Iritzia: Atzoko eta gaurko ahokadak

Iritzia: Atzoko eta gaurko ahokadak

Olatz Azpirotz Larzabal

Jaioberriek umetokia atzean uzten dutenean, hamar segundo behar izaten dituzte bizitzari tinko heldu eta oxigenoz betetako lehen ahokada hartzeko. Hamar segundo oxigenoa ezagutzeko eta hartaz inoiz ez desegiteko. Denbora horren ostean, arnasa hartu eta jaioberria hainbat urtetarako bizitzari kateatuta gelditzen da, eta, hortik aurrera, bere betebeharretako bat arnastea izango da, hil arte; etengabe oxigenoa arnastuz eta karbono dioxidoa kanporatuz.

Hamar segundo horien ostean, arnastea mekaniko, eta, oro har, oharkabetasunez egiten den mugimendu bilakatzen da; horrela, atzean uzten da tarte txiki horretan edukitako grina. Gaur arte milioika aldiz egin dut arnasa, baina, ordea, egoera berria dela eta, inoiz ez zait egunotan bezainbeste esfortzu kostatu eta inoiz ez dut orain bezainbesteko kontzientziarekin arnasa egin.

Azken hamabi hilabeteotan gure arnasa ukitu eta xeheki ezagutu dugu: betaurrekoak lurruntzean, musukoaren barruan gure jan osteko hatsa arnastean, musukoaren erdigunea hezetzean eta sakonki ahotik arnastu eta ordain bezala musukoa ahora sartzen zenean. Gertaera horiek irakaspen batzuk eraiki zituzten gure portaeran: betaurrekoak ez lurruntzeko iragarkiko likidoa erosi edo betaurrekorik ez jarri, edozer jan ondoren hortzak garbitu edo mendazko gozoki bat jan, musukoa ordezkatzeko bigarren musuko bat eraman eta bizkor arnasten dugunean eskuarekin musukoa ahotik aldendu. Horrela, arrotza zitzaiguna eroso bihurtu genuen, eta musukoak berarekin zekarren intimitate sentsazioaz jabetuta, kontua jasangarri bilakatu genuen.

Agian horregatik beldurtu ginen, hein handi batean, musukoek leku irekietan duten derrigortasuna kendu zutenean. Urte oso batez ezagutzen eta eroso bihurtzen genuen hori beharrezkoa ez zela esan zutenean. Urte oso batez geure burua ezkutatzea ahalbidetzen zuen hori ezinbestekoa ez zela esan eta berriz ere aurpegia erakutsi behar dugula esan zutenean. Urte oso baten ostean berriro arnastea aukera bat dela esan zigutenean. Kostatzen zaigu azken egunotan lehen bezala arnastea, arnasa ezagutzen dugulako, eta ezaguera horrek bihurtu duelako solido arnasa.

Indiako mitologian bi aldiz jaiotakoak gurtzen dituzte; gertaera horren barruan daude hegaztiak eta sugeak. Halere, indiarrentzat Brahman apaizak bi alditan jaiotakoak dira, lehena euren jaiotzan, eta bigarren jaiotza euren ikasketen ostean gertatzen dena da. India guri urruti samar geratzen zaigu, eta, hala ere, lehen bezala arnasteko behar handia daukagu. Beharra eta jaiotzan oxigenoa modu naturalean lortzeko aukera xahututa daukagularik, Brahmanak bezala, ikasteari ekin diezaiokegu; beno, gure kasuan ahazteari. Urtebete honetan ikasitakoei pisua arinduz lortu dezakegu bigarren aldiz jaiotzeko aukera, birikak betetzeko aukera, naturaltasun osoz arnasteko aukera eta kontzienteki arnasteko aukera.