“Gauak iluna behar luke, eta jadanik utzi dio hala izateari”

“Gauak iluna behar luke, eta jadanik utzi dio hala izateari”

Argi kutsadurari buruzko informazio falta sumatzen du inguruan Fernando Jauregik, eta gogor dabil lanean hutsune hori betetzeko. Horren gaineko hitzaldi bat eman berri du ALAN kongresuan.

Uxue Rey Gorraiz

Fernando Jauregi (Iruñea, 1964) Iruñeko Planetarioko astrofisikoa aspaldi heldu zion argi artifizialek gauaren iluntasunean duten eraginari buruzko ikerketari, eta, hark dioenez, bada kezkatzeko arrazoirik: “Argi kutsadura jendeak uste baino askoz larriagoa da”. Berriki, ALAN Artificial Light At Night nazioarteko kongresuan parte hartu du, hark gidatutako hitzaldi batean: Pirinioetako gaua bizitzen.

Zehazki, zer da argi kutsadura?

Argi kutsadura esaten zaio argi iturri artifizialen bidez gauaren iluntasunean gertatzen den hausturari. Oro har, gaueko argiak zer diren irudikatzen saiatu, eta zuzen-zuzenean pentsatzen dugu gizarteak egindako aurrerapenek ekarritako ondasun bat direla; gizarte modernoago eta hobe baten ikur. Azken finean, gauean argia izateak posible egiten baitu eguzkia zeruan ez denean ere gure jarduerekin segitu ahal izatea. Horrek abantaila izugarriak dakartza, bistakoa da gaur egun ezinezkoa litzaigukeela argi horiek gabe bizitzea, baina, aldi berean, asko dira sortzen dituen kalteak. Gauak iluna behar luke. Ordea, ilun izateari utzi dio jada, gure hiriak argiz beteak direlako.

Zerk dakar argi kutsadura?

Edozein argi iturri izan daiteke kutsadura mota horren igorle. Kaleko argiteriak, autoen argiek, etxebizitzetatik ateratzen direnek, futbol zelaietakoek eta iragarki paneletakoek kutsatzen dute gehien, besteak beste. Edonola ere, kontua ez da gaueko argia guztiz deuseztatzea, baizik eta ongi jakitea zer neurritakoa izan behar duen jasangarria izateko; zehaztea zein den gehienezko muga eta zein saihestu ezinen dugun gutxienekoa.

Nafarroan, zer mugen artekoa izan beharko luke kutsadurak?

Egoeraren arabera, alde handiak daude, ondorioak oso desberdinak izan daitezkeelako inguru batean edo bestean, hain zuzen ere. Esate baterako, animalia espezie batzuek oso bortizki pairatzen dituzte argi kutsaduraren eraginak; jokabideetan ondorio sakonak izan ditzakete. Gaueko tximeletak diren, saguzarrak diren, ugaztunak diren…, jasangarria izateko gehienezko mugak desberdinak dira.

Argi kutsadurak nabarmen oztopatzen du zeruari behatu ahal izatea. Ordea, horretaz gainera, zer beste zuzeneko kalte dakar herritarrentzat?

Argi kutsadurak ez digu soilik astronomoei eragiten. Guri lanean eta afizioan egiten digu kalte, zuzenean, baina, horrez gainera, argi kutsadura pertsona guztien osasunerako da kaltegarria. Gure organismoa ohitua dago argiaren eta iluntasunaren arteko zikloan bizitzen, eta, gauean iluntasunik ez bada, hormona oreka hautsi egin daiteke. Baliteke zenbait gaitz jasateko aukerak areagotzea: hala nola obesitatea, diabetea eta loarekin lotutako gaitzak.

Jendeak aski daki gaiari buruz?

Bi gauza falta dira: informazioa eta formakuntza. Batetik, premiazkoa da gizarteari informazioa ematea, jendeak utz diezaion pentsatzeari gehiegizko argia bedeinkapen hutsa dela. Bestetik, ezinbestekoa da argiztapenaren arduradunei heziketa egokia ematea, osasunarentzat eta ingurumenarentzat hain kaltegarriak ez diren neurriak har ditzaten.

Pirineos La Nuit proiektuko kide zara, eta, hain zuzen, estrategia plan bat ondu duzue udaletxeei zuzendurik. Zer proposamen bildu dituzue horretan?

Besteak beste, udalei eskatu diegu kolore anbarreko argia erabil dezatela herriak argiztatzeko, argi zuria erabili beharrean. Izan ere, egindako ikerketen emaitzek bistan utzi dute argi zuriak askoz modu sakonagoan erakartzen dituela zenbait animalia espezie, eta, beraz, nabarmen aldatzen diela jokabidea. Oro har, intsektuei eragiten die, eta, hain zuzen ere, intsektuak babestea bereziki inportantea da, kate trofikoaren oinarrian direlako eta gertatzen zaienak gainerako espezie guztiei eragiten dietelako. Ikusi da, argi zuriak ez bezala, kolore anbarreko argiak apenas duela indarrik haiengan.

Urteak dira argi kutsadura ikertzen duzula. Azkenaldian, nolakoa izaten ari da bilakaera?

Azken urteotan, munduko argi kutsadurak urtero %2 egin du gora batez besteko. Are, gizarteak ingurunean isurtzen dituen elementuek eragiten duten kutsadura moten artean, argiari dagokiona da etenik gabe hazten den bakarra. Gainerakoetarako, dagoeneko sortu da politikarik, hala mozdukoak izanik ere. Ez dago deus arazo honi kontra egiteko.

Oro har, nolakoa da astronomia zaletasuna hemen?

Herritar askok maite dituzte izarrak, txiki-txikitatik. Egia esan, beste zientzia batzuen aldean, astronomiak profesionalak ez diren zale mordoa du atzean. Jakina, horrez gainera, egia da urteko garai jakin batzuetan interesak nabarmen egiten duela gora. Abuztuan jende asko izaten da pertseidak noiz ikusiko zain, erne.

Zein da gau izartsuei behatzeko tokirik aproposena?

Hirietatik urrun, jakina. Gaua Pirinioetan da ilunen, baina ez mendi tontorretan, bailaretan baizik. Zerua haran batetik begiratzean, inguruko mendiek ortzi muga ezkutatzen dute, eta, hala, goiko aldeko zeru puska baizik ez da gelditzen ikusgai. Hain zuzen, hori da zerurik ilunena, garbiena. Gau izartuak horrela ikustea izugarri gozagarria da. Eskerrak oraindik ere baden halako aukerarik, zaila izan arren.