Enpresa handiak daude, gaur egun, energia ereduaren erdigunean, eta sistemak haiei egiten die mesede, argindarraren prezioaren inguruko gorabeherek agerian utzi dutenez. Badira errealitate hori aldatu nahi duten proiektuak Nafarroan; jendearen esku egonen den eredu baten alde ari dira.
Edurne Elizondo
Argindarraren prezioarekin gertatu denak aztoratu egin ditu herritarrak azken hilabeteotan. Gorako bidean, goia jo du udako asteotan, eta agerian gelditu da atzean dagoen errealitatea: egungo energia eredua enpresa handien esku dago, eta haiei egiten die mesede prezioen kontrolik gabeko igoerari bide eman dion sistemak. Endesak, Iberdrolak eta Naturgyk, adibidez, 6.000 milioi euro baino gehiago irabazten dituzte urtean.
Enpresa handien ereduaren ordez, badira bertzelako alternatibak: enpresen tokian pertsonak jarri nahi dituen bertzelako eredu bat, sistemak herritarrei —eta, aldi berean, planetari— mesede egin diezaien.
Espainiako Gobernuak energiaren sektorea liberalizatzeko prozesu bat hasi zuen 1997an; ondorioz, 2009tik, argindarra saltzen duten ehun enpresa baino gehiago daude Espainiako Estatuan. Merkatu librean ari direnek kontratuan zehazten dute bezeroari zer prezio eskaintzen dioten; araututako merkatuan, berriz, egunero zehazten da prezioa, ekoizleen eta saltzaileen artean.
Araututako merkatu horretan gertatzen ari da azken hilabeteotako prezioen gorakada, hain zuzen. Merkatu horretan gertatzen denak, halere, bertzean ere badu eragina; bai eta Energia Gararen gisako irabazi-asmorik gabeko kooperatiba baten jardueran ere —Goiener eta Emasp ere badaude Nafarroan—.
Som Energia kooperatibaren Nafarroako taldea da Energia Gara, eta hamar urteko bidea egin du jada, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu jasangarri baten alde; ia 1.600 bazkide eta ia 2.800 kontratu ditu Nafarroan.
“Maiatzean egin genuen prezioa zehazteko batzar nagusia. Aurretik erositako energiari esker, irailera arte ez dugu beharrik izan merkatura joateko; merkatuaren egungo egoerak eragin du gure prezioak eguneratu beharra”, azaldu du Energia Gara taldeko kide Borja Barredok.
Merkatura joateak erran nahi du egungo energia ereduan nagusi diren ekoizle handiengana jo beharra. “Gu ere bagara energia sortzaile, gure proiektu propioen eta sustatzen ditugunen bidez”, zehaztu du Barredok. Ekoizten duten hori, halere, behar dutenaren %5 inguru baino ez da, oraingoz. Bezeroek kontsumitzen duten energia guztia berdea izatea bermatzen dute.
Energia ekoizteko egungo eredu nagusiak zerikusi handia du prezioaren gorakadarekin, hain zuzen, enpresa handiak eta ekoizpen zentro handiak direlako nagusi ekoizleen artean. Enpresa horien eragina nabaria da, gainera, energia herritarren etxebizitzetara ailegatu bitarteko urrats guztietan. Nafarroan agerikoa da hori: ekoizle nagusien artean dagoen Iberdrola da herrialdeko energia banatzaile nagusia, bai eta energia saltzailea ere.
‘Zikinak’ dira garestienak
Ekoizten den energia guztia Espainiako Sare Elektrikoak kudeatutako goi tentsioko lineetan sartzen da. Enpresa pribatu bat da hori, gaur egun. 1985ean sortu zuten orduko enpresa elektriko publikoek eta pribatu batzuek. Kapital publikoak behera egin du geroztik, baina Espainiako Estatuaren esku da, oraindik ere, kapitalaren %20.
Energia mota guztiek egiten dute bide bera: berdin eguzkiaren, uraren edo haizearen bidez ekoitzitako energia berriztagarriek, zentral nuklearrek edo ziklo konbinatuko zentralek ekoitzitakoak. Hain zuzen, azken horietan erabilitako gasak eragin du argindarraren prezioak gora egitea, neurri handi batean.
Gero eta baliabide eskasago bat da, eta gero eta garestiago saltzen dute gas hori dutenek. Energia zikinek, gainera, kopuru bat ordaindu behar dute eragiten dituzten CO2 isurketengatik. Beraz, energia mota horiek dira garestienak, eta, aldi berean, horiek zehazten dute Espainiako Sare Elektrikoak kudeatutako energia garraiatzeko sistemara sartzen diren energia mota guztien prezioa.
Espainiako Sare Elektrikoak goi tentsioan garraiatzen du energia, baina, kontsumitzeko, erdi edo behe tentsio bilakatu behar da. Hori da banatzaileen zeregina. Legez zehaztuta dago prozesuaren zati hori noren esku dagoen. Nafarroan, salbuespen batzuk bazter utzita, Iberdrola da banatzaile nagusia. “Logikotzat jo dezakegu etxera kable bakarra ailegatzea, bost izan beharrean; baina ez da hain logikoa enpresa pribatu bat izatea kable bakar horren jabe”, azaldu du Borja Barredok.
