Zaintzaren hariak ahaldundu ditu

Zaintzaren hariak ahaldundu ditu

Las Poderosas emakume migratzaileen elkarteko bost kidek Costura Poderosa josketa tailerra sortu dute, oztopoei aurre egin eta «lan duin bat» lortzeko. Emakumeen Trafikoaren Aurkako Ekintzak sustatu du proiektua; formakuntza amaituta, halere, asmoa da kideek beren bidea egitea.

Edurne Elizondo

Burua altxatu gabe, orratza behar den tokian sartzen duela ziurtatzeko. Zutik da Lydia Osifo Festus (Nigeria, 1985), mahai gainean dituen oihal zatiak prestatzen, bertze kide batek makinaz jos ditzan. Festus duela hiru urte ailegatu zen Nafarroara, eta duela bi egin zuen bat Las Poderosas elkartearekin. Emakumeen Trafikoaren Aurkako Ekintzak sustatutako talde bat da Las Poderosas; indarkeria sufritu duten andre migratzaileentzat elkar zaintzeko eta babesteko espazio bat izan nahi du elkarte horrek, eta lan horren ondorio da orain martxan jarri duten Costura Poderosa josketa tailerra.

Costura Poderosa tailerreko Ibone Garamendi, Lydia Osifo Festus (atzean) eta Josephine Ngoupeyou. Jagoba Manterola / Foku.

Bost emakumek sortu dute Costura Poderosa, horrelako egitasmo bat garatzeko indarra badutelako. Hori da helburua: beren bizi proiektuen jabe bilakatzea, sufritutako indarkeria ororen arrastoa atzean utzi ahal izateko. “Aurrera begiratu nahi dugu; etorkizun hobe bat lortzeko ari gara lanean, elkarri lagunduz”, erran du Festusek, argi eta garbi.

Costura Poderosa tailerreko Harmony Orobosa, lanean. Jagoba Manterola / Foku.

Horretarako aukera eskaini dio josketa tailerrak. Urtarrilean hasi ziren lanean Festus eta proiektuan parte hartzen duten bertze lau emakumeak. Emakumeen Trafikoaren Aurkako Ekintzak Ilazki Martirenaren eta haren Atelier tailerraren laguntza izan du, hasieratik, egitasmoa garatzeko. Bertze zenbait enpresak eta eragilek ere egin dute bat. Ibone Garamendi, adibidez, Mama Kitenge arropa etxeko jabea da, eta, Martirenaren deia jaso zuenean, “zalantzarik gabe” inplikatu zen Costura Poderosa tailerrean. Komunikazio digitalari buruzko formakuntza eman die bost kideei, eta, asteon, gainera, jostunek egindako praktikak zuzendu ditu. Urte amaieran bukatuko da Costura Poderosako kideak trebatzeko prozesua, eta, hortik aurrera, emakumeek beren bide propioa egitea da helburua.

Hutsetik hasi dira

Independente izateko erronka horrek “ilusioz” betetzen du Harmony Orobosa (Nigeria, 1983). Festus bezala, hutsetik hasi da josketaren esparruan, eta ofizio bat ikasteak “ahaldundu” egin duela nabarmendu du. Orobosa duela ia sei urte ailegatu zen Nafarroara, eta garbi erran du bertze emakume migratzaileekin Las Poderosas elkartean egindako lanak “anitz lagundu” duela. “Pertsona itxia nintzen lehen; nire gertukoekin baino ez nintzen elkartzen. Elkartean, baina, jende anitz ezagutu dut, eta elkarri emandako babes horrek eraman nau irekitzera”.

Costura Poderosa tailerrarekin hasitako bidearekin “hagitz kontent” dago, baina harago ailegatu nahi duela azaldu du: “Nahiko nuke nire tailerra sortu; badakit ez dela erraza izanen, baina hori dut amets”.

Costura Poderosakoen irudia duen poltsa bat. Jagoba Manterola / Foku.

