Iritzia: Zer nahi dugu, eta zer behar dugu?

Iritzia: Zer nahi dugu, eta zer behar dugu?

Lur Albizu Etxetxipia

Duela gutxi entzun nuen, hitzaldi batean, azken urte eta erdian krisia existituko ez balitz bezala, egonen ez balitz bezala ari garela jokatzen. “Pasatuko da” iraunkor batean, normaltasun gosez. Ezagutzen genuen hura bueltatzeko irrikaz, eta gure aspirazioak, inkontzienteki bada ere, harantz mugitzen: normaltasunerantz. Ez dut esan nahi beste mundu batekin amesten dugunok ez dugunik normaltasun hori problematizatu: normaltasun hori ere ez dugu nahi, ez genuen nahi, suntsitu nahi dugu.

Normaltasun horri begira pasatzen ari gara bereziki azken asteak, uda betean, jaiei begira: festak ez egoteari ez-festak deitzen diogu, edozein egunetan egiten ahalko litzatekeen juergari ez-sanfermin deitu diogu.

Oraindik geure arteko elkarrizketetan “zer eginen duzu festetan? Zer eginen dugu festetan?” esaldiak errepikatu besterik ez ditugu egiten. Ez dut uste ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen dugunik, baizik eta ez dugula onartu nahi normaltasun hori ez dela, dakigula eta momentuz, itzuliko.

Eta ez gara aprobetxatzen ari. Hau ere aukera bat litzatekeelako: normaltasun hori gustatzen ez bazitzaigun, gorroto bagenuen, geure festa eta ongi pasatzeko gure moduei buelta bat emanen diegu edo ongi egiten ari ginen? Gure festa-eredua zertan oinarritzen den eta ongi pasatzeko zer behar dugun hausnartzeko modukoa dela iruditzen zait niri.

Eta argi gera dadila: ni naiz lehena horren guztiaren (guztiaren) falta sumatzen duena. Benetako festak, benetako sanferminak (imitaziorik gabekoak: ondokoen izerdia, kamiseta hezeak, taberna beteak, bero jasanezina, kalimotxoa soinean, hamaiketako luzeak, txarangak eta inprobisazioa). Iruditzen zait gizaki egiten gaituen zerbait baldin badugu, hori kontaktua dela: ondokoen ondoan egotea, ukitzea, dantzatzea, konpartitzea.

Eta bai, krisian geundela eta gaudela akaso ez dugu onartu. Edo ez diogu, besterik gabe, aurre egin nahi izan. Beharbada biziraun ahal izateko modua izan da: nahikoa genuen aurrera ateratzearekin. Nahikoa dugu aurrera ateratzearekin. Baina ahaztu egin zaigu bizirautea baino inportanteagoa dela bizitzea, hain zuzen ere.

Asko hitz egin dugu azken boladan ahaleginaz, esfortzuaz: baina gutxi hitz egin dugu egoera aprobetxatzeaz, sormen lan gehiago egiteaz, eta komunitatea zaintzeaz. Asko hitz egin dugu elkar zaintzeaz, baina gutxi hausnartu dugu zaintzea zer den, eta zer egitura edo modu berri sortzen ahal genituen orain eta hemen.

Defentsak jarri ditugu martxan, eta bidean, sortzea ahaztu egin zaigu. Merezi duen bizitzaz gehiago hitz egitea falta zaigu, eta praktikan jartzea zein behar eta desira ditugun.

Gehiegi hitz egin dugu murrizketez eta murrizketa horiek izan duten eraginaz, eta gutxi zentratu gara, ordea, desiran. Zer nahi dugu, zer behar dugu eta nola mereziko du bizitza honek?