Autokontsumoa da jarraitu beharreko bidea, hain zuzen, Energia Garako kideen ustez. Nork berea ekoiztea, eta kontsumitzeko gunetik ahalik eta hurbilen, norbanakoen eta haien artean osatutako energia komunitateen esku egon dadin ardura. “Gutxiago kontsumitzea da egin beharreko lehen urratsa; autokontsumoa bigarrena”. Berriztagarrien alde eginez, betiere. Ez, ordea, nolanahi. Izan ere, eguzki eta haize parke handiak egiteko proiektuak ugaritu egin dira, eta eztabaida piztu da halakoek ingurumenean eragin dezaketen kalteari buruz. “Enpresa handiak eguzki plakak eta haize errotak jartzen ari dira erregai fosilak zeuden tokian, dirua irabazten jarraitzeko”, erran du Barredok. “Eredua da, baina, aldatu behar dena”.
Garesko Udalak talde bat sustatu du autokontsumo kolektiborako
Energia berriztagarriak oinarri dituzten proiektu txikiak sortzen ari dira Nafarroan, enpresa handiek zuzentzen duten egungo ereduari aurre egiteko. Autokontsumoa dute oinarri: tokian sortzea, eta tokian kontsumitzea. Urruzko Udalarena da gisa horretako egitasmoetako bat. Erakunde horren bide bera egin dute bertze zenbaitek ere, eta tokian tokiko autokontsumoa bultzatzeko komunitateak sortu dituzte.
Garesen, adibidez, aspaldi hasi ziren urratsak egiten. 2014an, inkesta bat egin zuten herritarren artean, eta ondorioztatu zuten bazela energiaren esparruan bide propio bat egiteko aukera. 2015ean, martxan jarri ziren: eguzki plaken bidez udalaren autokontsumorako egitasmo bat jarri zuten martxan. “Helburutzat hartu dugu udalak bere burua hornitzea; utopikotzat jo dute zenbaitek asmo hori; gure ustez, ordea, orain arte bezala jarrai dezakegula pentsatzea da benetako utopia”, erran du Garesko Udaleko alkate Oihan Mendok.
Frontoi estalia baliatu du Garesko Udalak behar dituen eguzki plakak jartzeko; herritarren esku ere utzi ditu bertze zenbait, haiekin batera sustatutako energia komunitatea hornitzeko asmoz. “Donejakue bidean gara, eta gure etxeetako teilatuetan ezin dugu jarri eguzki plakarik”, azaldu du. Mendok garbi erran du “zaila” izan dela eguzki plaken azpiegiturak behar zituen baimen guztiak lortzea.
Garesko Udalak badu energia sortzeko bertze asmorik: zentral hidroelektriko zaharra lehengoratu nahi du horretarako. Ez dute ahaztu nahi xedea zein den: “Herritarrak ahalduntzea, ekoizpen gune txikiak oinarritzat dauzkan eredu jasangarri baten alde egin dezaten”. Energia “lehen mailako behar bat” dela gogoratu du.
Izaba, energia sortu, banatu eta saltzen duen Pirinioetako herria
Euskal Herrian aitzindari izan da Izabako Udala, Ezka Ibaia enpresaren bidez energia sortu, banatu eta saltzen duen lehenengo udala baita. «Bakarrenetakoa», zehaztu du Izabako zinegotzi Aitor Perezek. Ezka ibaiaren ura baliatzen du udalak energia sortzeko. «Udan emaria ez da nahikoa, eta, ondorioz, energia erosi egin behar dugu».
1960ko hamarkadakoa da Izabako zentral hidroelektrikoa. Udala da haren jabe, eta udalarena da, halaber, Pirinioetako herriko linea elektrikoa. Banaketaren esparruan Iberdrolak duen nagusitasunari ihes egiten dion salbuespen bakarrenetakoa da Izabakoa, Electra Valdizarberekin batera, bertzeak bertze.
Sortzeko eta banatzeko gaitasuna izanda, energia saltzeko urratsa izan da Izabako Udalak egindako azkena. «Duela hiru urte egin genuen urrats hori, herritarrentzat garrantzitsua delako. Eskura ditugun natura baliabideak erabiltzen ditugu energia sortu eta diru iturri bat lortzeko. Gurearen gisako herri txikietan, baliabideak beti dira eskasak, eta halako aukerak altxor bat dira».
Perezek nabarmendu du herrira itzultzen dela energia salduz lortutakoa. Egun, 520 bezero dituzte. Herrian sustatzeko, gainera, badute energiarekin lotutako bertze egitasmorik. «Frontoia erabili nahiko genuke eguzki plaken bidezko energia lortzeko, eta energia komunitate bat abiatze- ko». Asmo hori gauzatzea «zaila» dela onartu du Perezek, halere, eta erantsi du «poliki» izanda ere aurrera eginen dutela «autokontsumoa» helburu duen eredu baten alde. Oraingoz, Energiaren Gela sortzeko bidean da Izabako Udala, Aste Zurian ibarrera eskiatzera joaten diren haur eta nerabeen artean energiaren gaia jorratzeko, bertzeak bertze.
Datuak
141,71
ARGINDARRAREN ATZOKO PREZIOA, EUROTAN Argindarraren prezioak goia jo zuen atzo, berriz ere: megawatt or-dua 141,71 eurora iritsi zen. Espainiako Gobernuak ez du asmorik gehienezko prezio bat ezartzeko.
5
‘POOL’ ELEKTRIKOA
OSATZEN DUTEN ENPRESAK Bost dira energia ekoizten duten enpresa nagusiak. Haiek osatzen dute handizkako merkatua edo pool elektrikoa: Iberdrola, Naturgy, Endesa, EDP eta Viesgo.