PSNk atzera egin du Navarra Sumarekin Iruñeko Erorien Monumentua erakusketa areto huts bilakatzeko hitzartutako akordioan. Sozialisten eta udal gobernuko kideen arteko liskarrak erdigunean jarri du 1936ko altxamenduaren gorazarrerako egindako eraikina. Fusilatuen senideek botatzeko eskatu dute.
Edurne Elizondo
Navarra Sumaren eta PSNren arteko liskarra eragin du Iruñeko Erorien Monumentuak, azken egunotan: sozialistek akordioa egin zuten udal gobernua bere esku duen koalizioarekin, eraikinaren ingurua urbanizatzeko, eta monumentua erakusketa areto bilakatzeko. Hitzarmena ekainaren 30ean berretsi behar zuten bi taldeek, Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordean, baina sozialistek atzera egin zuten, azkenean. Navarra Sumaren proiektuaren aurka bozkatu zuten.
PSNren eta Navarra Sumaren akordioak hautsak harrotu zituen, hutsean gelditu aurretik. Iruñeko Udaleko oposizioko taldeek “alde bakarreko erabakia” kritikatu zuten. Memoriaren arloko elkarteek eta 1936ko altxamenduaren ondorioz fusilatutakoen senideek ere salatu zuten udalak aukeratutako konponbidea: monumentua erakusketa areto bilakatzea eta eraikinean taberna bat zabaltzea ez da biktimek behar dutena, inondik inora, agerian utzi zutenez.
Altxamenduari gorazarre egiteko eraikitako monumentua da Askatasunaren plazakoa; frankismoaren ikur. Eta hori da frankismoaren biktimek atzean utzi nahi dutena. Aspaldikoa da horren aldeko aldarrikapena, baina, orain arte, erakunde publikoak ez dira auzia konpontzeko gai izan. Urrats batzuk egin dira, baina Erorien Monumentuak ia bere horretan segitzen du, hirian, zutik. Kartel batek ez duela atzean dagoena aldatzen nabarmendu dute zenbait historialarik; aldaketak sakonagoa behar duela izan. Errotikoa eta benetakoa.
Areka elkarteko kidea
“Deus ez egitea ere bada zerbait egitea”. Horixe erran du Areka elkarteko kide Orreaga Oskotzek, Erorien Monumentuaren auziari buruz. Zehazki, azken sei urteotan “galdutako aukeraz” ari da Orreaga. “Aurreko legegintzaldian Emilioa Mola eta Jose Sanjurjo atera zituzten monumentutik; urrats garrantzitsua izan zen, baina erakunde publikoek ez zuten harago jo; ustez aurrerakoiak ziren gobernuek [Nafarroako eta Iruñeko Udaleko lauko gobernuak] ez zuten gehiago egin. Oraingo legegintzaldian ere ustez gobernu aurrerakoia dugu Nafarroan; bi urte joan dira jada, eta zain segitzen dugu”.
Deus ez egiteak Erorien Monumentuari eutsi dieten “eskuinei” ematen die indarra, Oskotzek salatu duenez. “Guretzat, monumentua dagoen espazio hori eremu arrotz bat da”. Nabarmendu du Arekan bat egin duten guztiak 1936ko altxamendu militarraren ondorioz fusilatutakoen senideak direla: “Ilobak, bilobak, eta seme-alabaren bat ere bada”. Oskotzek azaldu du denek ez dutela iritzi “monolitiko” bat, baina garbi erran du elkarteko kide gehien-gehienek monumentua behera botatzea nahi dutela.
“Hagitz gogorra da eraikin horri so egitea guretzat. Biktimak umiliatzen dituen toki bat da, etengabe umiliatzen gaituen toki bat; ezinezkoa da eraikin horren esanahia aldatzea”, erran du, irmo, Orreaga Oskotzek.
