‘LHL Erronka Inklusiboa’ izeneko proiektua jarri dute martxan Leitzan. Iraitz Uriartek eta Iker Gomezek 24 orduko ibilaldia eginen dute. Helburua dirua lortzea da, Leitzan inklusioaren aldeko urratsak egiteko, auzolanaren bidez.
Edurne Elizondo
Herritar talde batek LHL Erronka Inklusiboa jarri du martxan Leitzan, auzolanaren bidez denentzako herri bat lortzeko. Arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenentzat herrian egon daitezkeen mugak identifikatu eta hutsean utzi nahi dituzte. Hori egiteko dirua lortzeko bide bilakatu dute LHL Erronka Inklusiboa: Linzatik (Anso, Espainia) Hiru Erregeen Mahaira, eta handik Leitzara bidea eginen dute Iraitz Uriarte eta Iker Gomez mendizaleek, hilaren 24an eta 25ean. Egitasmoa diruz laguntzeko modua bada, mendizaleok eginen dituzten metroak modu sinboliko batez erosita. Lhl.eus helbidean jaso dute informazio osoa.
Leitzako mendizaleok Euskal Herriko Mendi Erronka antolatu izan dute zenbait urtez, baina iaz ezin izan zuten egin, pandemiagatik. Horregatik, kutsu berezia eman nahi izan diote aurtengo probari, eta, herritar talde batekin bat egin eta gero, erabaki dute ibilaldia baliatzea inklusioaren aldeko urratsak egiteko. “Leitzan bada gaixotasun arraro bat duen neskato bat; haren beharrak ikusita, jendea hasi da laguntzeko mugitzen”, azaldu du Oihana Amundarainek. Zenbait familiak bat egin dute inklusioaren auzia erdigunean jartzeko, eta haien eta mendizaleen artean bultzatu dute LHL erronka.
Haurren parte hartzea
Herriko muga arkitektonikoak suntsitzeak herritar guztiei egiten die mesede; ez bakarrik desgaitasunen bat dutenei. “Orain aulkia behar ez duenak, akaso, aurrerago beharko du”, nabarmendu dute LHL erronkako kideek. Lan horretan hasi dira jada, eta auzolanaren bidez egin dute, haurren parte hartzea bultzatuz. “Inklusioaren eta auzolanaren aldeko mezua eman nahi diegu”, azaldu du Amundarainek.
Bide horretan zenbait urrats egin dituzte jada, Leitzako Udalaren laguntzarekin. “Udal agintariek oso harrera ona egin diote proiektuari”, zehaztu du Amundarainek. Udalak herriko plaza moldatzeko lanak hasi zituela profitatu dute LHL erronkako kideek, hain zuzen ere, espazio hori denentzat irisgarri izan dadin. “Galtzada harriekin batera, lauzaz egindako pasabide bat eskatu zuten haurrek udalean, aulki gurpildunak plazan sartu ahal izateko”. Udalak baiezkoa eman zuen, eta, horri esker, aulkiak plazan erraz sartzeko bide bat dute orain Leitzan.
Plazakoa ez da bultzatu duten urrats bakarra. Ikusmen arazoak dituztenentzat kolore biziz margotu dute herriko zebra bide bat, eta jolas parkea moldatzeko asmoa ere badute, haur guztiek erabili ahal izateko. “Lortuko dugun diruaren arabera gauzatuko ditugu gure proiektuak”, azaldu du Amundarainek. Zozketa baterako txartelak ere saltzen ari dira.
Leitzako erronka datorren asteburuan amaituko da, mendizaleen ibilaldiarekin, baina herritarrek nahiko lukete egin duten bidera herri gehiago batzea: “Polita litzateke urtero herri batek antolatzea gurearen gisako erronka bat, inklusioaren alde, elkartasuna eta auzolana bultzatzeko”. Ideia erdigunean jarri dute, norbaitek urratsa egiteko zain.
Argazkia: LHL Erronka Inklusiboa.