Txantrean eremu urdina ez dela behar berretsi dute auzokideek

Txantrean eremu urdina ez dela behar berretsi dute auzokideek

Iruñeko Udalak irailean jarri nahi du martxan aparkalekuak arautzeko sistema auzo horretan. Bizilagunek 4.400 sinadura jaso dituzte kontra.

Edurne Elizondo

Ez dutela behar. Horixe nabarmendu dute Iruñeko Txantrea auzoko bizilagunek, Iruñeko Udalak ezarri nahi dien aparkalekuak arautzeko sistemari buruz. “Hemen ez dago auto pilaketarik; eta ez dago aparkatzeko inolako arazorik”, berretsi du Txantreako Auzo Ekimeneko kide Birjiñe Albirak. Astebete eskasean, eremu urdinaren kontrako 4.400 sinadura jaso dituzte talde horretako kideek, auzoan.

Iruñeko Udalak 1999an ezarri zuen aparkaleku mugatuko sistema. Alde Zaharrekoa izan zen lehendabiziko sektorea, eta, Zabalguneetakoa, berriz, bigarrena. Sistemak hiriko bertze auzo batzuk hartu zituen gero; Arrotxapekoa izan zen azkena, 2020ko hasieran. Irailean, berriz, Txantrean jarri nahi dute martxan.

Udalaren asmo horren kontra ari da Txantreako Auzo Ekimena. Auzoko bizilagunek egin dute bat, eta, haiekin batera, Txantreako merkatariek. “Auzoko 70 dendak eta ostatuk erran diote ezetz eremu urdinari”, azaldu du Koldobi Osta kideak.

Bilerarik ez

Txantreako Auzo Ekimeneko kideak saiatu dira Iruñeko Udaleko agintari Navarra Suma koalizioko ordezkariekin hitz egiten, baina ez dute lortu: “Bilera eskatu, baina ez dugu erantzuna jaso ere egin”, salatu dute Ostak eta Albirak.

Joan den astean, PSNko udal ordezkariekin bilera egin zuten, baina emaitza ez zen ona izan, Txantreako auzokideek nabarmendu dutenez: “Navarra Sumak eremu urdinaren alde erabiltzen dituen argudioak errepikatu bertzerik ez zuten egin; guk sistema hori ezartzearen aurka azaldutakoak, berriz, subjektibotzat jo zituzten”.

Txantrean ez dutela aparkatzeko sistema mugaturik nahi berretsi dute auzolagunek. “Ez dugu behar”. Prozesu parte hartzaile bat has dezala eskatu diote Iruñeko Udalari. Arartekoarengana jotzeko asmoa badutela ere nabarmendu dute Txantreako Auzo Ekimeneko kideek. “Auzoaren eta auzoko merkatarien alde”.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku