Ziclo-P sortu dute Iruñerrian, bizikletaz banatzeko proiektua

Ziclo-P sortu dute Iruñerrian, bizikletaz banatzeko proiektua

Kooperatiba osatu duten hamabi langileak gaur hasiko dira lanean. Sektorea «duintzea eta profesionalizatzea» hartu dute helburu; bizikletaren erabilera ere aldarrikatu nahi dute.

Edurne Elizondo

Ziclo-P banaketa lanak egiteko kooperatibako kideen bizikletak karrikan dira: gaur hasi dira lanean, duela bi aste proiektua jendaurrean aurkeztu eta gero. Hamabi pertsonak bat egin dute, oraingoz, banatzaileen jarduera “duintzeko eta profesionalizatzeko” asmoz. Hitz gutxitan azaldu dute zer nahi duten: “Bizkar zorro horia erabiltzen duen plataformaren eredutik ahalik eta gehien aldendu”.

Glovorena da bizkar zorro horia. “XXI. mendeko esklabotza da”, salatu du plataforma horretan urte eta erdiz aritu den Jose Sotok. Bera da Ziclo-P kooperatiba sortu berriko kideetako bat. Proiektua mamitzeko prozesuak hiru adar izan ditu, batera lantzen hasi baitziren Iruñerrian banaketa bizikletaz egiteko zenbait egitasmo. “Nik eta bertze hiru lagunek proiektu bat genuen bizikletaz banaketa egiteko kooperatiba bat sortzeko. Gisa horretako kooperatiben Europako federazioa da Coopcycle, eta federazio horrekin harremanetan jarri ginen, urratsak egiten hasteko”, azaldu du Ziclo-P kooperatibako kide Remi Brardek.

Coopcycle federazioaren aplikazioaren irudia.

Otsailean hasi ziren proiektua garatzeko lanean, eta, martxoan, Coopcycle federazioko kideen deia jaso zuten: jakinarazi zieten Iruñerrian bazela asmo bera zuen bertze proiektu bat. “Elkartu, eta bat egitea erabaki genuen”, kontatu du Brardek.

Hirugarren adarra Carlos Martinez da, Coopclyce federaziora jo baitzuen Iruñerrian banaketa bizikletaz egiteko kooperatibaren bat ote zegoen jakiteko. “Bat egindako bi taldeen proiektuko kide bilakatu nintzen. Hamabi gara orain, baina handitzeko asmoz sortu dugu kooperatiba”, erran du Martinezek.

Logistika kooperatiba bat

Handitu nahi dute, baina ez bakarrik kide kopurua; Ziclo-P etxeko kideen xedea lan esparrua zabalduz joatea ere bada. “Hasteko, akordioak ditugu zenbait jatetxerekin, jatekoa etxera eramateko zerbitzua eskaintzeko. Gainera, Argia aldizkaria banatuko dugu. Gure helburu nagusia da, halere, logistika kooperatiba bat bilakatzea; hau da, beste edozein produktu banatzeko etxe bat izan nahi dugu”, erran du Martinezek.

Katakrak eta Geltoki dira Ziclo-P kooperatibako bezero zerrendako etxeetako bi. Katakrakekin gaurtik izanen dira lanean Ziclo-P kooperatibako txirrindulariak; Geltokirekin, berriz, irailetik aurrera. Udako hilabeteak proiektua sendotzeko aprobetxatu nahi dituzte kooperatibako kideek, eta, batez ere, bezeroen zerrenda luzatzeko. “Ez da erraza; Glovoren gisako plataformek bezero asko dituzte, baina guk ez”. Hutsetik hasi behar dute, baina kooperatibako kideak ziur dira eskaintzen dituzten “abantailekin” bezeroak erakarriko dituztela.

“Hurbileko zerbitzu bat eskaintzen ahal dugu. Pertsona bat egonen da webgunearen eta aplikazioaren atzean; edozer arazo gertatzen bada, denon artean konponduko dugu”, azaldu du Martinezek.

Lanean hasteko “irrikan” direla erantsi du Mikel Iriberrik. Iruñeko Arrotxapea auzoko Iruziklo egitasmoko kideek utzitako gunean atondu dute bulegoa, eta handik koordinatuko dute lana. Iruñerrian ariko dira, hasteko, baina ez eskualde osoan: Iruñean, Antsoainen, Barañainen eta Berriozarren.

Kooperatibako kideekin harremanetan jarri nahi duenak Ziclo-P.com webgunea du eskura; Coopcycle federazioaren aplikazioa ere erabil daiteke. “Nahi duena webgunetik sar daiteke, zuzenean”, azaldu du Martinezek. Iruñeko kooperatiba aukeratu bertzerik ez dute egin behar. Federazioko kide dira Bilbon eta Gasteizen sortutako gisako proiektuak ere, bertzeak bertze. Hain zuzen ere, Ziclo-P proiektuko kideek bereziki eskertu dute Gasteizko Eraman kooperatibako kideen laguntza.

Kooperatibismoa hartu dute bide, bizikletaren erabilera sustatzearekin batera ingurumenaren eta gizartearen alde egiteko. Ziclo-P proiektuko txirrindulariak karrikan dira jada.