Gomezek ahaztutako legea

Gomezek ahaztutako legea

Auzitegiak atzera bota du espezieen babesari buruzko 2019ko dekretua, NafarroakoGobernuko Ingurumen Departamentuarena. Administrazioak helegitea jarri du.

Edurne Elizondo

Epaiak hutsean utzi du Itziar Gomezek zuzendutako Ingumen Departamentuak egindako urrats nagusia”. Horixe nabarmendu dute Ascel —Otso Iberiarra Babesteko eta Ikertzeko Elkartea— eta Gurelur taldeek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak —lehen auzialdian— herrialdeko espezieen babeserako dekretua bertan behera utzi eta gero. Nafarroako Gobernuak 2019an onartu zuen dekretu hori, eta haren arabera osatu zuen herrialdeko basa espezie babestuen zerrenda, batetik, eta flora eta fauna espezie mehatxatuen katalogoa, bertzetik. Epaileek atzera bota dute orain, helburu bera duen 1993ko legea indarrean dagoelako.

“Sententziak berretsi egin du guk aspalditik erran duguna: dekretu bat ezin dela lege baten gainetik egon”, erran du Gurelurreko arduradun Toño Munillak. Espezieen babeserako 2/1993 legeak indarrean segitzen duela erantsi du Asceleko kide Ignacio Martinezek, eta Nafarroako Gobernuko arduradunei gogorarazi die bete bertzerik ezin dutela egin.

2019ko dekretuak babesik gabe utzi ditu aurretik babestuak ziren espezie anitz, Gurelurreko eta Asceleko kideen hitzetan. “1993ko legearen arabera egindako katalogoan agertzen ziren espezieen %74 gelditu dira babesik gabe”, nabarmendu dute. Hori izan da taldeok auzitara jotzeko arrazoia.

Nafarroako Gobernuak, baina, ukatu egin du hori: “Ezein espezie ez da gelditu babesik gabe”, erran du Ingurumen Departamentuko Biodibertsitate Zerbitzuko buru Enrique Erasok. Ezagutarazi du Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztu duela dekretua baliogabetu duen sententziaren aurka, eta, ondorioz, argitu bitartean, dekretuak “indarrean” segitzen duela.

Diru kontua

2019ko dekretua “atzerapauso” bat dela berretsi dute Martinezek eta Munillak, Erasok azaldutakoaren aurka. Erdigunean jarri dute, batez ere, azken dekretu horretan desagertu egin direla 1993ko legeak zehaztutako eta babesa emateko helburua zuten hiru kategoria: 1993ko legeak bost babes maila ezarri zituen; 2019ko dekretuak, berriz, bi baino ez ditu. Erasok azaldu du espezieen egoera “aldatu” egin dela azken urteotan; Ascelek eta Gurelurrek, berriz, erantzun dute Ingurumen Departamentuak ez duela espezie bat edo bertze babestutakoen katalogotik ateratzeko erabakia justifikatu.

Bi taldeok nabarmendu dute, gainera, 2019ko dekretua onartu aurretik ere bat baino gehiago izan direla 1993ko legeak ezarritakoa bete ez duten gobernuak. Gako nagusia, Munillaren ustez, dirua izan da: “Nafarroako Gobernuak ez du dirurik gastatu nahi”. Izan ere, Erasok berak onartu du babestutako espezieen katalogoan direnen inguruko planak egin behar dituela Ingurumen Departamentuak, legez, baina “gutxi” direla urteotan guztietan egindakoak.

1993ko legearen bidez, Europatik agindutakoa bete egin zuen Nafarroako Gobernuak. Europako zuzentarauetara moldatzeko, Espainiako Gobernuak espezieen babeserako 1989ko legea onartu zuen. Lege nagusi horrek, fauna espezieak babesteko lau kategoria zehaztu zituen: galzorian zirenak, habitat aldaketekiko kalteberak zirenak, kalteberak, eta, azkenik, interes berezikoak. Nafarroako Gobernuak beste kategoria bat zehaztu zuen, Espainiakoak ezarritakoa herrialdera egokitzeko legea garatu zuenean, 1993an: galdutako espezieen kategoria, alegia.

“Nafarroa ez da bere legea bete ez duen herrialde bakarra izan; Espainiako Gobernua jabetu zen espezieen inguruko planak egiteko zailtasunaz, eta, ondorioz, 2007an, lege berri bat onartu zuen”, azaldu du Asceleko Ignacio Martinezek.

2019ko dekretuaren bidez, hain zuzen, lege berri horretara egokitzeko urratsa egin zuen Nafarroako Gobernuak. Flora eta fauna espezie mehatxatuen katalogoa osatu zuen, 1993ko legearen araberako bost kategoriak bira murriztuz: galzorian direnak, batetik, eta kalteberak, bertzetik. “Gakoa da 1993ko legea ez dutela aldatu, eta ezein dekreturi gailentzen zaiola”, berretsi du Martinezek.

Otsoaren egoera

1993ko legearen arabera, galdutako espezieen artean zegoen, adibidez, otsoa. Lege horren arabera, gobernuak derrigorrez egin behar zuen espezie hori herrialdean berriz sartzeko aukeraren inguruko ikerketa bat, eta plan bat garatu behar zuen espezie horrentzat interesgarriak ziren habitatak hobetzeko. Ez da horrelakorik egin; eta, orain, katalogotik atera eta gero, horrelakorik egiteko beharrik ere ez duela erran du Nafarroako Biodibertsitate Zerbitzuko Enrique Erasok.

Otso bat, Kataluniako Pirinioetan, artxiboko irudi batean. Gabriel Lampreave Altarriba.

Nafarroak otsoarentzat duen garrantzia erdigunean jarri du Ascelek. Alpeetatik zenbait animalia sartu dira Pirinioetara, bai Frantziara, baita Kataluniara eta Aragoira (Espainia) ere, adibidez. Pirinioak ez dira sarrera bakarra; Arabatik eta Errioxatik (Espainia) ere sar daitezke. Enrique Erasok ukatu egin du otsoa herrialdean dagoenik. “Hurbil dira, baina hemen ez”. Onartu du, baina, herrialdean sartzeko “oztopoetako bat” gizakia izan daitekeela. Sartu baino lehen hil izan dituztela, alegia. Baina frogarik ez dago.