‘Ursus spelaeus’ leizeetako hartzari buruzko erakusketa bat dago Iruñeko Planetarioan, irailaren 25era arte. Besteak beste, Amutxaten aurkitutako animalia horren hezurdura oso bat ikus daiteke.
Edurne Elizondo
Hartz zuri baten tamainakoa: 700-800 kiloko pisua, eta hiru metro luze, zutik jarrita. Halakoxea omen zen Amutxaten osorik aurkitutako hezurduraren jabe zen leizeetako hartza (Ursus spelaeus), Iruñeko Planetarioan irailaren 25era bitarte ikus daitekeen erakusketan jasotako informazioaren arabera.
Historiaurreko animalia horri buruzko Europako aztarnategirik nagusietako bat da Aralarko Amutxate kobazulokoa, eta han aurkitutakoaren berri emateko prestatu du Nafarroako Gobernuak planetarioko erakusketa, Spelaeus. Nafarroa duela 50.000 urte izenburupean.
Satorra Iruñeko espeleologia taldeak aurkitu zuen Aralarko leize hori, 1988. urtean; eta 1995eko maiatzean, Hartzen Aretoa deitu zuten zuloan sartu ziren taldeko kideak, lehendabiziko aldiz. Leizeetako hartzaren 15.000 fosil baino gehiago aurkitu dituzte aztarnategi horretan,denera; espezie horretako 203 animaliarenak dira, hain zuzen.
Duela 85.000 urtetik duela 40.000 urtera bitartekoak dira aurkitutako fosil horiek. Adituek —Nafarroako Gobernuaren eta Madrilgo Meategi Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko Museo Historikoaren babesarekin— 2000. urtean egin zuten lehenengo indusketa kanpaina, eta bost urtez aritu ziren lanean, Amutxateko kobazuloan ordura arte ezkutuan zena argitara eman ahal izateko.
Adituen ikerketak Aralarko leizeetako hartzei buruzko datu eta informazio anitz jarri zuen mahai gainean: hibernazio garaian hil zirela jakin zuten, adibidez, eta adin ezberdinetakoak zirela, gainera.
Adina, hain zuzen, animalien tamainan ikusten da, eta arratoi baten gisakoak lirateke aurkitutako batzuk —hartz gazteenak, alegia—; otso baten edo lehoi heldu baten antzekoak bertze zenbait —helduagoak zirenenak—.
Amutxaten aurkitutako hezurrik zaharrenen arabera, 21-23 urte ingururekin hil ziren Amutxaten aurkitutako hartzik helduenak; hau da, aske bizi diren egungo hartz arreen bizi itxaropenaren antzeko adinean.
Dimorfismo sexuala
Amutxateko kobazuloan aurkitutako hartzen artean arrak eta emeak daude; dimorfismo sexuala nabarmena da leizeetako hartzetan, hain zuzen: emeak txikiak eta xeheak ziren, eta, arrak, berriz, handiak eta sendoak.
Animaliok orojaleak ziren, berez, baina nagusiki begetala zen haien dieta. Gaur egungo hartz arreena ere halakoxea da.
Bi animaliok arbaso komun bat izan zuten, baina zenbait adituk egindako ikerketen arabera, hibridazioa gertatu zen uneren batean bi espezie horien artean; leizeetako hartzen DNA aurkitu dute egungo hartz arreengan, eta, alderantziz: leizeetako hartzek ere bazuten hartz arreen DNA.
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ohorezko katedradun Trinidad Torres da leizetako hartzari buruzko aditu nagusietako bat, eta Iruñeko Planetarioko erakusketa osatzeko Nafarroako Gobernuak antolatutako saioetako batean aritu da. Ongi ezagutzen ditu Amutxateko aztarnategiko piezak, kobazuloan egindako indusketa kanpainetan aritu baitzen.
Leizeetako hartzek hibernazio garaian erabiltzen zituzten kobazuloak; handik kanpo, “ohiko kezkak” zituzten animaliok, Torresek Iruñean azaldu duenez: “Jatekoa bilatzea, lo egitea, eta sexua”.
“Hanka motzekoa, sendoa eta pisutsua” zen leizetako hartza, hezurrek emandako informazioaren arabera.
Historiaurreko animalien fosilak, hain zuzen, animaliok hezur-haragizko bilakatzeko giltza nagusietako bat dira, Mauricio Anton bilbotarraren gisako paleoartistek egiten duten lanari esker. “Torres bera izan nuen aholkulari, duela hogei urte, leizeetako hartzen lehendabiziko marrazkiak egin nituenean; ikaragarrizko animaliak dira”, gogoratu du ilustratzaileak.
Bertze aztarnategiak
Aralarko Amutxate kobazuloko fosilak dira Iruñeko Planetarioko erakusketako pieza nagusiak, baina badira bertze zenbait aztarnategitako fosilak ikusgai ere: Aralarko bertako —Aralar mendilerroa Euskal Herriko multzo karstikorik garrantzitsuenetariko bat da— Eulazko osingoak; Olatzagutiko Koskobilo leizekoak; Larraungo Maineako kobakoak; eta, azkenik, Ultzamako Abaunzko kobazulokoak. Nafarroako Gobernuak aztarnategi horietan gordetako “altxorra” erakutsi nahi izan du planetarioko erakusketaren bidez, Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak aurkezpenean agerian utzi zuenez.
Aztarnategietako piezekin batera, Amutxaten egindako lanen inguruko ikus-entzunezko batek osatzen du planetarioko erakusketa. Egoitza leize bilakatu da udan, duela 50.000 urteko Nafarroako kobazuloetako bizilagunen etxe bihurtu ahal izateko, hilaren 25era arte.