Uztaren uzta, inor ez uzteko urrian

Uztaren uzta, inor ez uzteko urrian

Deierriko Udalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Intiak Buruxka proiektu pilotua jarri dute martxan. Asmoa da elikagaien xahutzeari buruzko kontzientzia sortzea eta nekazaritzari duen balioa ematea. Boluntarioak ari dira uzta jaso eta gero soroetan gelditzen dena hartzen, banatzeko.

Edurne Elizondo

Mundu honek ez du ongi funtzionatzen: batzuek elikagaiak xahutzen ditugu, arazorik gabe, eta beste batzuek zer jan ere ez dute”. Elena Cerecedarenak dira hitzak, Lizarrerrian martxan jarri duten Buruxka proiektu pilotuko koordinatzailearenak. Proiektu horrek asmo du xahutze horri aurre egitea, hain zuzen, kontzientzia piztuz herritarrengan, eta nekazarien lanari balioa emanez. Baluntarioak ari dira lanean jada: nekazariek uzta jaso eta gero, soroetan gelditzen dena biltzen dute, gero erakunde sozialen bidez banatzeko.

Mahatsa biltzen. Buruxka.

Nafarroako Gobernuak elikagaien xahutzeari buruzko jardunaldi bat egin zuen, 2018an, eta Elena Cereceda izan zen parte hartu zuten adituetako bat. Mahai horren bueltan egindako gogoeta izan da Buruxka proiektua martxan jarri duten hazietako bat; Kataluniako Espigoladors elkartea da bertze bat, 2018tik elikagaiak aprobetxatzeko lanean ari den erakundea. Hazi horiek loratu dira, eta proiektua Deierriko Udalean aurkeztu eta gero, martxan da, erakunde horren, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Intiaren —Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentura atxikitako enpresa publikoa— babesarekin.

Ofizialki, ekainean sortu zuten Buruxka elkarte gisa; Lizarrerriko soroetan, baina, iazko irailetik ari dira lanean. Nekazariek uzta jaso eta gero bildu gabe gelditzen dena hartzen dute Buruxkako boluntarioek, proiektuarekin bat egin duten erakunde sozialen bidez herritarren artean banatzeko. Elikagaien bankua da erakunde horietako bat; Lodosan, adibidez, hiruzpalau aldiz jaso dituzte jada Buruxkakoek banatutako fruta eta barazkiak. “Gu hagitz kontent gaude; beti behar da zer banatu. Pandemia hasi zenetik, ia bikoiztu egin da Lodosan artatzen dugun familia kopurua: lehen 70 genituen, eta orain, berriz, 130 inguru”, azaldu du Lodosako elikagaien bankuko kide Jose Mari Roselek.

Buruxka proiektuko boluntarioak borraja biltzen. Buruxka.

Ez biltzeko arrazoiak

Buruxkako boluntarioak proiektuan parte hartzen duten nekazarien lursailetan aritzen dira uzta jaso eta gerokoa biltzen. “Dena ez biltzeko hamaika arrazoi daude; besteak beste, merkatuak ezarritako baldintzak”, erran du Elena Cereceda Buruxkako koordinatzaileak. Zenbait adibide jarri ditu erdigunean: “Uzta oso ona izan bada, adibidez, ‘gehiegi’ duela esan dezake kontserbagile batek, eta merkatuak ez duela ekoitzitako guztia hartuko; Errioxako edo Nafarroako ardoen jatorri izenaren kasuan ere, muga batzuk ezartzen dituzte, eta gehiago badute, jaso gabe uzten dute”.

Bertzelako arrazoiak ere badira: “Tamainagatik edo itxuragatik baztertzen dituzte frutak eta barazkiak, bertzeak bertze”, adierazi du Cerecedak. “Horrek ez du zentzurik; kalitatezko produktuak baztertzen dituzte itxuragatik”, erantsi du, eta oroitu du herrialdean, adibidez, Tuterako tomate itsusia saltzen dela.

Uzta guztia ez biltzeko arrazoi teknikoak ere badira; makinek ezin dute dena jaso, zenbaitetan, eta gelditzen dena eskuz biltzea, anitzetan, ez da errentagarria nekazarientzat. “Horregatik uzten dute”. Utzitako hori jasotzea da Buruxkakoen lana, lurrak eta nekazariaren lanak emandako elikagai guztiak aprobetxatzeko, eta herritarren artean banatzeko.

Gizakia Helburu erakundeko kideak Buruxkakoen elikagaiak jasotzen. Buruxka.

“Interesgarria eta polita”

Buruxkarekin bat egin duten nekazarietako bat da Jaime Zabaleta. Ekoizpen ekologikoa egiten du. Sartagudan eta Lodosan ditu lurrak, eta tipulak, kuiatxoak, borraja, kuia eta patata ekoizten ditu, bertzeak bertze.

“Proiektua hagitz interesgarria eta polita iruditu zitzaidan, eta berehala erabaki nuen laguntzea”, dio Zabaletak. Martxan jarri eta gero, nabarmendu du Buruxkako kideek “ezin hobeki” egiten dutela lan: “Koordinazioa sekulakoa da, eta hagitz eraginkorrak dira. Egun batean jaso, eta hurrengoan banatzen dute”.

Cereceda Buruxka proiektuko koordinatzaileak aipatutako arrazoiek eragiten diote Zabaletari ere, eta merkatuan “tokirik ez” dagoelako, edo makinak gai ez direlako utzi behar izaten ohi du uztaren zati bat jaso gabe. “Pena zen hori galtzea; beti saiatzen nintzen batzuei edo bertzeei erraten, nahi edo behar zuenak bil zezan, baina Buruxkaren bidez lan hori anitzez ere errazagoa da”.

Zabaletak astelehenean kuiatxoak jasotzera deitu ditu Buruxkako kideak. Han izanen dira boluntarioak. “Badakit egun berean edo asteartean banatuko dituztela; eskertzekoa da”.

Buruxka proiektuko boluntarioak sagarrak biltzen. Buruxka.

Enpresa bat sortu

Fruta eta barazkiak biltzen dituzte Buruxkakoek, eta, ondorioz, jaso eta berehala banatu behar dituzte, ez galtzeko, oinarrietako bat baita kalitatezko elikagaiak jartzea herritarren esku.

Laster hondatzen diren elikagaiei ere probetxua atera nahi diete, eta asmo horrekin lotu dute proiektu horren bigarren zatia: “Ekonomia sozial eta solidarioko enpresa bat sortu nahi dugu”. NUPeko kideak ari dira dauden aukerak aztertzen. “Horietako bat da marmeladak egitea, adibidez”, kontatu du Cerecedak. Proiektua garatzeko gogoz dira.

DATUAK

400

ZENBAT FAMILIAK JASO DITUZTEN ELIKAGAIAK

Lizarrerriko sei nekazari ari dira Buruxka proiektuko kideekin lanean, oraingoz. Haiei esker, 2.800 kilo elikagai jaso eta banatu zituzten 2020an, 400 familiaren artean

 

1.300

ZENBAT ELIKAGAI XAHUTZEN DEN, MILIOI TONATAN

Munduan 1.300 milioi tona elikagai xahutzen dira urtean. Europan, 89 milioi tona dira urtean xahutzen direnak, hau da, 179 kilo biztanle bakoitzeko.