Navarra Sumak eta PSNk babestu dute Erriberako Graas elkarteak bultzatutako proiektua; Ezkerrak kontra bozkatu du, eta ekologistek protesta egin dute salatzeko.
Edurne Elizondo
Ateak zabalik jarraitzen du: Tuterako Udalak behin betiko onartu du Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategia, eta jaso egin du Graas elkarteak sustatutako golf zelai bat egiteko proiektua. Navarra Sumak —koalizio horrek agintea du udaletxean— babestu du egitasmoa, PSNren aldeko botoekin batera. Ezkerra izan da proiektuaren kontrako botoa eman duen talde bakarra.
Astelehen arratsaldean egin zuen Tuterako Udalak estrategia onartzeko osoko bilkura; kanpoan, golf zelaiaren aurkako elkarretaratzea egin zuten zenbait herritarrek, Ekologistak Martxan taldeak deituta. Ekologistek “egitasmo elitistatzat” jo dute, eta salatu dute ingurumenean “kalte handia” eraginen lukeela. Atzera bota dezatela eskatu dute.
Erriberan golf zelai bat egiteko asmoa aspaldikoa da. 2000ko hamarkadan, adibidez, Tuteran Eco-City proiektua garatu nahi izan zuten, eta helburua zen 3.500 biztanleko auzo berri bat eraikitzea, golf zelai batekin. Fontellasen, berriz, Monrepos eraikuntza enpresak herri horretako Cerro Fontellas kirol elkartearekin egin zuen bat, etxebizitzak eta golf zelai bat eraikitzeko.
Bi proiektuon bideragarritasunik ezak bazter utzi du Erriberan golf zelai bat egiteko asmoa, orain arte. 2019ko martxoan, baina, Graas elkartea aurkeztu zuten Tuteran: talde hori sortu zuten Erriberako hiriburuan golf zelai publiko bat egin dezatela eskatzeko, hain zuzen ere.
Azken unean
Hiruko udal gobernuak —Ezkerra, Tudela Puede eta PSN— garatu zuen aurreko legegintzaldian Tuterako Udalak asteon onartutako Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategia. Prozesuan parte hartu zuten ezein taldek edo eragilek ez zuen aipatu hirian golf zelai publiko bat egiteko aukera. 2019an, Navarra Sumak lortu zuen Tuterako alkatetza, eta koalizio horrek jaso zituen, estrategia behin-behinean onartu eta gero, testua moldatzeko egindako iradokizunak. Horietako bat zen Graas elkartearena, Tuteran golf zelai bat egiteko asmoz.
Estrategia behin betiko onartu du orain udalak, eta horrek erran nahi du proiektua gauzatzeko aukerak mahai gainean segitzen duela. Golf zelaiak 50 hektarea hartuko lituzke. Ekologistak Martxan taldeko arduradunek nabarmendu dute golf zelai batek zortzi eta hamalau milioi euro arteko gastua eragiten duela. “Tuterakoaren kasuan, diru hori publikoa litzateke”, salatu dute.
Tuterako Udaleko agintariek erran dute “etorkizuneko” proiektu bat dela golf zelaia. Horrek ez ditu ekologisten kezkak uxatu, halere. “Osoko bilkuran izan dute proiektua baztertzeko aukera, baina ez dute baliatu”, salatu dute. Egitasmoa estrategian jaso eta gero, hain zuzen, garatzen segitu ahal izanen dutela nabarmendu dute.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku