Zain taldeak «pozgarritzat» jo du bazter gelditu izana Zaraitzu ibaia erregulatzeko asmoa, baina salatu du «ate bat zabalik» gelditzen dela Esako lanek segitu bitartean.
Edurne Elizondo
Ez dute eginen: Espainiako Gobernuak 2022-2027 eperako prestatzen ari den Plan Hidrologikoak ez du jaso Zaraitzu ibaia erregulatzeko inolako proiekturik. Aspaldikoa zen Aizpurgin presa bat egin, eta lur azpiko —Leire mendilerroaren azpitik, zehazki— bederatzi kilometroko tunel bat eraikitzeko plana; asmoa zen Zaraitzuko ura Esako urtegira eramatea. Ebroko Ur Konfederazioak, baina, ate hori itxi egin du orain.
“Asmo txar horren aipamen oro desagertu da”. Hitz horiekin ospatu dute Zain elkarteko kideek Ebroko Ur Konfederazioko arduradunek hartutako erabakia. 2019an sortu zuten Zain, Zaraitzu zaintzeko, erregulatzeko asmoen aurka egiteko, eta herritarren eta ibaiaren arteko lotura sustatzeko, hain zuzen ere. Horregatik jo dute “ontzat” presa eta tunela egiteko asmoa bazter utzi izana. “Zuhur” izateko beharra nabarmendu dute, halere, orain itxitako atea berriz irekitzeko aukera ez baita erabat desagertu. “Proiektua baztertu dute, baina ez proiektu horren atzean zegoen filosofia. Ebroko Ur Konfederazioaren plangintza ez da aldatu”, ohartarazi du Zain elkarteko kide Dabid Sotok. Hau da, Esa handitzeko lanek aurrera segitzen dute.
Bilera, uztailaren 9an
Zain elkarteak joan den uztailaren 9an jakin zuen Ebroko Ur Konfederazioko arduradunek bazter utzi dutela Zaraitzu erregulatzeko asmoa. Plan Hidrologikoa prestatzeko prozesua adi jarraitu dute Zain taldeko kideek; prozesuan parte hartu dute ahal izan duten neurrian, eta Aizpurgiko presaren inguruko informazioa jasotzeko eta zabaltzeko presioa egin dute, konfederazioko organoen aurrean. “Lan egin dugu azalpenak emateko beharra senti dezaten”, erran du Sotok.
Uztailaren 9an online egindako Plan Hidrologikoari buruzko saioan, Zaraitzuren inguruko galdera egin zuten Zain taldeko kideek, hain zuzen, eta Ebroko Ur Konfederazioko Plangintza buru Miguel Angel Garcia Berak erantzun zien: Esa handitzeko lanek aurrera segitu arren Zaraitzu erregulatzeko proiektua albo batera utzia zutela ezagutarazi zuen. “Ez da indarrean”, zehaztu zuen Garcia Berak.
“Bilera horretan errandakoa idatziz ere jaso du Ebroko Ur Konfederazioak; nolabaiteko berme bat ematen digu horrek”, erantsi du Zain elkarteko kideak. “Berri ontzat” jo du lortutakoa, ospatzeko modukoa, eta garbi utzi nahi izan du Zain sortu aurretik ere egon dela ibaiaren alde lanean aritu den jendea. Denen garaipentzat jo du, ondorioz, Zaraitzuren inguruko proiektua baztertu izana. Nafarroako Gobernuak, zehazki, 1987. urtean egin zuen Zaraitzu erregulatzeko aukera aztertzeko txostena. Zain sortu baino lehen, Urbizi taldeko kideek ohartarazi zuten egitasmo hori gauzatzeko arriskuaz, 2017an.
Zaraitzuren alde lan egin dutenen artean, hain zuzen, Fito Jimenez zena nabarmendu du Dabid Sotok. Joan den abuztuan zendu zen Urbizi taldeko kidea, eta haren babesa eskertu nahi izan dute Zain elkarteko kideek. Esa handitzeko lanen aurka ere gogor egin zuen Jimenezek, eta lan horretan segituko dute Zain elkarteko kideek ere.
Sotok agerian utzi ditu Esa handitzeko proiektuari buruz Ebroko Ur Konfederazioko kideen diskurtsoan dauden kontraesanak. “Klima aldaketako jokaleku batean garela onartzen dute, gero eta ur gutxiago izanen dugula, alegia, baina, hala eta guztiz ere, urtegia handitzeko plana ez dute bazter uzten. Ura baliabide amaiezina balitz bezala jokatzen jarraitzen dute”.
Jarrera horrek eragin du Zain elkarteko kideen kezka eta zuhur jokatzeko beharra. “Esa handitzen badute, gerta daiteke berriz ere ura Zaraitzutik hartzeko aukera mahai gainean jartzea”, zehaztu du Sotok. Garbi utzi du, halere, Ebroko Ur Konfederazioko kideek ere onartu dutela “zaila” litzatekeela Azpurgin presa bat eta ura Esara eramateko tunela egiteko ingurumen baimena lortzea.
Ibaiaren balioa
Irailaren amaieran eginen du Zain elkarteak hurrengo batzar nagusia. Esari buruzkoa ez da jorratuko duten gai bakarra; elkarteak baditu bertzelako asmoak esku artean: Zaraitzu garbitzeko jardunaldi bat egitea —2019an egin zuten lehen aldiz—, eta Zaraitzu ibaiari buruzko maratoi biologiko bat antolatzea, bertzeak bertze.
“Maratoiaren asmoa da ibaiaren inguruko fauna eta landareak ezagutzea, herritarrek duten aberastasunari balioa emateko”, kontatu du Sotok.
Uraren kalitatearekin ere badute kezka, aurten ezin izan baitute Otsagabian ibaiko igerilekua ireki, ura zikina zegoelako. “Badugu lana”. Neguan, emariak berak garbitzen du ura, baina udan behera egiten du, eta ibaia ez da uraren kalitate onari eusteko gai. Horri buruzko gogoeta sustatu nahi dute Zain elkarteko kideek. Ibaia zaintzeko, eta bizitzeko.