Sakanako plataformak Altsasun eginen du protesta, bihar, 18:30ean. «Errespetua eta pentsio duinak» eskatuko ditu. Eskualdeko gazteak mobilizatu nahi dituzte, bereziki.
Edurne Elizondo
“Errespetua” nahi dute. Horixe nabarmendu dute Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideek, eta errespetua eskatzeko, manifestaziora deitu dituzte eskualdeko herritarrak: bihar eginen dute protesta, Altsasun, 18:30ean, Foruen plazan hasita.
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak antolatu du biharko protesta eguna; Sakanako plataformak erabaki du mobilizazioa Altsasun egitea eskualdeko herritarrak karrikara atera nahi dituelako, eta, aldi berean, Sakanan dauden arazoak erdigunean jarri.
2018. urtetik, Sakanako pentsiodunek urrats anitz egin dituzte. Urte hartan, manifestaziora deitu zuten Altsasun, aurreneko aldiz. Urte hasieran egin zuten azken manifestazioa, eta hirurehun pertsonak baino gehiagok egin zuten bat harekin herriko karriketan.
Egun, hiru elkarte ari dira elkarrekin lanean, eskualdean: Otsailaren 22ko plataforma —2018ko otsailaren 22ko lehen manifestazio hark bultzatutakoa—, Nafarroako Pentsiodunak Martxan, eta, hirugarrenik, Sasoia elkartea.
Astelehenean, ohi bezala, elkarretaratzea egin zuten Sakanako pentsiodunek, Altsasuko Zumalakarregi plazan. Asteazkenero, berriz, Zaindu plataformako kideekin bat egiten dute herriko osasun etxearen atarian, “kalitatezko osasun sistema publikoa” aldarrikatzeko. Horixe nabarmendu du pentsiodunen mugimenduko Iosu Rubio Mendiluzek. “Zenbait auzi jorratzen ari gara, denek eragiten digutelako. Kezkatuta gaude; ez gaude lasai”, erran du.
Langabezia
“Osasun arreta kaskarra da”, azaldu du Rubio Mendiluzek. Sakanan, bertze zenbait eskualdetako osasun etxeetan bezala, medikuak falta dira, eta horrek eragin zuzena du zerbitzuaren kalitatean. “Pentsio duinik gabe”, halaber, herritar anitzen eguneroko baldintzak ere “kaskarrak” direla salatu du pentsiodunen mugimenduko kideak. “Zenbait lantegi itxi dituzte eskualdean, azken urteotan; langabeziak, gainera, emakumeak jo ditu bereziki. Arrakala handia da”, salatu du.
Egoera horren aurrean, “mobilizatzeko beharra” nabarmendu du pentsiodunen mugimenduko kideak. Pentsio duinak —1.080 eurokoak, gutxienez— eskatu dituzte Sakanako pentsiodunek, bai eta soldata duinak ere —1.200 eurokoak, gutxienez—. Pentsiodunek bereziki so egin nahi izan diete soldata bat jasotzeko garaian diren gazteei, hain zuzen ere. “Finean, haien etorkizuna dago kolokan; haien pentsioen alde ere ari gara gu lanean”.
Gazteek pentsiodunen mugimenduarekin bat egitea, baina, “ez da erraza”. Kezka hori agerian utzi du Rubio Mendiluzek. “Altsasun manifestazioak egin izan ditugunean etorri dira, baina gutxi dira asteroko mobilizazioetan edo mugimenduaren ohiko martxan parte hartzen dutenak”.
Rubio Mendiluzek garbi du, ordea, ezinbertzekoa dutela elkarrekin aritzea. Gogoratu du familia anitzetan pentsiodunena dela etxeko diru sarrera bakarra, eta gizarte osoaren lana dela egoera horri aurre egitea.
Biharko protestan ahalik eta jende gehien batzea hartu dute helburutzat, eta horregatik erabaki dute eskualde mailako manifestazioa antolatzea.
Iruñean eginen dute herrialdeko protesta nagusia
Nafarroako pentsiodunek Iruñean eginen dute biharko protesta nagusia: 18:00etan abiatuko da, hiriburuko Baluarte plazatik.
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak “mobilizazio handi bat” egiteko beharra jarri du erdigunean, eta Nafarroan lanean ari direnek bat egin dute, salatzeko sistemak atea ireki diela “zentzugabeko erreformei eta murrizketei”.
Pentsiodunek aurrez aurre jarri dituzte pentsioak murrizteko aukera eta Nafarroan zenbait proiektutan “xahutzen” ari diren dirua: “Zaintza lanak aitortzarik jaso gabe segitzen du; lan horretan emakumeak ari dira batez ere, eta bitan zigortzen dituzte, ondorioz, pentsio bat jasotzeko orduan; milaka pertsona kondenatuta daude ezkutuko lana egitera. Bitartean, AHTaren eta Nafarroako ubidearen gisako azpiegituretan xahutzen dute diru publikoa”.
Pentsiodunek nabarmendu dute Nafarroako AHTaren diruarekin erretiroa hartu duten 15.500 pertsonaren pentsioa —1.080 eurokoa— ordaindu daitekeela, hamabost urtez.