Iritzia: Harritua (tarte baterako)

Iritzia: Harritua (tarte baterako)

Lur Albizu Etxetxipia

Harritzeko gaitasuna erauzten ari zaizkigu. Aspalditik, hori bai. Pasa den asteburuan migrante gazte bat topatu zuten, hilik, Irun eta Hendaiaren arteko muga igerian zeharkatzen saiatzen ari zela, itota. Ceutatik etortzen zaizkigun irudiak lazgarriak, nazkagarriak eta izugarriak dira. Ez dute besterako tarterik uzten.

Askok esaten dute ez dugula gizaki gisa dagoeneko kasik batere balio. Gizateria bera ere kolokan jarri digute, eta ez da planetan leku segururik. Ez nago ados: kontua ez da humano garen edo ez, errukia sentitzen dugun edo ez, heriotza gertutik ikusi duenari besarkada bat ematen diogun edo ez, egarria kentzen diogun, bizirauten uzten diogun. Toleratzen dugun. Kontua da nola onartu dezakegun hemendik kilometro eskas batzuetara gazteak itotzen direla, estatuek mugak itxi eta ilegal bilakatzen dituztenean. Kontua da nola jar dezakegun arreta besarkadan, eta ez pertsonak hiltzera kondenatzen dituen (zeharka edo zuzenean) estatuan. Eguneroko bilakatu arte egon gaitezke telebistari so, su artifizialak ikusten dituztenen gisara. Espektakulua bukatu da: hurrengo eskandalura arte, hurrengo zaratara arte, ez da berriz telebistako pantailan agertuko. Eta bitartean, zer eginen dugu?

Baina ez guk bakarrik. Azken hilabeteetan boladan jarri nahi izan digute hemen gauza askoren ardura herritarrona dela. Bueno, ardura dutenek hartu dituzten neurrien arabera, beharbada. Iturburura, jatorrira, kausara joan beharko genuke beharbada, ez? Eta nork bere bidetik egin dezala ekarpena. Baina hemen guztiok ez dugu ardura bera. Eta, beraz, ez daukagu eginbehar bera. Ez dugu erantzukizun bera.

Beharbada argi izan beharko genuke inor ez dela bere lurretik ihesi ateratzen plazeragatik. Ihes egiteak eta zeneukana atzean uzteak bere ondorio latz, gogor eta ziurgabeak dakartza: bidaia amaigabea hasi da. Ziurgabetasunaz asko hitz egiten den garai hauetan, horiek ditugu parez pare: behin bidea hasi zuen jendea, nora eta nola iritsiko zen jakin gabe. Iritsiko zen ere jakin gabe.

Krisiek, gerrek eta bestelakoek bultzatuta ihes egiten dute. Gosea ez da saihets ezin zitekeen zerbait, misilak ez dira zerutik erortzen, heriotza ez da besterik gabe aurkitzen. Planeta ez dago larrialdian besterik gabe, gauetik egunera gertatu izan balitz bezala. Eta mugak itxita egotea ez da naturala: erabaki politikoak dira horiek guztiak. Atzerritarren Legea naturala ez den moduan, besterik gabe egina ez den moduan: hainbat kolektibo eta bereziki azken urteetan lanean gogor ari den mugimendu antirrazistak aspaldi aldarrikatzen dute honen ezabatzea.

Ze pentsatu beharko genuke Europa heriotzaren bihotza eta nekropolitikaren sustatzaile aktibo eta errudun zergatik den eta nola erantzuten zaion horri. Kolektiboki. Telebistako flash noizbehinkakoez harago, gaiak merezi du arreta eta indarra, eta presazkoa da.