“Komeni bezala irekitzen eta ixten dituzte mugak”

Errefuxiatuek bizi duten egoeraren larritasuna bistakoa da datuetan; 2020an 900 lagunek baino gehiagok eskatu zuten babesa Nafarroan. CEAR-ek txosten batean jaso ditu hainbat datu eta eske.

Uxue Rey Gorraiz

Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan zen ekainaren 20a. Egun horretan, Nafarroako CEAR batzordeak 2020ko urteari dagokion txostena atera zuen argitara. Bertan bilduak dira errefuxiatuen egoerari buruzko datuak, baita proposamen ugari ere. Idoia Oneka (Iruñea, 1973) batzordeko koordinatzailea da. “Larritasuna izugarria da”, ohartarazi du.

Zer erakusten du txostenak?

Urtetik urtera, beren etxeetatik atera eta beste toki batzuetara ihes egin behar duten pertsonen kopurua gero eta handiagoa da. 2010eko datuen aldean, zenbatekoa kasik bikoiztu egin da. Azken kontaketa 2020ko abenduaren 31n egin zen, eta, haren arabera, gaur egun 80 milioi pertsona dira beren etxetik kanpo. Horietako batzuek jatorrizko herrialdean segitzen dute. Horien artean, gehienek ez dute baztertzen etxera bueltatzeko aukera, edo, are gehiago, itzultzeko asmoa dute. Bestalde, azken datuen arabera, 80 milioi pertsona horietatik 27 milioi pertsona errefuxiatuak dira, eta horietako 4 milioi inguruk jadanik egina dute nazioarteko babesa eskuratzeko eskabidea, ez dutelako jatorrizko herrialdera itzuli nahi.

Pandemiaren eraginez, mugak itxiak izan dira hilabete luzez. Zer ekarri du horrek?

Beren herrialdeetatik ihes egiteko premia duten askok ezin izan dute muga zeharkatu, eta harrapatuak gelditu dira, trabaturik. Ez hori bakarrik: batzuk igarotze herrialdeetan gelditu dira, ez aurrera, ez atzera.

Gehienbat zerk behartzen du pertsonak beren etxeetatik alde egitea?

Arrazoi asko daude. Adibidez, gero eta agerikoa da herrialde batzuetan nabarmen ari dela murrizten bizirik irauteko baliabideen kopurua eta kalitatea, eta horrek zuzeneko lotura du, besteak beste, aldaketa klimatikoarekin eta gure ekonomiak funtzionatzeko duen manerarekin. Edonola ere, Genevako Konbentzioan ondutako hitzarmenak emana du errefuxiatuei buruzko definizio zehatz bat.

Haren arabera, zerk egiten du pertsona bat errefuxiatu?

Bere bizitza arriskuan dela ikusteak eragindako beldurraren ondorioz ihes egiteko premia duen pertsona da errefuxiatu. Berdin arrazoi politikoengatik, arrazakeriagatik, nazionalitateagatik, erlijio arrazoiengatik, generoagatik edo sexu orientazioagatik.

Gerra ere pisuzko arrazoi bat izan daiteke herrialde batetik ihes egiteko.

Bai, jakina, eta, hain zuzen ere, errefuxiatuen jatorrizko herrialdeen zerrendan, Siria, Venezuela eta Afganistan dira lehenbizikoak, iheslari kopuruari dagokionez. Dena dela, herrialde horietatik etortzen diren pertsonei ematen zaien babes motari so, aldeak daude. Siriatik etorritako ia guztiei ematen zaie babesa, baina ez zaie errefuxiatu estatutua aitortzen; kontrara, babes subsidiarioa ematen zaie. Horrek esan nahi du berrikusi egin daitekeela. Jatorrizko herrialdean den egoerari egiten zaio so, erabakiak hartzeko.

Zein dira nazioarteko babesa eskatzeko egin beharreko urratsak?

Herrialde bati babesa eskatzeko, ezinbestekoa da herrialde horretara iristea, eta hori da, hain zuzen ere, lehenbiziko oztopoa; handia, gainera. CEAR aspaldi hasi zen ahaleginak egiten baldintza hori aldatu dadin exijitzeko. Pertsona horiek egin behar izaten dituzten bideak izugarriak dira, Mediterranoean gertatzen ari dena ikusi besterik ez dago: 2020an gutxienez 1.417 lagun hil ziren itsasoa zeharkatu nahian. Kanarietako egoera ere beldugarria da: 539 hil ziren.

Herrialde bati babesa eskatzeak ez du esan nahi, inondik inora, babes hori jasoko denik. Zer baldintzapean egin diezaioke uko herrialde batek eske horri?

Legeari lotzen zaizkie. Uste bada pertsona batek azaltzen dituen arrazoiak ez daudela legean jasota, aukera dute ezetz esateko. Kezkagarria da; izan ere, txostenean jasoa denez, Espainiako Gobernuak eskaeren %5 onartu zituen 2020an. Jende asko gelditzen da laguntza jaso ezinik, eta horrek galdera eta duda asko sortzen dizkigu, ezinbestean.

Zein da egoera Nafarroan?

Datuak lausoak dira. Dena dela, atzerritarren bulegoak eskainitako informazioaren arabera, Nafarroan babes eskabidea egiten duten lagunen kopuruak sekulako gorakada izan du azken urteetan. 2017an 179 pertsonak eskatu zuten; 2020an, 972 izan dira.

Txostenean hainbat proposamen bildu dituzue, errefuxiatuei ematen zaien arta hobetzea helburu. Zein dira ideia nagusiak?

Batik bat, lehentasuna da migranteentzat bide seguru eta legalak bermatzea eta, oro har, giza eskubideei erreparatutako ikuspuntu bat izatea oinarrian. Izan ere, bistan da gaur egun mugak babestea dutela denek helburu, eta asmo horrek baldintzatzen du guztia. Komeni bezala irekitzen eta ixten dituzte mugak, joko bat balitz bezala, eta jendea peoi huts da dantza horretan.

Baduzue egoerak hobera eginen duen esperantzarik?

Ezkorra izan ohi naiz, eta etorkizuna beltz ikusten dut. Gauzak errotik aldatzeko egin behar da lan, eta guri ez dagokigu soilik behar dutenei babesa ematea, munduko hainbat herrialdetan dituzten baldintzak hobetzeko ere egin behar dugu ahalegina. Arazoa da gurean ez ditugun arazoak urrun sentitzen ditugula.