitu dute, “sistema espezistari aurre egiteko”. Gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza, gainera, “zapalkuntza kapitalistaren dinamikaren barruan” kokatu dute, eta, ondorioz, erdigunean jarri dute antiespezismoak “kapitalaren logikaren aurka” egiteko beharra. Logika horren aurka, hain zuzen ere, zaintzak eta bizitzak ere erdigunean egon behar dutela nabarmendu dute; are gehiago, funtsezkotzat jo dute “zaintza politizatzea”.

“Iruñerriko ekintzaile antiespezistak batzeko eta antolatzeko beharraren ondorio da Zaunk”, zehaztu du talde berriko kide Aimar Senosiainek, eta garbi utzi nahi izan du “ezinbestekotzat” dutela “harreman sendoa eta elkarlana” bultzatzea eskualdeko herri mugimenduko gainerako eragileekin.

Antiespezismoa, euskaraz

Elkarrekin aritzeko prest dira, hainbat arlotako eragileen artean sareak sustatzeko prest, alegia; Zaunk taldeak, halere, gizakiz bertzeko animalien askapena du berezko esparrua: “Gure helburu nagusia da animalien askapenaren alde borrokatuko den gizarte sektore bat osatzea”, erantsi du Senosianek. Euskal Herriko mugimendu antiespezistaren parte izan nahi dute, “Iruñerrian eta euskaraz” lan egiteko. “Animalien askapena lortzeko bidea” hasi du Zaunk taldeak, eta bide hori euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du taldeko kide Aitor Navarrok ere: “Ama hizkuntza erabiltzeak gure lurrarekin eta herriarekin lotzen gaitu; aldi berean, eraiki nahi dugun mugimendu antiespezistak izanen ditu gure kulturak eta lurrak ematen dizkiguten ezaugarriak”.

Zaunk ez da hutsetik sortu; Iruñerriko zenbait ekintzaile antiespezistak Erein izeneko prozesua jarri zuten martxan, otsailean, eskualdean ariko zen eragile bat sortzeko asmoz. Prozesuan bat egin zuten Antsoain Antiespezista taldeko zenbait kidek, batetik —herrian aritzeko sortu arren, eskualdean zegoen hutsunea betetzen ari zirela ohartu ziren—, eta, bertzetik, iaz bultzatutako Kaiolak Suntsitu dinamikarekin bat egin zuten bertze zenbait kidek.

Kaiolak Suntsitu dinamikaren barruan, Euskal Herriko zoologikoen eta akuarioen aurkako kanpaina bat egin zuten Nafarroan, Sendavivaren itxiera eskatu zuten; bukatu eta gero, Iruñerrian espezismoaren kontra lanean segitzeko gogoz ziren ekintzaileek jarri zuten martxan Erein prozesua. Otsailean formakuntza landu zuten; martxoan, berriz, eztabaida saioak egin zituzten. Apirilekoa izan da talde berria eratzeko azken urratsa: oinarriak jarri eta gero, Zaunk sortu dute, Iruñerriko antiespezisten topagune izateko.

Kolektibo berriko kideek 37 orrialdeko txosten batean jaso dituzte egindako urrats horiek guztiak. “Zaunk eragilearen asmoa da antiespezismoa indartzea eta zabaltzea Iruñerrian”, erran du Saioa Miranda kideak. Nabarmendu du asmo horiek zehaztu dituztela egindako formakuntza eta eztabaida saioen bidez. Zaunk kolektiboko kideek bertze eragileen eta ekintzaileen esku jarri nahi dute orain egindako eta txostenean jasotako lana, bertze ekintzaileak eta taldeak laguntzeko, bai eta talde bat sortu nahi dutenei oinarri bat eskaintzeko ere.

“Asko pozten gaitu”

Zaunk taldeko kideek Iruñeko Katakrak gunean egin zuten, joan den ostiralean, kolektiboa aurkezteko jendaurreko lehenengo agerraldia. Saioa Zubiate musikariak parte hartu zuen, bertzeak bertze: Txoria txori eta abesti propio bat kantatu zituen, talde berria ezagutzera joan zirenen aurrean.

Katakrak liburu dendan egindako aurkezpenean izan zen, bertzeak bertze, Nor kolektibo antiespezistako bozeramaile Maialen Sagues. “Berri ontzat” jo zuen Iruñerrian talde antiespezista berri bat sortu izana, orain arte egon den “hutsunea betetzen” lagunduko duelako.

Saguesek bereziki nabarmendu nahi izan zuen “formakuntza eta eztabaida prozesu baten ondorioz” sortu dutela Zaunk: “Asko pozten gaitu taldea lanketa kolektibo bat egin eta gero sortu izanak. Formakuntza landu dute, oinarriak modu kolektiboan zehaztu dituzte, eta helburuak eztabaida prozesu baten ondorioz erabaki dituzte. Guztiz prozesu horizontala izan da, harro egoteko modukoa”, erran du Nor kolektiboko kideak.

Erein prozesua amaituta, Zaunk martxan jarri da, Iruñerriko ekintzaile euskaldunentzako erreferente bilakatzeko asmoz, neurri handi batean. Kideek gogoratu dute kolektiboak ateak zabalik dituela; antiespezismoaren arloan aritu nahi dutenak parte hartzera deitu dituzte.