Iritzia: Kanpoa ala barnea?

Iritzia: Kanpoa ala barnea?

Amets Aranguren Arrieta

Musikaren historian oso presente egon izan da beti, beste batzuen artean, eztabaida bat: musika eta hitza, zer dago zeren gainetik? Musika eklesiastikoak, adibide bat jartzearren, mezua lehenetsi izan du gehienbat, musikak, agian, “behar ez den” toki batera eraman gintzakeelako, plazera eragin ziezagukeelako eta horrek jainkoari helarazi beharreko mezua behar bezala helaraztea zailduko zuelakoan.

Hor dago La querelle des Bouffons ere, XVIII. mendean opera frantsesaren eta opera italiarraren artean sortu zen eztabaida, testuen eta musikaren arteko erlazioari zegokionez. Eztabaidak hor segitzen du, egungo talde askoren kasuan, hitzak eta musika prest izanik bat ez datozenean, zer sakrifikatu bestearen mesedetan? Baina bueno, eztabaidak ez du garai batean zuen protagonismoa. Alta, kanpoaren (forma, estetika) eta barnearen (edukia, musika) arteko eztabaidan bizi garela esanen nuke eta, hein handi batean, modu inkontzientean gainera.

Katakraken bildu ginen duela egun batzuk Nafarroa Garaiko musikari batzuk, Iruñerriko Mintzakuadrillak egitasmoak antolaturiko mahai-inguru batean. Musika, gazteak eta euskara izan genituen mintzagai. Oso musika estilo ezberdinetako taldeetako kide baginen ere, gauza gehienetan ados agertu ginen eta, publikoarendako ez dakit, baina guretzat oso aberasgarria izan zen gai batzuez mintzatzea, ez baitago holako espaziotan ibiltzeko aukera handirik. Mahai-inguruaren ondoko egunak bertan ateratako gai batzuen inguruan pentsatzen eman nituen.

Taldearen politiken inguruko galdera bat bota zuten publikotik: “Uste duzue musika talde baten ideia politikoak hitzetan bakarrik daudela islatuak?”. Ez, noski, taldeak talde gisa beste edonorekin edo ezerekin duen jarrera bere politikaren erakusle ere bada: nola tratatzen duen publikoa, teknikariak, argazkilariak, areto bateko langileak… Denok ados. Baina bai, hitzek ere islatzen dituzte asmoak eta helarazten dituzte mezuak, baita musikak ere. Eta horregatik da hain arriskutsua “lerratzen ez den” musika.

Artearen xedea eta horrenbestez musikarena ez da edertasuna transmititzea, nahiz eta batzuetan hori gerta daitekeen. Helburua eragitea da. Eragitea. Onera edo txarrera.

Askotan, joera dugu agerian eta esplizituki kantatzen diren zenbait gai problematikoren inguruan zorrotz jartzeko (modako taldeak drogekin egiten dituen aipuak adibide gisa harturik), baina, bitartean, garai batean arrakasta izan zuten taldeetatik etorritako jendez osaturiko talde bat dabil maitasun erromantikoaren pilare superfizialak, zentzurik gabeko folklorismo puntuak (folklorismoaren zentzu txarrenean) eta zabalpenerako erraztasuna baliatzen, musikaren instrumentalizazioa beste inork baino gehiago praktikan jarriz.

Ez dut ulertzen nola holakoek ez gaituzten oraindik ofenditzen zeren bai, hori guztia askoz ere larriagoa da Beñatek (Kiliki Frexkok) drogen inguruan esan dezakeen beste edozer baino.

Ez kanporik ezta barnerik ere.

Argazkia: Iñaki Zaldua-Nafarroa Arena.