Ados sortu dute, eskuzko pilotari emakumezkoen lehen klub profesionala. Bide bat egin nahi dute kantxan exijitzen dieten maila emateko baliabideak izateko. Gaur hasiko dute Plazaz Plaza binakako txapelketa, Leitzan.
Edurne Elizondo
Lagunarteko partida bat da; sortu berri duten Ados eskuzko pilotari emakumezko profesionalen klubeko kideek jendaurrean jokatuko duten lehenengoa. Eta, halere, txapelketa ofizial batean izanen luketen ilusio bera sumatzen zaie lau pilotariei; urduritasun bera igartzen zaie, Labriteko aldagelan takoak eskuetan jartzen dituzten bitartean; kantxara ateratzeko eta duten onena emateko gogoz dira.
Maite Ruiz de Larramendi (Eulate, 1973) eta Iera Agirre (Leitza, 1987) pilotariek bultzatu dute Ados kluba. Leitzan egin zuten aurkezpena, maiatzaren 24an, eta hil horretako 28an jokatu zuten aurreneko partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan: emakume pilotarien egunean parte hartu zuten Ruiz de Larramendik, Eneritz Arrietak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1986), Naroa Elizaldek(Zubieta, 1997) eta Andrea Aldaregiak (Latasa, 1993), adin guztietako bertze laurogei emakume baino gehiagorekin batera.
“Hemen bat egin duten neska gazte horiei guztiei so egitea nahikoa da harrobia badela garbi ikusteko, emakumeak ere pilotan aritzen garela ohartzeko”, erran du Ruiz de Larramendik, Labriteko aldagelan, kantxara atera baino lehen. Ados klubeko pilotariek gazte horiek hartu dituzte kontuan talde profesional bat martxan jartzeko urratsa egitea erabaki dutenean, hain zuzen: “Emakume pilotariok ahalegin handia egiten dugu jokatzeko; gauza anitz uzten dugu bazter. Ahalegin horrek merezi du ordain bat. Kantxan mailarik onena exijitzen digute zaleek, eta hori egiteko baliabideak eman nahi dizkiegu pilotan aritu nahi duten emakume guztiei”, erantsi du atzelariak.
Kateko maila guztiak
Pilotaren katean maila guztiak ezagutzeko aukera eskaini nahi die Ados klubak eskuzko pilotariei; nahi duenak izan dezala profesional bilakatzeko aukera. “Izan ditzala entrenatzaileak, prestatzaileak, kontratuak eta kirol aseguru bat”, erran du Ruiz de Larramendik.
Eta ez dezala izan, batez ere, maite duen kirol hori uzteko beharra, “emakume izateagatik”. Ruiz de Larramendik badaki zer den hori; eskuz aritzen diren bertze pilotari anitzek ere badakite. Pilotan jolas modura hasi, zaletu, eta utzi behar izan dute, orain arteko egituran tokirik ez dutelako izan; gizonezkoek bai, izan dute. Profesional bilakatu ahal izan dira; emakumeek, berriz, bi bide izan dituzte aukeran: pilota utzi, edo palan aritu.
Maite Ruiz de Larramendik palaren alde egin behar izan zuen nerabe zenean, pilotara lotuta segitu ahal izateko. Eneritz Arrietak eta Andrea Aldaregiak, berriz, uztea erabaki zuten, txikitatik aritu eta gero. Arrieta 2017an itzuli zen kantxara, baina frontoitik alde egitea erabaki zuen, berriz ere, iazko martxoan. “Utzi nuen, Maiteren [Ruiz de Larramendi] telefono deia jaso nuen arte. Ados klubaren berri eman, eta bat egin nuen, berehala”, azaldu du Arrietak. “Pilotaren harra barruan baitut oraindik ere”.
Aldaregiak ere pilota utzi zueneko “arantza kendu” nahi izan du gainetik pilotalekura itzultzeko urratsa eginez. Iruñeko Aldatze taldean aritu zen lehenbizi, eta orain Ados klubeko kidea da. “Ilusioz nago; itzuli nintzenetik ez naiz gelditu, eta gustura ari naiz kantxan”.
Gazteagoa da Naroa Elizalde, baina antzeko bidea egin du orain arte. “Txikitan beti eramaten nuen pilota poltsan, edozein momentutan edozeinekin aritzeko. Mutikoak Doneztebera joaten ziren entrenatzera, baina neskarik ez zen, eta ez nuen aukerarik”.
Emakume Master Cup lehiaketak eman zion 2017an bertze urrats bat egiteko aukera. “Ahizpa ere animatu zen, eta eman genuen izena; lauzpabost urte ziren pilota utzia nuela”. Ados klubean du bere tokia orain, eta “kontent” da, “dena emateko prest”.
Nahikoa ez
Eskuz aritzen diren pilotariak “ikusgarri” bilakatzeko balio izan du Emakume Master Cup txapelketak, Ados klubeko kideek nabarmendu dutenez. Baina ez dute nahikotzat jo. “Gehienez ere, hiru partida egin ditzakezu; bide motzeko lehiaketak baino ez ditugu izan orain arte”, azaldu du Ruiz de Larramendik.
Ikusgarritasun horrek ekarri du, halere, jada bide bat egina duten pilotariak gazteagoentzat erreferente bihurtzea. Adin batekoek ez zuten erreferenterik izan, eta zailtasunak eta oztopoak gainditu behar izan dituzte, atzetik etorri direnentzat frontoia toki atseginago bat bilakatzeko. “Ez ditugu gazteentzat nahi guk izan genituen trabak”, erran dute pilotariek.
Frontoian, gainera, ez dute “bitxikeria huts” izan nahi. “Gelditzeko etorri gara”, nabarmendu du Ruiz de Larramendik. Garbi du berak ezin izanen duela pilota lanbide bilakatu; Arrietak, Elizaldek eta Aldaregiak ere lantokitik egin dute Labriterako bidea: pilotak ez die bizitzeko soldata ordaintzen. Helburua, halere, horixe dute laurek: “Gu bide bat egiten hasi gara; luzea izanen da, baina asmo garbia da emakume pilotariei aukera ematea kirol hau lanbide izateko”.
Martxan da Ados, eta lehendabiziko asteotan harrera hagitz ona izan dutela nabarmendu dute klubeko pilotariek. Leitzako Udalak emandako babesa aipatu dute, batetik; han egin zuten aurkezpena, eta han hasiko da gaur Plazaz Plaza binakako txapelketa. Klubak antolatutako lehendabizikoa da, eta hautatu duten izenak ederki azaltzen du zer asmo hartu duten ardatz: “Plazak hartu nahi ditugu; herriz herri ikusgarri bilakatu”, erran du Ruiz de Larramendik. Finaleko partida ere Leitzan eginen dute, abuztuaren 14an.
Bertzetik, Ados klubeko kideek ezagutarazi dute Leitzakoaz gain bertze udal anitzen deia jaso dutela jada, jaialdiak antolatzeko prest. “Mugimendu handikoak izaten ari dira egunok; aurrekontuak bidaltzen ari gara harat eta honat, herriz herri aritzeko gogoz baikara”, erran dute pilotariek.
Arrietak eta Elizaldek jokatuko dute Plazaz Plazako Leitzako lehen partida, gaur, Agirre eta Aldairen kontra. Labriteko duela astebeteko partidan 18-6 galdu zuten Aldaregia eta Ruiz de Larramendiren aurka. Izanen dute errebantxarako aukera. Pilotariena da plaza.