Burlatako Gazte Asanbladak karrikan salatu du herriko udalak gaztetxearen jarduera oztopatu izana. Espazio publikoak erabiltzeko zailtasunak ere agerian utzi dituzte.
Edurne Elizondo
Nahikoa” dela erran diete Burlatako Gazte Asanbladako kideek herriko udaleko agintariei. Larunbatean manifestaziora deitu zituzten herritarrak eta Burlatako gainerako gizarte mugimenduko kolektiboak, “askatasun politikoen” alde egiteko. Gazteek salatu nahi izan dituzte udalak Burlatako gaztetxearen jarduera oztopatzeko azken hilabeteotan egindako urratsak; agerian utzi dituzte herriko espazio publikoak erabiltzeko dituzten zailtasunak, eta garbi erran dute egoera horrek herriko gizarte mugimendu osoari eragiten diola. “Antolatzeko aukera” ukatu nahi dietela salatu dute.
Ez dira gutxi Burlatako gaztetxeak sortu zenetik izan dituen gorabeherak. 2017an, Burlatako Gazte Asanblada berritu bat jarri zuten martxan herrian, eta, horrekin batera, egin beharreko bideari buruzko hausnarketa prozesu bat. Ondorioz, 2018ko ekainaren 9an, urte luzez hutsik egondako futbol zelaiko aldagelen eraikina okupatu zuten gazteek.
Handik gutxira, eraso faxista bat jaso zuten gaztetxeko kideek: pintaketak egin zizkieten kanpoaldeko horman. Aurrera segitu zuten, halere, 2020ko hasieran koronabirusaren pandemiak eztanda egin arte. “Gaztetxeko ateak itxi behar izan genituen zenbait hilabetez”, azaldu du Burlatako Gazte Asanbladako kide Arkaitzek. Berriz zabalik dituzte, baina Burlatako Udalak ezarritako mugek erabat baldintzatuta, hain zuzen ere.
Udalarekin akordioa
2018an futbol zelaiko aldagelak okupatu eta gero, Burlatako orduko agintariekin harremanetan jarri ziren gaztetxeko kideak: “Bizpahiru bilera egin eta gero, akordio bat lortu genuen”, gogoratu du herriko gazteen batzarreko kideak.
2019ko maiatzean udal hauteskundeak izan ziren, eta urte hartako ekainaren 15ean, Navarra Suma itzuli zen Burlatako Udalera. “Udaleko aurreko agintariekin lortu genuen akordioa ez da existitzen ere Navarra Sumarentzat”.
Horrek izan du eraginik gaztetxearen egunerokoan: “Udaltzainen bisitak jasotzea noiznahi; identifikazioak; aurkezten ditugun instantziak erantzunik gabe gelditzea…; konfinamendua arintzeko neurriak ezartzen hasi zirenean, gainera, gaztetxea zigilatu zuten”.
Zigilua hutsean uztea lortu zuten, eta gaztetxearen kanpoaldean egiten dituzten zenbait jarduerari eustea —baratze bat dute, bertzeak bertze—, baina urtarrilean egoerak okerrera egin zuen. “Osasun egoerak hobera egin zuela kontuan hartuta, gaztetxea berriz ere martxan jartzea erabaki genuen, eta zenbait ekinaldi antolatu genituen”, kontatu du Arkaitzek.
Udalarenak diren zenbait espazio erabili nahi izan zituzten gaztetxeko kideek, baina ezezkoa jaso zuten. “Aitzakia pandemia izan zen; udala ere ari zen kontzertuak eta beste antolatzen, ordea”. Espazio publikoak erabiltzeko baimena ukatu izana “larritzat” jo dute gaztetxeko kideek, eta haiek ere herriko gizarte eragile bat direla nabarmendu dute.
Ekainaren hasieran jaso zuen Burlatako gaztetxeak udalaren “azken erasoa”. Urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu zuten, baina, berriz ere, udaleko agintarien ezezkoa jaso zuten. “Aski dela esateko garaia da hau”, azaldu du Burlatako Gazte Asanbladako Arkaitzek.
Berretsi du udalak hartutako erabakiek ez diotela bakarrik gaztetxeari eragiten, eta herriko gainerako kolektiboen jarduera ere egon daitekeela jokoan. “Kontua ez da kontzertu batzuk egiteko baimena ukatu digutela; udaltzainak sartu dira gaztetxean, zenbait gazte identifikatu dituzte, egiten ditugun eskaerak erantzunik gabe uzten dituzte… gure jarduera bazter utzi nahi dute”.
“Eskubide politikoen kontrako erasoa” oraingo osasun eta gizarte krisiaren testuinguruan jarri nahi izan dute gaztetxeko kideek, hain zuzen: “Gurearen gisako espazioak blokeatu nahi dituzte gure antolatzeko gaitasuna oztopatzeko”.