Orbaindu gabeko zauriak

Orbaindu gabeko zauriak

Itoizko urtegiak kalte egindako udalerriei kalte ordainak ematea aztertuko dute Nafarroako Par- lamentuan. 1993an hasi zituzten lanak, eta 2008an burutu zuten betetzeko prozesua. Geroztik, urpean dira eraitsitako zazpi herriak; urtegiak baldintzatuta, berriz, zutik diren bertze zenbait.

Edurne Elizondo

Nahi dudan gauza bakarra da Itoitz hustea; jaits dezatela uraren maila, gutxienez, arriskurik ez izateko”: Agoizko bizilagun Orreaga Cosinenak dira hitzak. Uhartera lekualdatu zen familiarekin, urtegia betetzeko lanek eragindako lurrikarak hasi eta gero, baina Agoitzen da berriz ere 2012tik, “krisi ekonomikoak behartuta”. Cosinek, baina, ez du beldurra galdu: “Psikologoaren laguntza behar dut oraindik”.

50 urte ditu, eta 14 zituenean izan zuen Itoizko urtegiaren berri aurrenekoz. 1993an hasi zituzten lanak, eta 2008an burutu zuten betetzeko prozesua. Cosin jada ezin da lasai bizi, eta garbi du ez dagoela beldurra uxatzeko moduko ordainik. “Ez dut dirurik nahi; urtegia hustea nahi dut”, berretsi du. Garbi du, ordea, Nafarroako Parlamentuak eratuko duen lan batzordeak ez duela hori eginen, ez duela hori xede.

Geroa Bai taldeak aurkeztutako mozio bat onartu du parlamentuak, hain zuzen ere, PSNren eta Ahal Dugu-ren babesarekin, Itoizko urtegiak kalte egindako inguruko udalei ordaina ematea aztertzeko. “Politikarien arteko joko hutsa da, nire ustez. Garbi dut galdutakoa ezin izanen dudala inoiz berreskuratu, zauria ez zaidala sekula osatuko”, erran du Cosinek, saminez.

Harena ez da orbaindu gabeko zauri bakarra; Itoizko urtegia eraikitzeko prozesuan anitz dira sortu diren minak, eta auziak baditu lotu gabeko hari anitz oraindik ere. Duela hemezortzi urte baino zazpi herri pobreago da egun Nafarroa, adibidez, 2003ko gobernuak agindu zuelako Itoitz, Artozki, Orbaitz, Ezkai,

Muniain, Gorritz eta Artzi —bai eta Nagoreren erdia ere— eraistea. Ur azpian dira geroztik, berriz ere zutik jartzeko aukerarik gabe.

Urtegiko pareta zutik da; haren ondoan, Agoitzen, urtegiaren segurtasunari buruzko kezkak ez dira bakarrak: aldeko eta kontrako herritarrak aurrez aurre izan dira urte luzez. Agoitzen ez dute “dolurik” egin borrokak ekarri duen zatiketak eragindakoak gainditzeko; ez dute gaiaz hitz egin. Eta Agoizko alkate ohi Unai Lakok “garbi” du horren beharra dutela. “Kontatu egin behar da zer gertatu zen; galdetu egin behar diegu batzuei eta besteei: urtegiaren aurka egin zutenei, bai eta proiektua ona zela uste zutelako sutsuki babestu zutenei ere”.

“Iruzurra”

Lakok erdigunean jarri du egungo ikuspuntutik Itoizko urtegiaren inguruko gako nagusietako bat: bete zutenetik hamahiru urte joan diren honetan, proiektua ontzat eman zutenak ere “ohartu” direla “iruzur” egin zietela. “Jendea ohartu da babes horren truke agindutakoa borondatea erosteko estrategia hutsa izan zela”, erran du Lakok.

Nafarroako Parlamentuak orain onartutako lan batzordea ez da urtegiaren inguruko udalei ordaina ematea aztertzeko sortutako lehena. Aurreko legegintzaldian ere parlamentuko taldeak saiatu ziren auzi horri heltzen, baina egindako lanak ez zuen fruiturik eman. Parlamentutik at, Nafarroako Gobernuak Itoitz-Nafarroako Ubidea fundazioa sortu zuen 2002an. 2014an desagertu zen, baina 2011tik etenda zegoen erakunde horren jarduera, murrizketen ondorioz aurrekonturik gabe gelditu zelako. Hamazazpi milioi euro gastatu zituen, espero zutenaren %60.

Agindutakoa ez betetzea ez da Agoitzen izan duten arazo bakarra; ezta nagusia ere. Izan ere, ustez ordain gisa herrian eraikitako zenbait azpiegiturak ekarri dute udala “guztiz zorpetzea”. Horixe salatu du Lakok. Nafarroako Gobernuak 5.000 biztanleko Agoitz bat irudikatu zuen, urtegiaren itzalpean, baina herriak ez du 3.000 biztanleen muga gainditu. Agoizko kultur etxea eta eraikitako gainerako azpiegiturak handi gelditu zaizkio herriari, eta handia izan da, halaber, azpiegitura horiei eusteko udalak egin behar izan duen ahalegina.