Gakoa da, Areka elkarteko kidearen hitzetan, Erorien Monumentua ez dela “memoriaren toki” bat: “Frankismoa goraipatzeko toki bat besterik ez da; alda dezatela benetako memoriaren tokien esanahia: badugu zer ikasi Ezkabako gotorlekuan, bai eta eskolapioen eskolan ere. Hor desagertu ziren nire aitatxi eta haren bi anaia; hor jendea torturatu zuten. Bilaka dezatela hori memoriaren toki”.
Affna elkarteko kidea
Arekako kide Orreaga Oskotzekin bat egin du Affna Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide Amaia Lergak: “Memoriarako tokiak dira Ezkaba eta fusilatuak hartu zituzten hobiak; Erorien Monumentua ikur frankista huts bat da, biktimarioen omenezko eraikin bat”
Affnako kideentzat ere monumentua behera botatzea da lehenetsitako aukera. “Ez dugu uste erraza denik hori gertatzea, baina ez berez zaila delako eraikina eraistea, baizik eta ez dagoelako hori egiteko borondate politikorik”, azaldu du Lergak.
Borondaterik eza hori abiapuntu hartuta, Affnako kideak nabarmendu du “ezinbertzekoa” dela auziaren inguruko eztabaida bultzatzea. “Ez bakarrik Iruñean, aferak herrialde osoari eragiten baitio. Kontuan hartu behar da memoriaren arloko elkarteon eta herritarren iritzia”, erran du Lergak.
Gizartearen iritziaren gainetik, Legak garbi dauka Erorien Monumentua ez datorrela bat Memoria Historikoaren legearekin. Ondorioz, eraikinari buruzko erabakia Iruñeko Udalari dagokion arren, Nafarroako Gobernuak zer erran baduela erantsi du. “Guk laneak jarraituko dugu auzi hau behingoz konpon dezaten”, nabarmendu du Affna elkarteko kideak.
Iruñeko alkatea 2015-2019an
Navarra Sumaren jarrerak ez du harritu Iruñeko EH Bilduko egungo zinegotzi eta alkate ohi Joseba Asiron. PSNrenak, ordea, ezustean harrapatu duela onartu du. “Agerian gelditu da PSNk eta Navarra Sumak aurrekontuez harago doan gobernu akordio bat dutela”, erran du.
Fusilatuen senideek eta memoriaren arloko gainerako elkarteek egindako presioak eragin du sozialistek atzera egin izana, Asironen ustez. Elkarteon lana nabarmendu du, hain zuzen, eta erantsi du erakundeek kontuan hartu behar dutela. Asironen ustez, bada garaia Erorien Monumentuaren auziari konponbidea emateko, eta konponbide horrek bi arlo ukitu behar dituela azaldu du: “Memoriarena eta hirigintzarena”.
Aurreko legegintzaldian Iruñeko Udaleko alkate izan zen Asiron (2015-2019), eta bere agindupean egindako urratsak oroitu ditu oraingo EH Bilduko zinegotziak: “Lehenbizi, plazaren izena aldatu genuen, eta Askatasunaren enparantza da orain; Mola eta Sanjurjo ere hobitik atera genituen, modu eredugarri batean; nazioarteko ideia lehiaketa antolatu genuen, gainera, monumentuarekin zer egin erabakitzeko”.
Lehiaketa horri segida eman diezaion eskatu dio Asironek oraingo udal gobernu taldeari, hain zuzen ere —Affnak eta Arekak ez dute begi onez ikusten; Arekak uste du lehiaketa horrek hirigintzaren auziari egiten diola so, bereziki; Affnak erran du, bertzalde, senideen iritzia kontuan hartu gabe egin zela—. “Aurkeztutako 48 proiektuetatik zazpi aukeratu zituzten adituek”, dio Asironek; “bide egoki bat izan daiteke zazpi horietatik hiru aukeratzea eta horien inguruan galdetzea herritarrei”. Udaleko indar guztien eta herritarren iritzia kontuan hartu behar dela berretsi du Iruñeko zinegotziak. “Eraikina botatzea eta deus ez egitea alde banatan jarrita, aukera asko dago erdian”.
