Jendeak menstruazioarekin duen harremana osasuntsuagoa izatea nahi luke Rosinok. Horretan laguntzeko, ‘Lehenengo hilekoetarako kit praktikoa’ tailerra egiten ari da Uharteko Ugazten; atzo hasi zuen.
Uxue Rey Gorraiz
“Jakina da hilabetean bospasei egunez odolusten garela, baina ez dakigu horren atzean zer den”. Eva Rosino (Iruñea, 1985) sexologo eta gizarte langilearen iritziz, jendeak “deus gutxi” daki hilerokoaz, eta horrek problema mordoa dakar errenkadan. Hain zuzen, nork bere zikloa hobeki ezagutzea asmo, Lehenengo hilekoetarako kit praktikoa tailerra egiten ari da, atzotik, Ugazte Uharteko gazte lokalean, nerabeentzat.
Hilekoa da tailerraren gai nagusia; ordea, lehenengo menstruazioetan jarri duzue fokua. Zergatik?
Zikloaren esanahia ulertzea da tailerraren helburu nagusietako bat, eta lehenbiziko aldia izugarri inportantea da, une horretantxe gaiaren inguruan ditugun sinesmenek eta ideiek zuzen-zuzenean baldintzatuko dutelako gerora menstruazioa bizitzeko manera. Gainera, prozesuan bidelagunak izatea oso garrantzitsua da, are gehiago aurreneko aldietan, eta, askotan, jendeak ez du asmatzen nola lagundu.
Zer hanka sartze errepikatzen da gehien?
Haurrari edo gaztetxoari ez zaio berdin begiratzen bere aurreneko menstruazioa izan ondotik; uste da haurra bat-batean heldu bilakatu dela. Kontua ez da hori. Kontua da ordura arte lineala zen pertsona hori zikliko bihurtu dela. Gainera, gazteei beren lehen hilerokoen bueltan esaten zaizkien mezu asko oso desegokiak dira: “Kasu eman, dagoeneko ez zara ume bat, tentuz ibili egiten duzunarekin”, edo “hilekoa kaka zaharra da, baina dagoena dago; ohituko zara”. Horrelakoak botatzea oso larria da. Begiradek, gaiari buruz esaten ditugunek eta isiltzen ditugunek, horiek guztiek sekulako eragina dute hilekoarekiko pertzepzioan.
Horrek zer ondorio ekar ditzake, luzera begira?
Pertsona askok oso harreman zailak dituzte beren hilerokoen zikloekin; are gehiago, esanen nuke menstruazioa duten pertsona gehienek bizi dutela horrelako zerbait, neurri handiagoan edo txikiagoan. Oro har, ez dugu hilekoa maite; borroka moduko batean sentitzen gara, sortzen dizkigun sintomek ez digutelako onik egiten egunerokoari aurre egiteko. Azken batean, ez dugu lortzen guztiz ulertzea, ezta onartzea ere.
Zerk zailtzen du hainbeste prozesua ulertzea eta onartzea?
Aldaketak oso arrotzak gerta daitezke, biziki nahasgarriak, eta, zenbaitetan, abaildura ere eragin dezakete. Ezjakintasun handia dago, eta, hain zuzen, gure zikloak nola funtzionatzen duen jakinda errazago ikasiko dugu geure burua zaintzen. Dudarik ez da: gizartean oso agerikoa da hilekoaren gaineko kulturaren falta; deus gutxi dakigu. Gezurra dirudi, baina XXI. mendean oraindik ere ez dakigu zikloak nola funtzionatzen duen. Jakina da hilabetean bospasei egunez odolustu eginen garela, baina ez dakigu horren atzean zer den. Jendeak ez daki zikloak lau fase dituela ere.
Zer adinetan hasi beharko lukete haurrek hilekoari buruzko informazioa jasotzen?
