“Lordak auzi sozialak lehenetsi zituen; bat egin zuen herriarekin”

Aitor Pescadorrek Francisco Lorda Ioldiren biografia argitaratu berri du, Pamiela argitaletxearekin. Iruñeko Udaleko zinegotzi izan zen Lorda, 1918tik 1923ra aurreneko aldiz, eta 1930etik 1930ra, berriz, bigarren aldiz.

Edurne Elizondo

Bixente Serrano Izko zenak jarri zuen Pamielak plazaratu berri duen Francisco Lorda Yoldi. Vecino y concejal de Iruña. 1877-1939 (Francisco Lorda Ioldi. Iruñeko bizilagun eta zinegotzi. 1877-1939) liburuaren lehen hazia. Aitor Pescadorrek idatzi du (Bilbo, 1970), Lorda Ioldiren agirien funtsa jakin-minez aztertu eta gero. EAJko kideak egindako lanaren berri eman du.

Zein da proiektuaren jatorria?

Hazia Bixente Serrano Izko zenak jarri zuen. Harreman estua zuen Francisco Lorda Ioldiren alaba Trinidad Lordarekin. Alabak aitaren agiri funtsa gordeta zuen etxean, eta Serrano Izkori eman zion, liburu bat idazteko.

Zer-nolako agiriak dira gordetako horiek?

Denetarik dago. Orain nik ditut, baina familiaren nahia da Sabino Arana fundazioak gordetzea funts osoa. Agirien artean badira garaiko egunkari anitz eta udal dokumentazioa, batez ere. Lordarenak ziren agiri horiek; tartean badira txostenak, udal arauak, gutunak eta bertze.

Noren gutunak, adibidez?

Politikaren esparruan Lordak jasotako gutun pribatuak dira; bertzeak bertze, Manuel Irujorenak, Manuel Aranzadirenak eta Valentin Gaiarrerenak. Julian Gaiarre abeslariaren iloba zen Valentin, eta Madrilen egon zen diputatu.

Serrano Izkoren bidez jaso zenuen, beraz, agiri horien guztien berri?

Bai. Funtsa jasota,konturatu zen guztia begiratzeko eta aztertzeko lan handia egin behar zela. Hogei kutxa inguru ditu funtsak, eta kutxa bakoitzak ehun agiri inguru; ez daude sailkatuta, eta, ondorioz, lana nekeza da. Eusko Kultur fundazioan elkarrekin aritzen ginenez, laguntza eskatu eta nire esku utzi zuen proiektua.

Ez zenuen zalantzarik egin?

Ez. Iruñeko Udalari buruzko bertze lanen bat ere badut egina, baina Lordaren garaiaz ez nuen deus ezagutzen, eta banuen jakinmina. Funtsa aztertzen hasi nintzen, eta garai zoragarria izan zela ohartu nintzen. Ordukoak dira Bigarren Zabalgunea eraikitzen hasteko lanak, adibidez, eta horretan buru-belarri aritu zen Lorda. Pamplonesa udal banda izatea bultzatu zuten zinegotzien artean ere, Lorda izan zen lan gehien egin zuena. Harresien eraistea ere ordukoa da. Garai bizia izan zen hirian eta udaletxean, eta Lorda erdigunean egon zen.

Zinegotziaren funtsa ezagutu eta gero, zer nabarmenduko zenuke Lordari buruz?

Izenbururako aukeratu ditudan hitzak baliatuko nituzke Lorda nor izan zen azaltzeko: Iruñeko bizilagun bat. Hiriko arazoak ezagutzen zituela erran nahi dut horren bidez; garai hartan, zinegotzi gehienak prestigio handiko profesional liberalak izaten ziren, medikuak eta abokatuak, bertzeak bertze, bai eta lur jabe handiak ere, diru asko zutenak. Lorda, berriz, institutu bateko idazkaria zen, eta hobeki ezagutzen zituen karrikako arazoak, herritarren eguneroko kontuak.

Auzi sozialekin kezka bazuen?

Bai, zalantzarik gabe. Haren lehen borroka nagusia ogiaren prezioaren ingurukoa izan zen; ez igotzea lortu zuen. Bigarren Zabalguneko etxe merkeak ere bultzatu zituen. Garai hartan, Iruñea Alde Zaharra zen, eta han 30.000 lagun bizi ziren, nahiko gaizki. Lordak jendea handik atera nahi izan zuen, Bigarren Zabalgunea egiteko proiektuaren bidez. Arazoak izan zituen, halere.

Zer arazo?

Aurre egin behar izan zien, batetik, lursailen jabeei; horiek dirutza lortzea bertzerik ez zuten buruan. Bertzetik, garaiko eraikuntzaren arloko enpresa jabeen lehentasuna ez zen etxebizitzak egitea; antzokiak eta zinema aretoak egin nahi zituzten, edo dirudunentzako etxe handiak. Baina Lordak etxebizitzak bultzatu nahi zituen, Alde Zaharrean pilatuta bizi zirenentzat.

Auzi sozialen inguruko kezka horrek salbuespen bilakatzen zuen Lorda udalean?

Lordaren garaian, zinegotzi sozialistaren bat egon zen, baina nabarmenduko nuke, batez ere, garai hartako karlismoaren barruan bazela korronte bat ontzat jotzen zituena Lordak egin nahi zituen gauzetako anitz. EAJren babesa ez ezik, karlistena ere jaso zuen Lordak. Gero karlismoak eskuinera jo zuen, baina orduko egoera bertzelakoa zen. Bazen auzi sozialen gaineko kezka bat; kezka hori sendoa zen Lordarengan, hain zuzen. Bertze batzuentzat, berriz, istilurik ez gertatzea zen kezka nagusia.

Bi etapatan izan zen Lorda Iruñeko Udalean.

1918tik 1923ra, aurrenekoz; Primo de Riveraren estatu kolpea gertatu zen orduan. 1930 eta 1931 bitartean, Lorda berriz deitu zuten zinegotzi izateko. Diktadura indarrean zen oraindik, baina udal mistoak osatu zituzten: militarrek izendatutako zinegotziek eta aurretik zeudenek osatuak, alegia.

Nolakoa izan zen haren bigarren etapa hori?

Lorda udalean izan zen 1930etik 1931ra; gero, 1931n, EAJ udal hauteskundeetara aurkeztu zen. Garai hartan, Iruñeko eskuinak kanpaina gogorra egin zuen EAJren aurka, etsaitzat baitzeukan. Karlismoak eta [Espainiako] Estatuko eskuineko indarrek ez zuten EAJ udalean nahi. Ondorioz, EAJk ez zuen zinegotzirik lortu; 1923an, berriz, zortzi zituen. Eskuinak irabazi zuen 1931n, baina EAJk helegite bat aurkeztu zuen, eta hauteskundeak errepikatu zituzten. EAJ ez zen aurkeztu, ordea, eta abertzaleen boto gehienak errepublikazale moderatuek eta ezkerreko alderdiek jaso zituzten. Eskuinak hamalau zinegotzi zituen, eta errepublikazaleek eta ezkerrekoek, hamabost.

Udaletxetik at, zer egin zuen Lordak?

EAJren barruan krisia sortu zen Nafarroan, eta zenbait agintarik alderdia utzi zuten. Lordak, gainera, seme bat galdu zuen, eta horrek denak politikaren esparrua uztera bultzatu zuen. 1939an zendu zen.

Hark egin zuen bidea ezagutaraztea da liburuaren asmoa?

Bai, neurri handi batean ezezaguna delako. EAJk zortzi zinegotzi zituen, eta Lordari esker lortu zituzten boto anitz. Orduko EAJk bazter utzi zituen identitatearen ingurukoak, eta, Lordak, adibidez, auzi sozialei eman zien lehentasuna. Horrela, bat egin zuen herriarekin. Orduko Iruñea ezagutzeko aukera ere ematen du liburuak. Gaur betikotzat hartzen ditugun gauza asko lortzeko borrokatu ziren garai hartan.

Bixente Serrano Izko zenak idatzia da hitzaurrea.

Serrano Izko gogoratzeko balio dezala lanak. Pena da hark liburua argitaratuta ikusi ez izana; egin zuen lana nabarmendu nahi dut. Pertsona eta idazle ona izan zen Bixente.