Memoriaren Bideak elkarteko kidea
Historialaria da Fernan Mendiola, eta Memoriaren Bideak elkarteko kide. Caidos Irauli ekimenean ere parte hartu izan du, eta, horren barruan egindako lanaren ondorioz, garbi erran du Erorien Monumentuak hirian duen “nagusitasuna” hutsean utzi behar dela, baina horrek ez duela erran nahi eraikina eraistea: “Eraikinaren eraldaketa sakona eskatu genuen ekimen horren bidez; errotikoa; esku hartze artistiko eta arkitektoniko ausarta behar da, gerraren eta diktaduraren balioei aurre egiteko”.
Iruñeko Udalak egindako ideien lehiaketak ez zuen hori lortu. Hori erran du Mendiolak: “Aukeratutako proiektuek ez dute faxismoaren memoria kritikoa egiten”.
Mendiola are kritikoago agertu da Iruñeko Udalaren oraingo urratsekin. Eraikina erakusketa areto bilakatzeko eta barruan ostatu bat egiteko asmoa salatu du, eta nabarmendu du saio bat izan dela Erorien Monumentua bere horretan uzteko. “Larria da hori”.
PSNk bete duen rola “negargarritzat” jo du historialariak. “Hasieran Navarra Sumaren laguntzaile gisa agertu zen”. Atzera egin izana azaltzeko”zenbait faktore” badirela uste du Mendiolak; memoriaren arloko elkarteen presioa izan da bat, haren ustez; bertze bat, berriz, Navarra Sumarekin bat egin izanak talka eragin izanen lukeela Nafarroako Gobernuak egun indarrean dituen politikekin.
“Eraikinak berak talka egiten du Memoria Historikoaren legearekin Nafarroan; hori bada arrazoi nahikoa Nafarroako Gobernuak auzian esku har dezan”, erantsi du Memoriaren Bideak elkarteko historialariak.
Gobernuak esku hartu ez izanak, hain zuzen, “gabezia bat” uzten du agerian, Fernan Mendiolaren ustez. “Erorien monumentua da nabarmenenetako bat faxismoaren apologia egiten duten eraikinen artean. Auzi horri heltzeko garaia da, eta Nafarroako Gobernuak ezin du beste alde batera begiratu”, azaldu du Memoriaren Bideak elkarteko kideak.
Historialaria
Fernando Mikelarenak La (des)memoria de los vencedores liburua (Pamiela) aurkeztu zuen 2020ko urtarrilean. “Irabazleena da kontakizu hegemonikoa”, erran zuen orduan, eta hegemonia horren adibide aipatu zuen Iruñeko Erorien Monumentua: “Bada garaia dauden tabuak gainditzeko eta ausardiaz jokatzeko. Eraikina eraitsi beharko lukete”, erran zuen.
Iritzi horri eutsi dio historialariak. Aukerarik “egokiena” Erorien Monumentua behera botatzea litzatekeela erran du. “Ezin bada bota, alda dezatela guztiz eraikinaren esanahia”, erantsi du. Aukera hori ere ez dela erraza garbi du Mikelarenak, uste duelako eraikinaren esanahia guztiz aldatzeko ez dela nahikoa biktimak aipatzea: “Biktimarioak ere aipatu behar dira; ezin dugu ahaztu frankismoaren biktimak umiliatzeko eraikina dela Erorien Monumentua”.
Iruñeko Udalak azken urteotan egindako urratsei buruz kritiko da Mikelarena. Aurreko legegintzaldian egindako ideien lehiaketa ere ez du egokitzat jo, eta, funtsean, monumentuaren etorkizunari buruzko “eztabaida serio bat” falta dela nabarmendu du. “Ez da horrelakorik egin; jendeari ez zaio ongi azaldu Erorien Monumentua zer den”.
Hori eskatu du Mikelarenak, hain zuzen, auzia behingoz konpontzeko behar den eztabaida egin dezala Iruñeko Udalak.
Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku