Mugak Zabalduz Karabanak seigarren aldia izan du berriki. Kanaria uharteak izan dira aurtengo helmuga eta aldarrikapenetarako agertoki, eta parte hartzaileek indarrez salatu dute pertsona migratzaileen egoera.
Uxue Rey Gorraiz
Joan den uztailaren 17an izan zuen hasiera Mugak Zabalduz Karabanak, Kanaria uharteetan (Espainia). Astebete iraun du; gau eta egun izan da pizturik. Europako migrazio politikak salatzea helburu duen egitasmoak 300 lagun baino gehiago bildu ditu aurten; horietako 27, Nafarroakoak. Saioa Lekunberri (Iruñea, 1992) izan da kideetako bat. Motxila bete ilusio eta lezio itzuli da etxera, baita ikusitakoaren larritasunak kezkaturik ere.
Zer sentipen dakarzu bueltan?
Sentipen ugari nahasten zaizkit. Batetik, oso nabarmenak dira amorrua eta ezinegona, eta, gainera, etorkizunarekiko oso kezkatuta nago, hango egoera nolakoa den ikusita. Bestalde, baina, lan egiteko gogoz beterik itzuli gara etxera, eta miresmen eta elkartasun handia sentitzen dugu Kanaria uharteetan egiten ari diren lanarekiko. Egun hauetan guztietan ikusitakoei esker, berretsi egin ditugu migrazio politiken inguruan egindako salaketen oinarri diren izugarrikeriak. Aurrez aurre ikusi ditugu giza eskubideen urraketak. Eta hori antzeman ahal izan dugu, gainera, hango indarrek gu bertan ginela jakin arren. Pentsatzekoa da, gu begira ari garela jakinik beste era batera joka zezaketela, eta, hala eta guztiz ere, argi ikusi dugu han dagoena.
Zehazki, zein da Mugak Zabalduz Karabanaren helburua?
Gaur egungo migrazio politiken aurrean kritiko agertu eta horiek salatzen ditugu, irmo, eta, horiez gainera, baditugu beste salaketa garbi batzuk ere: gerraren atzean dagoen negozioa, mugen militarizazioa… Besteak beste, inportantea iruditzen zaigu Europaranzko bidean hiltzen eta desagertzen diren pertsonen kasuak ikusaraztea eta arazoa erakustea. Azken finean, mundu zabalean migratzeko eskubidea da gure aldarrikapen nagusia. Pertsona bakoitzak izan nahi lukeen bizi proiektua aurrera eramatea eragozten duten muga horiek eraistea nahi genuke. Bestalde, tokian tokiko borrokak bultzatzen lagundu eta horien berri ematea ere badugu helburu, baita sareak eratzea eta sendotzea ere.
Karabana sortu zenetik, egitasmoak izan du eboluziorik?
Baietz esanen nuke. Iruditzen zait urtetik urtera gero eta gehiago ari garela fintzen gure helburuak eta salaketak; agerikoa da. Jakina, oraindik ere lan handia dugu egiteko, eta argi dugu, zuri izateagatik ditugun pribilegioetatik abiatuta, deseraikuntza prozesu sakonean murgildu behar dugula. Hain zuzen, ikuspuntu deskolonizatzaileak lagundu egiten digu prozesu honetan, nolabait. Azken batean, karabanaren bueltan sortu dena aldi berean ikasteko eta borrokan aurrera egiteko prozesu baten gisan ulertzen dugu; hori izatea nahi baitugu.
Europako Batasunaren migrazio politikak salatzea duzue asmo nagusietako bat. Zergatik ez dira egokiak, zuen ustez?
