Nafarroako Gobernuak eta Alcer elkarteak akordio bat sinatu berri dute giltzurrunetako gaitzak dituztenak Tuteran artatzeko baldintzak hobetzeko. Alcer elkarteko lehendakariorde Ana Garridok agerian jarri ditu orain arteko gabeziak.
Edurne Elizondo
Ana Garridok (Tutera, 1973) ongi daki giltzurrunetako gaitz bat izatea zer den; bitan egin diote transplantea. Alcer elkarteko presidenteordea da, eta ontzat jo du Osasunbidea urratsak egiten hasi izana Tuterako ospitaleko nefrologia zerbitzua hobetzeko.
Duela urtebete sartu zinen Alcer elkarteko zuzendaritza taldean. Zer asmorekin?
Gurasoak aritu dira urte luzez, eta pentsatu nuen bazela haien lekukoa hartzeko garaia. Familian zenbaitek dugu giltzurrunetako gaitz bat, eta aspalditik ari gara Alcer elkartean lanean. Gure aita Tuterako eskualdeko ordezkaria izan zen.
Alcerrek eta Nafarroako Gobernuak Tuterako gaixoak artatzeko akordio bat sinatu berri duzue. Zein da asmo nagusia?
Gurasoak Alcerren hasi zirenean, Tuteran ez zegoen giltzurrunetako gaitzak zituztenak artatzeko unitaterik. Tuterako ospitalea egiteko proiektua mahai gainean jarri zutenean ere, ez zegoen dialisi aretoren bat egiteko aukerarik jasota, eta Alcer elkarteak lan egin zuen hori lortzeko. Proiektua gauzatu zuten, hala moduzko gune bat eginez.
Ez da nahikoa?
Muga handiak ditu. Ez dago azpiegitura egokirik. Tuterako eta eskualdeko gaixoentzako ospitalea da, baina orain 44 pertsona baino ez dituzte artatzen zerbitzu horretan, dialisia behar duten gaixo gehiago hartzeko gaitasunik ez duelako. Zorionez, gobernuak jada egin du zerbitzu hori hobetzeko urratsa.
Berritzen hasi dira jada?
Bai. Unitate berri bat eginen dute, eta, horri esker, gaixo gehiago artatu ahal izanen dituzte, eta hobeki. Aspaldiko eskaera zen, eta azkenean lortu dugu.
Zergatik izan da hain zaila unitate berri hori lortzea?
Ez da lehentasuna izan. Bertze zerbitzu batzuei eman die lehentasuna gobernuak. Onkologiarako unitatea jarri zuten, adibidez; eta behar zen, noski. Baina gureak ere bazuen hobetzeko beharra. Espazioa eskasa da, eta baldintzak txarrak. Hango gaixoa izan naiz.
Dialisia egin dizute?
Bai. Eta egoera ez da ona. Nefrologorik ez da, inork ez baitu Erriberara joan nahi. Orain, nefrologo bakarra dago zerbitzuan. Gaixotzen bada, zer? 44 pertsona ari dira dialisia egiten. Zortzi postu betetzeko deialdia egin berri du Nafarroako Gobernuak; bost Iruñerako izanen dira, eta bertze hirurak, berriz, Tuterarako.
Hori ez da berri ona?
Bai, baina beldur gara, postu horiek betetzen dituzten nefrologoak nafarrak ez badira, ahal bezain pronto alde eginen ote duten. Eta arazo bera izanen dugu berriz. Zaragozatik eta Logroñotik [Espainia] etorri ohi dira medikuak, nahiko gertu daudelako, baina postu horiek egonkortzeko baldintzarik ez da. Erizainekin ere gauza bera gertatzen zaigu.
Ez dira luzerako gelditzen?
Ez. Nefrologia zerbitzuan aritzeko trebatu eta gero, baldintza hobeak dituen lanposturen bat lortu eta alde egiten dute, gaixoen kalterako. Ulertzen dut erizainen jarrera, baina giltzurrunetako gaixo gisa eskatu eta defendatu behar dut erizain espezialistak izateko beharra.
Nafarroako Gobernuarekin sinatu duzuen akordioak lagunduko du egoerak hobera egin dezan?
Hori da helburua. Unitate berria egiteko lanak martxan dira, eta hori ere urrats garrantzitsua da. Sinatu dugun akordioaren bidez, babes psikosoziala eman nahi diegu Tuterako eta eskualdeko gaixoei. Gaixoak eta haien zaintzaileak artatu nahi ditugu, zehazki, dialisia hartzen dutenak, oro har, zaharrak izaten direlako. Gaixoen eta zaintzaileen bizi kalitatea hobetu nahi dugu. Arreta psikologikoa eskaintzeaz gain, boluntario sare bat ere osatu nahi dugu pertsona horiek beren egunerokoan laguntzeko.
Dialisia egiten dutenak zaharrak direla erran duzu. Zergatik?
Kontua da adin batetik aurrera jada ezin dela transplanterik egin. Bertze zenbait kasutan, gaitzaren bilakaeraren ondorioz, ezin da transplanterik egin. Hori da nire egoera, errate baterako.
Zer arazo duzu?
Bi aldiz egin didate transplantea; lehendabizikoa 19 urte nituenean. Antigorputzez beteta dago nire gorputza, eta horregatik ezin didate bertze transplante bat egin. Halakoetan zaila izaten da giltzurrun bateragarri bat aurkitzea.
Gaitzak anitz baldintzatzen zaitu?
Ikasketak egiten ari nintzen dialisiarekin hasi nintzenean, eta ez nituen bazter utzi behar izan. Lanarekin ere uztartzen dute anitzek. Zenbaitetan, bada aukera dialisia etxean egiteko, eta horrek errazten ditu egunerokoak.
Pandemiak eragin dizue?
Ez anitz. Aurreko urteko transplante kopuruari eutsi genion 2020an, adibidez. Ebakuntzak Nafarroako Unibertsitatea klinikan egiten dira, eta, ondorioz, pandemiak ez die ospitale publiko bati bezainbertze eragin. Halere, arazoak izan dira; arazo nagusia COVID-19a hartzeko arriskua izan da, hain zuzen.
Handiagoa izan da giltzurrunetako gaitzen bat duzuenontzat?
Bai, kontuan hartu behar baitugu dialisia ospitalean egiten duten anitzek egunero joan behar dutela erietxera. Transplantea egin dutenek, gainera, defentsak baxuago izaten dituzte, eta, ondorioz, gaixotzeko arriskua handiagoa da. Gure etxean, adibidez, krisiak eztanda egin zuenetik denok erabiltzen ditugu FFP2 maskarak. Hasieran beldur handia genuen; etxetik ateratzeko beldur ginen. Orain lasaiago gaude, txertoa eman digutelako.
Lehentasuna izanen zenuten arrisku talde gisa, ezta?
Hori lortzeko borrokatu gara. Eta lortu genuen 70-79 urte bitartekoen txandan sartzea. Orain ikerketa bat egiten ari dira transplantea dugunon inguruan, jakiteko zenbatekoa den gure immunitate maila. Izan ere, etengabe hartu behar ditugu botikak gure gorputzak giltzurruna onar dezan. Ez dago argi botika horiek nola eragiten ahal dioten gure immunitate mailari. Txertoa hartzeko gomendatzen dugu, hala eta guztiz ere.
Zalantzak badira?
Txertoek izan ditzaketen ondorioen inguruan anitz hitz egiten da, baina gutxi, ordea, beldurrik gabe hartzen ditugun zenbait botikak eragiten dituzten kalteei buruz. Ibuprofeno anitz hartzeak, adibidez, giltzurrunetako gaitzak ekar ditzake.
Eta organoak emateaz hitz egiteko beharra bada oraindik?
Nafarroan beti izan gara eskuzabalak; bada kontzientzia. Orain, batez ere, uste dut badela beharra organoak bizirik zaudela emateko aukeraz hitz egiteko. Prozesua anitz errazten du horrek.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku