Lesakako enpresako sindikatuek zortzi eguneko lanuztera deitu zuten; sei egin dituzte. LABek, CCOOk eta UGTk aurreakordioa sinatu dute; ELAk du ordezkari gehien, eta ez du agiria babestu.
Edurne Elizondo
Zortzi eguneko grebara deitu zuten, baina zazpigarrenean lanera itzuli dira Lesakako Zalain Transformadoseko langileak, enpresarekin lan hitzarmena berritzeko aurreakordio bat sinatu eta gero. LAB (bi ordezkari), CCOO (hiru ordezkari) eta UGT (hiru ordezkari) sindikatuek sinatu dute, zehazki; enpresa batzordean ordezkari gehien duen ELA sindikatuak (bost), berriz, erabaki du bat ez egitea. ELAko ordezkari eta enpresa batzordeko presidente Karmelo Condek azaldu ditu sindikatu horren ezezkoaren arrazoiak: “Aurreakordioak ez du konpontzen langileen arteko desberdinkerien auzia”.
Langile gehienek, baina, bat egin dute LAB, UGT eta CCOO sindikatuek lortutako aurreakordioarekin: 96k aldeko boza eman dute, 66k kontrakoa, eta zazpik zuri bozkatu dute. Aurreakordioaren sinatzaileek hitzarmena garatu beharko dute orain, behin betiko berretsi baino lehen. “Irailean burutuko dugu hitzarmen berria idazteko lana; auzi nagusiak adostuta, kontu txikiak gelditzen zaizkigu konpontzeko”, adierazi du LABeko ordezkari Mikel Agirrek.
LABeko kideak nabarmendu du “duen balioa” eman behar zaiola lortutako akordioari, eta langileek egindako presioa jo du giltzarri nagusitzat: “1990eko hamarkadatik ez genuen hainbertze greba egun egin segidan”, erran du. “Hagitz inportantea da lortu duguna”. ELAren ezezkoa eragin duen bazterketaren auziari buruz, Arregik erran du “azterketa ezberdinak” daudela, eta LABenak ez duela bat egiten ELAk egiten duenarekin.
Zalain Transformados enpresako langileak sei kategoriatan daude banatuta, hain zuzen, eta horrek sortzen duen egoerari buruzko ikuspuntua ezberdina da sindikatu batzuetan eta bertzeetan. ELAk egiturazko arazotzat jo du banaketa hori, nolabait erranda, eta LABek, CCOOk eta UGTk bertzelako zenbait auzi lehenetsi dituzte oraingo gatazkan.
“Talde bereko gainerako lantegietan hiru kategoria dituzte, eta gurean, berriz, sei dira”, azaldu du ELAko ordezkari Condek. Erantsi du egoera hori erabiltzen duela enpresak “bere alde”, langileen arteko “zatiketa sustatzeko”, langileok kategoria batetik bertzera igotzeko izan ditzaketen “oztopoen beldur” direlako, hain zuzen.
Ez hori bakarrik. Condek salatu du dagokien baino gutxiago ordaintzen diela langile anitzi: “Kategorien auzi hori baliatu du enpresak langile hasiberriei behar baino gutxiago ordaintzeko”, erran du Condek. Erantsi du, bertzalde, lanordu kopuru bera egiten ari diren langileak “pizgarri kopuru ezberdinak” jasotzen ari direla. “Hori ere zatiketa sortzeko tresna bat da enpresarentzat. Hamalau milioi euroren aurrekontu batean, 37.000 euroren saila baino ez zen behar hori konpontzeko”.
Hamaika gatazka
Condesa taldeak Nafarroan dituen bi lantegietako bat da Zalaingoa —bertzea, Berriobeitin dago—. Autogintzarako piezak sortzen dituzte, nagusiki. Condesaren egoitza nagusia Legution dago (Araba); han ere badu lantegi bat, eta bertze bat Alemanian, Altensteig herrian. 2016an, bere akziodunen egitura aldatu zuen taldeak, eta, ondorioz, hamar banketxek osatutako talde baten esku dago kapitalaren %67, eta Arcelor Mittalen esku %33. Arcelor Mittal —hasieran, Arcelor— Condesaren bazkide izan zen, Condesak Arcelor etxearen Europako hodien arloa erosi zuen arte.
Lesakako Zalainen 275 langile inguru daude. Beren lan baldintzak hobetzeko protestak ez dira bakarrik oraingo kontua, eta azken hogei urteotan anitz izan dira langileok egindako mobilizazioak eta lanuzteak. Aspaldiko arazoen ondorio da egungo egoera, neurri handi batean, baina okerrera egin du, 2019tik ari direlako lan hitzarmena berritzeko ahaleginean.
2020. urteko urtarrilean hasi ziren sindikatuak eta enpresa negoziatzen, baina bilerak bertan behera utzi zituzten otsailean; koronabirusaren pandemiak eztanda egin zuen gero, eta langileen eta enpresaren arteko bertze bilerarik ez zuten egin, 2021eko martxora arte.
Uztailaren 21ean itzuli ziren langileak lanera. Batetik, adostutako aurreakordioan jaso dute soldataren eguneratzea —%0,8 gehiago 2020an, %1 2021ean, eta KPI + %1 2022 eta 2023an—, eta, bertzetik, txanden araberako pizgarrien eguneratzea.
LABeko kide Agirrek erran du enpresak “soldata eta lanaldi aldagarriak” ezarri nahi zituela, eta asmo hori hutsean uzteko gai izan direla lortutako akordioaren bidez. Azaldu du beren asmoa dela 35 orduko lanaldia lortzeko urratsak egitea, “enplegua sortzeko”. Berretsi du akordio “ahalik eta onena” adostu dutela eta, autogintzaren “egoera kaskarra” kontuan hartuta, “hagitz inportantea” dela.
ELAko kide Condek garbi erran du “errespetatzen” duela gainerako sindikatuen eta akordioa berretsi duten langileen jarrera, baina bera ez da ados. Erantsi du lanean jarraituko dutela “langileen arteko zatiketa sustatzen duen” kategorien auziaren inguruan, Lesakako Zalain Transformados enpresako langile guztien “baldintzak hobetzeko”.