Iritzia: Gutxiagotuak

Iritzia: Gutxiagotuak

Lohizune Amatria

Iruñera jaitsiko da datorren ikasturtean?”. “Bai, handitu zaigu”. Etxe gehienetan emanen zen eta emanen da antzeko elkarrizketarik Pirinioetan. Une garrantzitsua da betiko eskola utzi eta ikastera hiriburura joan beharrekoa. Heldutzearen seinale, askotan, ikasleentzat eta gurasoentzat. Eskualdearentzat, beti, bigarren mailako denaren beste erakusle bat. Pirinioak dira Batxilergoa eskualdean eskaintzen ez duen eremu bakarra Nafarroan. Nahitaez kanpora joan behar dute gazteek, baldin eta haien heziketa profesionalarekin jarraitu nahi badute; eta, noski, Iruñean dute eskaintzarik zabalena.

Ikasketekin zerikusi gutxi duten buruhausteak orduan sortzen dira familientzat. Kasurik hoberenean, 16 urteko gazteentzat Iruñera jaisteak esan nahi du ikastetxea ehun kilometroko distantzian edukitzea. Joan eta etorrian ibiltzea oso gutxitan da aukera bideragarria; beraz, egoera ekonomikoak gorabehera, gehienetan senideei lekua eskatzea izaten da irtenbidea. Gogoan dut gurera lehengusinak etorri zirenekoa, aurretik ere beste izeba baten etxera joan ziren lehengusu-lehengusina helduagoak, eta atzerago ere izeba horrek berak hartu zituen nire ama eta beste anaia-arreba zenbait, Iruñean ikasteko aukera izan zezaten.

Eta burura datozkidan adibide guztietan ezaugarri berdina ematen da: ikaslearen bizitoki berria eta ikastetxea ez zeuden toki berean. Eta hori bera gertatzen zaie egungo gazteei. Hezkuntza Departamentuak Pirinioetarako erreferentzia-zentro izendatu ditu Iruñeko Txantrea auzoko Eunate (euskarazko eredurako) eta Padre Moret-Irubide (gaztelaniazko ereduetarako), eta horietan ikastera kondenatu ditu. Batxilergora sartzeko arauen artean dago “gurasoen edo legezko tutoreen bizilekuaren edo lantokiaren gertutasuna” kontuan hartuko dela esleipena egiterakoan, eta horrek zaurgarri uzten ditu piriniotarrak: berdin du bizitokia Sarrigurenen, Lezkairun, Iturraman, Berriozarren edo Atarrabian duten, Txantrean ikasi beharko dute, besteren bat eskatu arren, Iruñerriko ikasle guztiak izanen dituztelako aurretik. Irtenbidea: bizileku berrian erroldatzea, Pirinioetako biztanleria murriztuz.

Baina ez du zertan hala izan behar; agintariek badakite. 2013an gertatu zen. Nafarroako Parlamentuaren ebazpen bat eta Nafarroako Arartekoaren gomendioa jarraituz, Hezkuntzak salbuespen bat onartu zuen Garralda, Erronkari eta Otsagabiko ikasleentzat: aukeratutako institutuaren helbidea jar zezaketen Batxilergoko matrikulan. Aurten, baina, Pirinioetarako bost minutuko hausnarketaldia eskatu zaien arren eta despopulatzearen inguruko politikak martxan jarriko dituztela esan duten arren, araua lehengoratzea erabaki du PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu-ren gobernuak. Aldaketak kalte gehiago eragin du: eremu ez-euskalduneko ikastoletako ikasleak ere hartzen zituen kontuan salbuespenak. Gutxitutako hizkuntza eta eskualde bat gutxiagotzen ari dira. Beste behin.

Argazkia. Iñigo Uriz / Foku