Migrazio politikak kriminalizazioan oinarritzen dira; argi eta garbi. Nahi bezala justifikatzen dute kontrol beharra, eta mugak eraikitzen dituzte horretarako. Askotariko mugak izan daitezke, izan daitezke kanpokoak edo barrenekoak. Frontex agentziak kontrolatzen ditu, esaterako, kanpoko mugak, eta, horrela, kartzela bihurtzen ditu mugen barreneko lurrak. Hala gertatu zen Lesbosen, eta Melillan ere antzekoa pasatu zen. Azken batean, Kanaria uharteetan egiten ari direna esperimentu huts bat da. Migratzaileei ez diete uzten penintsulara ailegatzen, uharteak kartzela bihurtu dituzte, beren antimigrazio politiken bitartez.
Barreneko mugak ere badirela azaldu duzu. Zein dira horiek?
Uharteetara iritsita, identifikazio kontrol pila bat egiten da, guztiz arrazistak. Gainera, atxikitze zentro mordoa dago. Europako migrazio politikek atzean daukatena zera da: erregulaziorik gabeko eskulana eskuratzeko behar dituzten mugak eraiki nahia.
Zer neurritan da larria Kanarietako egoera?
Jende asko dago han blokeaturik, penintsulara joan ezinik. Oso baldintza gogorretan daude hor harrapatuak. Datuek ere argi erakusten dute egoeraren larritasuna: ekainaren lehenbiziko hamabostadian 481 lagun desagertu ziren uharteetara iritsi nahian. Hori, jakina, gutxieneko kopurua da, ziur aski askoz gehiago izango baitira. Bestalde, Kanaria Handian izenik gabeko hamabost lagun lurperatu zituzten, eta harrera zentroetan eskubide urraketak badira, eta baldintzak ez dira duinak.
Karabanak hilaren 17an izan zuen hasiera, eta 24ra arte iraun du. Zer bide egin duzue?
Kanaria Handian ekin genion bideari, eta Tenerifen egin genituen azken egunak. Jarduera pila egin dugu egunero-egunero; izan dira manifestazioak, protestak, hitzaldiak, proiekzioak…; gelditu gabe aritu gara, eta askotariko gaiak landu ditugu. Gainera, ezin dugu ahaztu uharteetara joan aurretik nork berean egindako lana. Nafarroako taldean, adibidez, askotariko jendea gara, eta aurretik oso lanketa potentea egin da edukiei dagokienez. Urtean eginiko lanketak asko lagundu digu gero ekintzak eta mobilizazioak aurrera eramateko orduan. Oso hunkigarria izan da.
Feminismoa eta migrazioa uztartu zenituzten hitzaldietako batean. Zergatik?
Feminismoa gai transbertsala da, borrokek intersekzionalitatearen premia dute, eta, beraz, feminismoak egon beharra du migrazioaren gaian ere. Gainera, emakume gehien-gehienek eraso sexistak sufritzen dituzte migrazio mugimenduetan. Ondorio gehiago pairatzen dituzte emakume izateagatik. Argi da: feminismoak antiarrazista izan behar du. Nahitaez. Ez dago beste aukerarik.
Tentsio uneak ere izan dituzue: Polizia oldartu da. Zeren erakusle da protestek sortutako ezinegona?
Argi dago haiek ez dutela nahi guk borroka hau egiterik. Bistan gelditzen da, adibidez, auziaren inguruko informaziorik inon ere argitaratzen ez dela ikusita. Ez dute nahi gu inolaz ere antolatuta egoterik. Esaterako, Poliziaren bortizkeria oso handia izan zen Tenerifen: oldartu egin zitzaizkigun. Dena dela, egia esan, arreta beste nonbait jartzea gustatuko litzaidake. Tenerifeko Los Cristianosen egindako manifestazioaren ostean, Poliziak bi pertsona migratzaile atxilotu zituen, eta kontrolak egin. Gainera, ferrya hartu behar izan genuen batean ere bizi izan genuen halakorik. Karabanako kide diren hiru pertsona arrazializatu ziren gurekin, eta beste lerro bereizi batean jarri zituzten identifikazio kontrolak egiteko. Berriz ere ageri-agerian gelditu zen eguneroko arrazakeria.