Irtzia: Bakoitzaren penitentzia

Irtzia: Bakoitzaren penitentzia

Olatz Azpirotz Larzabal

Munduan dauden penitentzia motak zenbakaitz bihurtu ditugu gizakiok; zigor batzuk gauzatu eta besteak bazter uzten diren bitartean, penitentzia kopurua handitzen joan da, eta infinitu bihurtu da. Kopuru handi horren ondorioz, agian, zigorren gaineko ezagutza murriztu da. Halere, horrek ez du kentzen begi bistakoa izatea, ez du kentzen zigorrez hornituriko eta inguraturiko izate batean bizitzea. Haurtzarotik heriotzara.

Dena dela, heriotza ez zaigu hain urrun geratzen geure buruari ezartzen dizkiogun penitentzia propioekin; geure buruarekin zapaltzaile eta zapaldu dikotomiarekin jolasten aritzea atsegin dugu, morboa ematen digu.

Egunen joan-etorriak eta gure portaerak zigorrak sendoki irautea ahalbidetzen dute. Barrukoak dira okerrenak. Kontzientziak ezarritako zigorrak dira krudelenak. Barneko zigor horien ondorioz ateratzen zaizkigu barne zauriak eta ahultzen zaigu izatea, baita murriztu ere; gauean negar egiten dugu, eta egunean zehar usteldu. Izena izaten jarraitzen dugu, baina ez gara.

Zigorrekin inguru fikzionatuan mantentzen gara, baina hain da erosoa bertan mantentzea eta geure buruarekiko barkazio prozesua ez hastea, eman beharreko barkamenak metatzen zaizkigula. Konformismo hutsa, alegia.

Ordea, nagiaren denbora-tarte horietan, gure buruaren maltzurkeria eta monotonia indartzen eta sendotzen dira: urrundu eta ezkutatu egiten gara galtzeak dakarren beldurragatik, eta urruntasun horretan imajinazioa erreal bihurtzen dugu. Fikzioa oinarri duten istorioak erreal bihurtzen ditugu.

Istorio horietan, oro har, ez dugu etorkizunik txertatzen; bai txertatzen dugu, ordea, iragana; ez dugu besarkadarik sartzen ere, baina, bai, ordea, agurren bat; ez dago indarrik ere, baina bada etsipena; eta azkenik: biderik ere ez dago, baina bada, ordea, fantasiaz atonduriko zenbait bidezidor.

Aipatutako osagai horiek guztiak dituzte gure ekintzengatik kontzientziari jazarritako zigor guztiek; iragana oinarri, agurrez beteak, etsipenez betetako bidezidorrekin, bukaera gabeko zigorrak.

Horren guztiaren ondorioz, gure artean elkarri aurpegira begira jartzea zail bihurtu dugu, eta hori zaila izanda, geure buruari eginikoa ikustea are zailagoa izaten da.

Begiak barrura begira jartzea konplexua eta mintsua da. Barneko teoria guztia ulertzea desesperatzeko modukoa da. Askoz gehiago: teoriatik praktikara, eraldatzeko prozesura salto egitea beldurgarria da.

Ordea, salto horrek, finean, ez du ausardiarekin zerikusirik; bai, ordea, infernua hondartza bihurtzearekin, egun txar baten ostean etxera olatuz beteriko itsaso urdina ekartzearekin, korrika, hegan eta igeri egitearekin, arnasa hartzearekin, geure buruarekin errukia izan eta barkatzearekin. Osasuntsuki bizitzearekin.

Ilustrazioaren egilea: Mikel Barberia.