Iritzia: Magmak guztia suntsi dezala

Iritzia: Magmak guztia suntsi dezala

Olatz Azpirotz Larzabal

Aspaldiko dardara hilezkorrak ingurua desorekatzeko asmoz urru egin du. Tambora Mendiak (Indonesia) 1815eko apirilean erupzio egin zuen; magma ibilbide zehatzik gabe zabaldu zen. XIX. mendeko katastrofe handienetarikotzat jo zuten. Erupzioa nahikoa izan zen hango eta inguruko gizarte eta euskarriak suntsiarazteko, kontserbatutakoa errausteko, norbanakoen kontserbadurismoa akabatzeko. Egun, Interneten arabera, sumendi horrek duen bolumenaren estimazioa 160 metro koadrokoa da.

Nafarroa Interneten beharrik gabe erraz neur daiteke: Lesakatik Cortesera 185 kilometro daude eta Vianatik Izabara 172 kilometro. Iparraldea eta hegoaldea. Mendebaldea eta ekialdea. Bi kopuru horiek errealitate bera batu eta banatzen dute; kontserbadurismo bera eta hori aurrera eramateko bi era ezberdin. Pausoek eta hizkuntzek irmoki banatutako bi errealitate. Bi errealitate horien erdian, ametsen eta desiren bidesari garesti eta ustelezin bat daukagu. Hainbatetan bide zuzena zena itzulinguru, gogoa izerdi eta mugimendua zigor bihurtu duen bidesaria. Oxidoak eraitsi ezin izan duen bidesaria.

Sartaguda eta Iruñe artean 79 kilometro daude. Magma bide bat. 79 kilometro horiek dardarak bezain hilezkorrak diren uhinez beteta daude. Zentzumenek sortzen dituzten uhinak. Hizkuntz uhinak. Zentzumenei eta hizkuntzari mesede eginez hartu dute euskaraz izena Sartagudako kaleek. Euskara hauspotzearen bidesaria, ordea, ez da merkea izan; halere, horrek ez du gogoa izerdi eta mugimendua zigor bihurtu. Kontserbadurismoak ez ditu gogo eta ametsak gelditu eta horiek azkar zabaldu dira gure lurraldean zehar, beste herri batzuei lekukoa pasatuz, Lodosa kasu.

Kilometroetako bidesariak errausten dituzten magma bideak sortzen ari dira. Sortzen ditugu. Agian, jada, kontserbatzeko ezer gutxi dagoela ohartu gara. Agian, jada, dardarak etengabeak eta hilezkorrak direla ikusi dugu. Horrela bada, magmak bere laranja eta beroarekin, saria baino izaina diren bidesariak eraman ditzala. Ametsei bidea ireki eta desirek errepideak har ditzatela. Hizkuntzak bideak har ditzala.

Basamortua bai, baina sumendi faltan gaude nafarrok; ez daukagu Tambora Mendirik, ez Vesuviorik, ezta Etnarik ere. Horregatik ez dira gure sustraiak kiskali, baina horregatik ere ez da erreforma handirik egon, horregatik ainguratu dira balioak eta horregatik gailendu da kontserbadurismoa.

Berandu, baina behintzat, 2021. urte honetan, norbanako guztiok magmaren funtzio berdina egin dezakegula ikusi dugu, kontserbatzen dena oro har ezabatzea merezi duela eta errausketak mesede egin dezakete. Euskara lur-dardarak bezain hilezkorra da. Nafarrok lur-dardarak bezain hilezkorrak gara. Guztiok gara magma. Guztiok sor dezakegu erupzioa; inposatutako tradizioak erraustuko eta inposatutakoa ezabatuko duen erupzioa.