Iritzia: Beste meloi bat

Amets Aranguren Arrieta

Iraila da. Horrek esan nahi du idatz nezakeela itzuleraz, ia hilaren bukaerara arte arrastaka eramaten dugun udako ajeaz edo joan den astean Estatuko indar polizialek Arrotxapeko gazteekiko izandako jarrera negargarriaz. Baina dakigunaz harago ere ez dut askorik aportatzeko alor horietan. Beraz, ikasturte berriari hasiera emateko, beste behin ongi kontrolatzen ez dudan gai bati heldu eta haztakatuko dut pixka bat, bale?

Zera zioen txio bat irakurri nuen aurreko egunean: “Marika gutxi dago Sakanan eta inork ez du kuestionatzen zergatik”. Sakanako neska batek erantzun zuen, sekulako meloia dela esanez, eta bera ez dela irekitzera ausartzen, gainera etor dakiokeenagatik. Ni ere ez naiz nor meloi hori irekitzeko, baina bai azkenaldian buruan izan dudan beste kontu batekin lotura egiteko.

Musika talde bateko kide naiz. Egiten dugun musika nahiko lasaia da, eserita ere ikus daitekeen popa, sinpleki. Hitzak bizitzako pasarte arruntez mintzo dira, pixka bat polit jarriak. Sorpresa ederra izan da aurtengo uda kontzertuz kontzertu eta, hortaz, herriz herri ematea. Ikasi dut Eskoriatza politagoa dela izenak iradokitzen zidana baino, Bizkaian herri guztiak daudela elkarren ondoan eta Erriberriko plazako beroa jasangarria dela deus ulertzen ari ez den jende bat jartzen ari zaizun arretagatik bakarrik.

Oholtzan konturatu naiz musikarion eta publikoaren arteko harremanak uste baino gehiago baldintzatzen duela dena. Horregatik fijatzen naiz gure musika entzutera joaten direnengan. “Hauekin erlazionatuko naiz gaur” pentsatuz bezala.

Hogeita hamar bat kontzertu eman ditugu martxotik. Gipuzkoan eta Bizkaian gehienak, Nafarroa Garaian besteak. Eta kontu batekin nabil bueltaka azkenaldian. Bada publiko profil zehatz bat: 18 eta 25 (borobiltzearren) urte arteko mutil heterosexualak (hartu, faborez, azken bi hitz hauek pintzekin). Bina belarritako, Salomonak eta Brigade Loco-ren kamiseta. Eta arroparen deskribapena egiten dut, hein batean musikak identitatea markatzen duen heinean, janzkerak ere hala egiten duelako. Durangaldea edo Goierri holakoez beteta ikusi dugun arren, Iruñerrian ez zaigu profil horretako gazte askorik hurbildu. Hor da koxka. Kontzertuetan profil hori ikusten hasi ginenean ez genuen ulertzen. Orduan hasi ginen gure artean Ikusi dituzue hirugarren lerroko bi gazte horiek? Rotten-en kamiseta zeramatenak-en gisakoak komentatzen.

Ez dut ondorio argirik, baina bai ondorio (oker edo zuzenen) bat edo beste. Estetikak (bere edozein errepresentaziotan) garrantzia du identitatearen kontuan. Goierriko gaztearen euskalduntasuna ez du inork jarriko zalantzan, estetikoki egiten duen hautua egiten duela. Arrosadikoarena, aldiz, bai. Gure musika, agian, urrutiegi dago Arrosadiko gazteak behar duen horretatik. Ez galdetu zergatik (edo bai), baina honek Sakanako marikekin zerikusi handia duelakoan nago. Meloiaren hurrengo xerra, beste baterako.