Nafarroako Gobernuak Akerreta saritu du Iruñeko Arte Eskolan egindako bideagatik, haren lanen bikaintasuna goraipatuta. Argazkilariak urte emankorra izan du, eta gogotsu da lanean segitzeko.
Uxue Rey Gorraiz
Alejandra Akerreta (Iruñea, 1990) argazkilariaren aurpegieran bista-bistakoa da sentitzen duen poza: “Zorionekoa naiz. Urte gogorra izan da askorentzat, eta, nik, ustekabean, lorpen handiak egin ditut; ezin naiz kexatu”. Nafarroako Gobernuak bikaintasunaren saria eman dio, Argazkilaritza ikasketetan erdietsitako espedienteagatik. Gainera, maiatzean atera zen argitara haren lehenbiziko argazki erakusketa: En todas norabide. Iruñeko Txantrea auzoak hartu zituen obrak; datozen hilabeteetan beste toki batzuetara iritsiko dela azaldu du.
Zure argazkiak publikoaren bistara jarri zenituen udaberrian. Zein da erakusketaren jatorria?
Abiapuntua nahiko zoroa izan zen. Orain dela hilabete batzuk, argazkilaritzaren arloko emakumeei buruzko hitzaldi batean parte hartu nuen, eta erakusketa bat ontzeko aukera eskaini zidaten. Hasierako asmoa zen ikasketak amaitzeko egin nituen obrak erabiltzea, baina, halako batean, bururatu zitzaidan beste zerbait sortzea, hutsetik hasita. Dokumentatzeari ekin nion, ziztu batean. Banituen ideiak, baina ez nuen lortzen horien arteko lotura argirik zehaztea. Azkenean, ezustean okurritu zitzaidan ideia: lanera bidean, errepide ertzetan egon ohi diren seinaleetako bat ikusi nuen: Norabide guztiak. Road movie moduko bat egitea erabaki nuen. Bi hilabetean egin nuen, erlojupean.
Argazkiei so, zer interpretazio nahi zenuke ikusleak egitea?
Garai hauetan bizitzea ezinezko zaigun hori adierazi nahi dut: adibidez, askatasuna, mugarik gabeko bidaiak, lehen egin ohi genituenen modukoak. Finean, jendeak bere burua irudikatua ikustea nahi nuke. Gustatuko litzaidake irribarreak eragitea. Izan ere, argazkiak dibertigarriak izatea nahi dut, entretenigarriak, tristeziatik guztiz urrunduak.
Lana azkar batean egin zenuela aipatu duzu. Zer dakar hain abiada bizian lan egin beharrak?
Maite dut horrela aritzea, azeleratua naiz eta. Behin proiektu batean sartuta, nahiago izaten dut buru-belarri aritu eta kasik erlojupean lan egin. Gauzak gehiegi luzatzen ditudanean, franko kostatzen zait aurrera egitea. Nire ohiko estrategia bestelakoa da: ideia bat bururatu, story board delakoa egin, eta aurrera.
Erakusketako argazkietan ageri diren pertsonak zure hurbilekoak dira. Oro har, premiazkoa da argazkilariaren eta erretratatzen den pertsonaren artean harreman berezirik sortzea?
Egia esateko, hau izan da jende ezagunarekin lan egin dudan estreinako aldia. Askotan aritu naiz kale argazkilaritzan murgildurik, eta izugarri gustatzen zait jende ezezagunari argazkiak ateratzea. Zaila da azaltzen, baina xarma berezia ikusten diot ia sekretupean argazkiak ateratzeari, horretan ari zarela ez dakien bati. Pertsona horien puska txiki bat lapurtzearen gisakoa da, zentzurik hoberenean. Orain arte inoiz atera dudan argazkirik kutunena Donostiako Jazzaldian egin nuen: aita-alaba batzuk agertzen dira irudian, elkar besarkatzen; haiek ez zekiten han nintzela. Hori maite dut, gertatzen ari dena irudikatzea, nik ia-ia esku hartu gabe.
Nafarroako Gobernuak saritu egin zaitu, Arte eta Diseinu ikasketetan izandako espediente bikainagatik. Zer sentitu duzu?
Oso hunkigarria izan da; izan ere, hau da bizitza osoan eman didaten lehenbiziko saria. Sekulan ez dut deus irabazi, eta oraingoan ere ez nuen batere espero; beste norbaitentzat izanen zelakoan nintzen, guztiz. Argazkilaritzak bestela maitemindu ninduen. Oso pozgarria da ikustea urteetan egindako ahaleginari aitortza egin zaiola.
Zer zaizu erakargarrien argazkigintzan?
Argazkilaritza arte baten modura ikusi nuenean hasi nintzen diziplina maitatzen. Maiz, arte gisara baino gehiago, ofizio modura ikusten da. Dena ez da artea, jakina, baina iruditzen zait errealitatea bere hartan irudikatzeko gaitasunak debaluatu egiten duela argazkilaritza. Gai da errealitatea aldatzeko ere.
Egun, ia edonork atera dezake argazki bat; sakelakoarekin, adibidez. Hori argazkilarien prestigioaren kalterako da?
Neurri batean bai, sare sozialak batez ere. Irudien masifikazioa agerikoa da; horren eraginez, banalizatze bat gertatzen da, ez baitzaio behar adinako miresmenik argazkilari profesionalei.
Emakume argazkilariak hitzaldia eman zenuen joan den martxoan. Zer azaldu zenuen?
Bizitzako esparru guztietan bezala, emakumeak bigarren mailako gara argazkilaritzan ere, oztopoak jarri zaizkigulako. Emakume argazkilariak izan dira, aspaldi, baina ez dira artistatzat jo. Arrakala izugarria da. Zorionez, urratsak egiten ari dira, eta, erreferenteei dagokienez ere, ni behintzat zenbait izen sartzen ari naiz begiz joak ditudan ereduen zerrendan; adibidez, Anna Malagrida eta Sofia Ayarzagoitia.
Zein norabidetan mugitu nahi duzu ibilbide artistikoan?
Argazkietara eraman nahi ditut teoria feministaren inguruan irakurriz ikasitakoak. Feminismoaren bueltan sortu nahi dut; oso argi dut. Normalean gizonezkoei lotutako poseak eta ekintzak ageri diren irudiak egin nahi ditut, baina emakumeak izan daitezela protagonista. Askotariko emakumezkoek parte hartu beharko dute horretarako, aniztasuna erakutsi nahi dut eta.