Nafarroako Gobernuak kanpaina bat hasi du teilatuetan istripuak saihesteko; 238 gertatu dira azken 11 urteotan. Gobernuak gogoratu du segurtasunaren ardura enpresena dela.
Edurne Elizondo
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak kanpaina bat jarri du martxan, Ibil zaitez arriskurik gabe lelopean, teilatuetan gertatzen diren lan istripuak saihesteko asmoz. Institutuko arduradunek zenbait datu jarri dituzte erdigunean: 2010. urtetik, 238 istripu gertatu dira langileen erorikoen ondorioz, eta hamabi pertsona hil dira. Hamabi langile horietatik bost teilatutik erorita zendu dira.
Gisa horretako istripuak udan gertatzen dira, batez ere sasoi horretan egiten dituztelako teilatuak konpontzeko edo garbitzeko lanak. Azken hamarkada luzean, urte oro hil da langile bat. “Horregatik erabaki dugu aurten kanpaina berezi bat egitea”, azaldu du Lan Osasuneko Nafarroako Institutuko lan arriskuen prebentzio saileko teknikari Cristina Pascal Fernandezek. “Erraz saihesten ahal diren istripuak dira”, erantsi du sail bereko teknikari Aingeru Perez Murillok.
Fernandezek eta Perez Murillok garbi erran dute langileen segurtasunaren ardura enpresena dela. “Langileen eskubidea dira segurtasuna eta osasuna lan esparruan; enpresari dagokio legez eskubide horiek bermatzea”.
Legea ez da beti betetzen, ordea. Alderantziz: ehuneko handi batean, langileen segurtasuna bermatzeko plangintza falta da obretan. 2017. urtetik 2020. urtera egindako kanpainako datuak gogoratu ditu Fernandezek, adibidez, arazo hori azaltzeko: “Denbora tarte horretan, obretara egindako bisitetan aztertu genituen erorikoak saihesteko martxan jarritako neurri kolektiboak, bertzeak bertze; gisa horretako sistema zuten obren %84tan bazen hutsen bat”. Huts horiek badute ondoriorik: “Gertatzen diren istripuen %80tan, plangintzarik ezak lotura zuzena du gertatutako ezbeharrarekin”, gaineratu du lan arriskuen prebentziorako teknikariak.
Plangintzak duen garrantzia jarri dute Lan Osasuneko Nafarroako Institutuko kideek erdigunean, eta garbi erran dute plangintza egokia nekez egin daitekeela bat-batekotasuna eta gauzak azkar egin nahia nagusi direnean. “Teilatuetako lanak egun gutxikoak izaten dira anitzetan; azkar egin nahi dituzte enpresariek, eta horrek ekartzen du, azkenean, lardaskeria bat egitea. Biharko euria iragarri badute, adibidez, lanak gaur amaitzen ahaleginduko naiz, eta horrek arriskuari eragiten dio”, azaldu du Fernandezek.
Neurririk gabe
Teilatuak konpontzeko enpresak ez dira erorikoen inguruan ardura duten bakarrak. Perez Murillok adierazi du edozein enpresak egin ditzakeela gisa horretako lanak. “Enpresa horietan lan horiek ez dira aparteko obra gisa hartzen; lantegiko mantentze lanez arduratzen denak egiten ohi ditu, eta neurriak hartu gabe”. Hau da, enpresek, gehienetan, ez dute aldez aurretik aztertzen zer arazo izan dezakeen teilatuak, ezta prebentziorako zer neurri har daitekeen ere. “Halakoetan errazagoa da istripu bat gertatzea”.
Obretara bisitak egiten dituzte lan arriskuen prebentzio saileko teknikariek; istripuren bat gertatzen denean ere haiei dagokie ikerketa egitea. “Ez da samurra. Langileek beren lana egiten dute, eta emaitza heriotza izan daiteke”, erran dute Fernandezek eta Perez Murillok. Prebentzioaren alde egin dute prestatu duten kanpainaren bidez, eta hori da Nafarroako gizarte osoari helarazi nahi dioten mezua: “Kontuan har ditzagun egon daitezkeen arrisku guztiak; jar gaitezen eror daitekeen langilearen tokian”.