Ordainik gabeko galerak

“Orain aztertu nahi dituzten ordainak fundazioak emandakoaren gisakoak badira, zigor izanen dira ordain bainoago”; horixe salatu du Julio Villanuevak, Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide ohiak. Ez hori bakarrik: ezbaian jarri du ordainen atzean dagoen diskurtsoa: “Urtegiak eta ubideak ustez sortutako aberastasuna dute abiapuntu; hau da, ustezko aberastasun horren truke eman beharrekoak dira ordainak. Urtegia eta ubidea porrot ekologiko, ekonomiko eta sozial handi bat dira, ordea”.

Urtegiko kableak mozteko ekintzak espetxera eraman zuen Villanueva. Haren taldekide Iñaki Garcia Kochek ia lau urte eman zituen kartzelan, hagitz baldintza gogorretan: FIES-3ko presotzat jo zuten. 2017ko urtarrilean hil zen, espetxean okerrera egindako eritasun baten ondorioz.

“Auzi honetan ezin ordain daitekeen gauza anitz galdu dira”, adierazi du Villanuevak. Garbi utzi du, halere, “ulertzen” duela Artzibarko, Longidako, Agoizko eta Orotz-Beteluko udalen jarrera: “Ulergarria da engainatu dituztela sentitzea, eta ordaina eskatu nahi izatea; ni, gainera, ez naiz hangoa”.

Lakabeko bizilagun da Mabel Cañada; Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide izan zen; Artzibarko Udaleko zinegotzia da orain. Hangoa da, beraz, bere ikuspuntua. Udaletxeko ordezkariak eskertu du Geroa Bairen ahalegina, eta prest agertu da “etsipena eta herra bazter utzita” proposamenak egiteko; hitz egiteko eta lan egiteko. Baina garbi erran du, “hitzak alde batera utzita, ekintzak” behar dituztela, “behingoz”.

Solidario ohi Cañadak ongi daki ez dela erraza egin beharreko bidea: “Kontua ez da urtegia egin zutela, baizik eta nola egin zuten”. Kontra zirenak “gogor zigortuz”, alegia. “Nafarroako Gobernuak barkamena eskatu beharko luke”, nabarmendu du.

Lakabekoak uste du Itoitz ingurukoak “aspaldi abandonatutako herriak” direla. Artzibarren, jauregia berritzeko laguntzaren zain daude oraindik ere.

 

Ekainean hasiko dituzte lehen faseko Estellerriko lanak

Itoizko urtegiak kalte egindako herriei kalte ordaina emateko aukera aztertzeko ekinaldiak ez ditu geldiarazi Nafarroako ubideko lanak: proiektuko lehen fasea handitzeko Egako adarreko lanak ekainean hasiko dituzte, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek jendaurrean ezagutarazi duenez. Maiatzaren 19an agerraldia egin zuen Iruñean, Nafarroako Jauregian, lanen berri emateko, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizarekin eta INTIA erakundeko zuzendariorde Joaquin Puigekin batera.

Itoizko ura herrialdeko hegoalderantz eramaten duen azpiegitura da ubidea; lehen faseko lanak 2010ean burutu zituzten, eta, handik bost urtera, 2015ean, lehen fase hori handitzeko obrak jarri zituzten martxan, Faltzesen. Arga eta Ega ibaien arroetako zenbait herriri eragiten die proiektuak. Argako adarrean hasi zituzten lanak, eta, ekainean, berriz, Egakoak hasiko dituzte, Estellerrian.

Zehazki, 26,2 kilometro luze izanen da adar hori, eta Lerin, Sesma, Carcar, Lodosa, Andosilla, San Adrian eta Azagra udalerriak zeharkatuko ditu. Nafarroako Gobernuko agintariek azaldu dute Ega ibaiaren arroan dauden ureztatze sektoreak hornituko dituela: denera, 5.428 hektarea.

“Estrategikoa”

Maiatzaren 19ko agerraldian, Txibite lehendakariak Nafarroako ubidearen aldeko “apustu sendoa” berretsi zuen, eta “estrategikotzat” jo zuen azpiegitura hori Nafarroako Gobernuarentzat.

PSN berriro lehendakaritzara iritsi zenetik —2019ko uda—, ubideak lehentasuna hartu du azpiegitura publikoen artean. Txibitek eman zuen ubidearen bigarren faseari ekiteko proiektuaren berri, iazko urrian, jendaurreko agerraldi batean. Aragoi, Ebro eta Queiles ibaien, Bardearen eta A-68 eta AP-68 autobideen azpitik igaroko da ubidea. Hasierako proiektua aldatu egin dute azken gobernuek, baina bazter uzteko aukera aztertu gabe, betiere.