Heziketa sexualaren bidez eman beharko genizkieke azalpenak, eta sexu heziketa, oro har, hankamotza da oraindik ere, nahiz eta Skolaeren gisako programekin nabarmen ari den aurrera egiten. Hilekoari dagokionez, azalpenek goiztiarrak izan beharko lukete. Gazteek gaiari buruzko jakin-mina dutela sumatu bezain pronto eman beharko genieke informazioa, galderak egiten hasten direnean. Izan ere, inportantea da gazteek hilekoari buruzko ezagutza edukitzea nerabezaroan sartzen direnerako. Naturaltasunez esplikatu behar dizkiegu gauzak, etxean bertan ere bai.
Hilerokorako produktuei buruz ere mintzo zarete tailerrean. Zer da jakin beharrekoa?
Erabil ditzaketen aukera guztiak erakusten ahalegintzen gara. Batik bat, garrantzitsua da bistan uztea produktuen artean ez daudela soilik tanpoiak eta erabili eta botatzeko konpresak. Gainera, ilargi diagramari buruzko informazioa ere ematen diegu, bakoitzak ikas dezan bere zikloan ikusten dituenak interpretatzen: odolaren kolorea, kantitatea…; horiei guztiei erreparatzea lagungarri da. Xehetasun horiez ohartzeko, menstruaziorako kopa aski egokia da, eta, gainera, ekologikoagoa eta merkeagoa ere bada. Odoluste librea ere ezin da ahaztu.
Zer da odoluste librea, zehazki?
Odoluste librearen alde egiten duenak ez du eramaten ez konpresarik, ez koparik, ezta hilerokoaren odola biltzeko balio duen bestelako produkturik ere. Adi egon behar dugu, uteroa noiz uzkurtzen den sumatzeko eta odola zehazki noiz jaitsiko zaigun jakiteko. Hala, gai izan gaitezke odolari eusteko, denbora tarte batez, gero komunean edo guk nahiago dugun tokian husteko. Ezinbestekoa da erne egotea, eta, bestalde, gure giharren gaineko kontzientzia hartzea, eta perineoko giharrak indartsu eta malgu izatea; baginarako arrautzak izeneko gailuek asko laguntzen dute horiek lantzen.
Hilekorako produktuek gastu ekonomiko handia dakarte pertsona askorentzat. Doakoak izan beharko lukete?
Pausoak eman beharko lirateke horretarako, baina problema harago doa: hilekoaren gaineko kultura ez dago gizartean txertaturik. Menstruazioari buruz gehiago bageneki, jakinen bagenu zein diren hilerokoak pertsonengan sortzen dituen premiak eta zer eratan erantzun behar diegun horiei, seguru nago gauza mordoa ondorioztatuko genukeela, eta produktuen prezioarena horien artean izanen litzateke. Gehien-gehienek prezio puztuegiak dituzte; ingurumenerako kutsagarrienak direnek, bereziki.
Publizitateak hilekoari buruz erakusten duen irudia asko aldentzen da errealitatetik?
Guztiz. Iragarkietan, ematen du hilekoa izatean ez dela aparteko deus gertatzen, hau da, ez dela inolako aldaketarik, eta normal-normal egin ditzakezula eguneroko gauza guztiak. Inork ez du esaten ezin zaiola ohiko bizimoduari eutsi, baina bistakoa da aldeak badirela; adibidez, beste pertsona batzuekin esperientzia erotikoak izateko gogoa ez da berbera izaten, energia apalagoa izatea ohikoa da, baita ideiak lausoago edukitzea ere.
Amarenea proiektuko sortzaile eta zuzendari zara. Zertan oinarritzen da zuen lana?
Harreman osasuntsuak lantzen laguntzen dugu, sexualitatea modu positiboan bizitzea helburu. Amarenean, sinetsiak gara sexualitatea era integralean eta integratzailean ulertu behar dela. Integrala, bizitzako etapa guztietan bizi dugulako; integratzailea, pertsona orok duelako tokia. Adinari dagokionez, fase guztietan egiten dugu lan: haurtzaroan, nerabezaroan, garai ugalkorrean eta klimaterioaren ondokoan.