Isiltasuna apurtzeko

Isiltasuna apurtzeko

Guardia Zibilak Manuel Andueza Elizalde gazte beratarra hil zuen duela 51 urte, Donostian. Nafarroako Gobernuak polizia abusuen biktimatzat du. Sorterrian plaka bat jarri dute haren alde, ez ahazteko.

Edurne Elizondo

Tabu bat izan da beti gure etxean”: Esteban Anduezarenak dira hitzak. Berako Luberri baserrikoa da; etxe berekoa zen haren osaba Manuel Andueza Elizalde ere (Bera, 1931-Donostia, 1970): Guardia Zibilak hil zuen tiroz, duela 51 urte, Donostian. “Etxean ez ziguten deus kontatzen, beldurragatik edo”, kontatu du Andueza Elizalderen ilobak.

Ameriketako Estatu Batuetan hazi zen Guardia Zibilak hildako gaztea; familia Berara itzuli eta handik gutxira gertatu zen urte luzez isilpean gordetakoa: Donostian, auto istripu txiki bat izan omen zuen Andueza Elizaldek, bertze gidari batekin. Guardia Zibila agertu, eta eztabaida hasi zuten beratarrarekin. Liskarra guardia zibiletako batek egindako tiroekin amaitu zen: hiru aldiz jo zuen gaztea, eta hil egin zuen.

1970eko ekainaren 15ean gertatu zen —uztailaren 17an, zenbait iturriren arabera—. “Hagitz informazio gutxi dugu; osabaren argazkirik ere ez nuen ikusia duela gutxira arte”, onartu du Esteban Anduezak. Nabarmendu du inor ez zutela epaitu: “Bidegabekeria handia izan zen”.

Eskertu ditu azken urteotan egindako urratsak. Nafarroako Gobernuak biktimatzat du Manuel Andueza Elizalde, polizia abusuen biktimen legea oinarri hartuta, hain zuzen ere. Lege hori 2019an onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, baina Vox eta PP alderdiek helegite bana aurkeztu zuten. Helegiteak bazter utzi, eta legea ontzat eman du orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Omenaldia egiteko asmoa

Manuel Andueza Elizalde oroitzeko, plaka bat jarri dute Beran. Herriko udalak eta Nafarroako Gobernuak jarri zuten, iazko abenduaren 1ean. “Balio dezala herritarrek gertatu zenaren berri izan dezaten”, erran du Berako alkate Aitor Elexpuruk. Andueza Elizalderen aldeko omenaldia egiteko asmoa ere badute: “Iaz egin nahi genuen, baina koronabirusaren pandemiak hutsean utzi zituen gure asmoak”.

Asmo hori ez dute bazter utzi Beran, halere: aurten egitea hartu du xede herriko udalak. Andueza Elizalderekin batera, gainera, Mikel Zabalza zena ere gogoratu nahi dute beratarrek. Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuen Mikel Zabalza, Donostian, ETAko kide izatea egotzita; handik hogei egunera, Bidasoa ibaian agertu zen Orbaitzetako gaztearen gorpu hila. Torturapean hil zuten.

Zabalzaren omenezko murala bada Beran, Andueza Elizalderen aldeko plakaren ondoan. Eztegara pasealekuan dira bi oroigarriak. “Memoriaren parke bat sortu nahi izan dugu”, azaldu du Elexpuruk. Zehaztu du egitasmoa ez dela bakarrik udalarena, eta zenbait herritarrek ere bultzatu dutela. Zabalzaren irudiaren ondoan, Jose Angel Alzuguren Kotto beratarrarena jarri zuten parkean, hasieran. ETA laguntzeagatik zigortu zuten, eta bere buruaz bertze egin zuen 2005ean, espetxean. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak Alzugurenen irudia kenarazi dio Berako Udalari.