Orobosak Loveth Oghosa Ukponmwan lagunaren eskutik egin zuen bat Las Poderosas elkartearekin. Ukponmwan ere nigeriarra da (1984), eta gustura da jostaketa tailerrean egiten ari den lanarekin. “Emakume migratzaileontzat ez da erraza lan duin bat lortzea, eta tailerra aukera bat da guretzat”.

Onartu du, halere, ez duela bere burua etorkizunean oihal pusken eta harien artean irudikatzen. “Nik denda bat izan nahiko nuke; agian, Costura Poderosa tailerrean egindakoak saltzeko denda bat!”, erran du, irribarre zabal batekin.

Ukponmwan duela bost urte ailegatu zen Nafarroara; duela lau iritsi zen, berriz, Josephine Ngoupeyou (Kamerun, 1970). Amari begira ikasi zuen josten. “Ez dakit anitz, amak ere ahal bezala josten baitzuen; auzo bateko jostuna zen”, azaldu du. Tailerrean aritzeko aukerari berehala erran zion baietz. Lanaren arloak bereziki kezkatzen du Ngoupeyou, hori delako paperak lortzeko bidea. “Ez da erraza; hemen egoteko baimena eskuratzeko, kontratu bat behar dut, baina kontratu bat izateko, hemen egoteko baimena eskatzen didate”, salatu du. Paperak lortzeko bidean da, oraindik ere. Tailerrak “baikor” izateko esperantza eman dio.

Kawiyat proiektua

Costura Poderosa tailerreko kide Hind Faraji. Las Poderosas.

Costura Poderosa tailerreko bosgarren kidea da Hind Faraji (Maroko, 1978). Bertzeak bezala, “hagitz kontent” da proiektuarekin, eta lan egiteko aukera eskertu du. Emakumeen arteko babesak indarra eman diela nabarmendu du Farajik, eta zehaztu du “ezinbertzekoa” dela elkar ezagutzen dutenen arteko elkar zaintze hori.

Adibide bat jarri du erdigunean: Kawiyat taldea (Emakume indartsuak, arabieraz). Hori ere Las Poderosas elkartearen barruan sortutako proiektu bat da, eta helburu du arabieraz mintzatzen diren emakumeen arteko saretzea sustatzea.

2010. urtean ailegatu zen Faraji Nafarroara. Milagron bizi izan zen hasieran, eta han hartu zuen bikotekidea bazter uzteko erabakia, 2015ean, sufritzen zuen indarkeriari aurre egiteko. “Ez zen batere erraza izan”. Ustez lagundu behar zutenen jarreraz ari da Faraji: “Zailtasunak eta oztopoak aurkitu nituen. Harrera etxera ailegatu nintzenean, sentitu nuen ez zutela nire bizitzeko modua ulertzen eta errespetatzen”.

Sei hilabetez egon zen harrera etxe horretan, eta orduko “sufrimenduak” utzitako arrastoa sumatzen zaio, oraindik ere. “Artatzen gintuzten gizarte langileetako batzuek nahi zuten buruko zapia kentzea. Inportantea da zure kultura eta erlijioa ezagutzen dituen norbaitekin hitz egin ahal izatea, berez zaila den prozesu bat are zailago ez bilakatzeko”, erran du Farajik.

Herriz herri mugitzeko prest

Kawiyat taldean bat egin duten emakumeek hori dute helburu, hain zuzen ere. “Indarkeria sufritzen duten Magrebeko bertze emakumeentzat bitartekari lana egin nahi dugu, bidea errazte aldera”, azaldu du Farajik. Oraingoz, hamar emakume inguruk egin dute bat taldean, baina handitzen segitu nahi dute, ahalik eta herri gehienetara ailegatu ahal izateko. Pandemiak mugatu du kideen lana, azken hilabeteotan, baina “ahal bezain azkar” herriz herri mugitzeko prest direla garbi erran du Kawiyat taldeko kideak.

Elkar babestea eta zaintzea; elkarri heltzea eta laguntzea. Hori da Las Poderosas elkarteko kideen balio nagusia. Gero eta gehiago dira laguntza eske ailegatu eta jada bertzeak laguntzeko prest diren emakumeak.