Inork talka egin ez dezan

Inork talka egin ez dezan

Ioseba Fernandez patinatzaileak oinezko batzuekin izandako liskarraren berri eman du, Iruñeko pista publiko bakarrean dituzten «zailtasun handiak» salatzeko. Pasealeku bat dago erdian.

Edurne Elizondo

Barkamena eskatzea. Hori izan du lehen helburu Ioseba Fernandez abiadura patinatzaileak (Iturmendi, 1989), Iruñeko Antoniuttiko pistan hiru oinezkorekin izan duen liskarraren berri ematea erabaki duenean. Bigarrena: neurriak har daitezela eskatzea, istripu larririk gerta ez dadin.

“Gaizki pasatu nuen; jakin badakit oinezkoak anitz ikaratu zirela, eta benetan sentitzen dut; niretzat ere ez zen izan samurra”. Abuztuaren 30ean gertatutakoaz ari da Fernandez. Egun horretan, patinatzailea Iruñeko Antoniuttiko pistan entrenatzen ari zen. Iruñean gisa horretako azpiegitura publiko bakarra da, eta patinatzen hasi zenetik erabili izan du Fernandezek. 4 urte zituen patinen gainean lehen aldiz igo zenean; geroztik, Europako eta munduko txapeldun izan da, hainbat aldiz.

“Oinezkoengandik hurbil samar pasatu nintzen, eta ikaratu ziren; ni ere bai; haietako bat, gainera, haurdun zegoen emakume bat zen”, gogoratu du Fernandezek. Oinezkoen haserrea “ulertzen” du; ez, ordea, patinatzailearen jarrera kritikatzeko erabili zuten modua. “Oihuka hasi ziren, erantzuteko aukerarik eman gabe”. Gertatu zenak “gogoeta egiteko” balio dezala bertzerik ez du nahi orain.

Antoniuttin dagoen arazo nagusia da oinezkoentzako pasealekuak zeharkatu egiten duela patinatzaileen pista. Oinezkoek, txirrindulariek eta patinatzaileek espazio bera partekatzen dute, eta horrek ekartzen du tarteka gatazka piztea. “Ohikoak dira arazoak; beti gertatzen da zerbait”, erran du Fernandezek. Nafarroako Patinaje Federazioko presidente Pedro Sarasibarrek ez du ukatu arazo bat dagoela, eta bat egin du Fernandezen kezkarekin. Ez du uste, halere, gatazkak “eguneroko kontu bat” direnik. “Pistak zenbat gauza on ekartzen dizkigun nabarmenduko nuke nik”, zehaztu du. “Lehen mailakoa da”. Duela bi urte, berritu egin zuten.

Mila fitxa federazioan

Abiadura patinajeak indar handia du Nafarroan. Egun, federazioak patinajearen arlo horretan ari diren herritarren mila fitxa baino gehiago ditu. “Donibane kirol elkarteak bakarrik 170 ditu”, aipatu du Sarasibarrek. Elkarte horrek eta bertze klub anitzek ez dute entrenatzeko pista egokirik, eta, ondorioz, Antoniuttikoa erabiltzen dute. Zenbait elkartek badute; adibidez, Amaiak, Txantreak eta Lagunak-ek. “Elkarte pribatuak dira, eta haien esku dago erabakitzea sar gaitezkeen edo ez”, kontatu du Fernandezek. Federazioaren bidez, hain zuzen, goi mailako zenbait kirolarik badute elkarte horietan aritzeko aukera. Bazuten, behintzat. “Pandemiarekin, zorroztu egin dituzte sartzeko baldintzak”, erran du Fernandezek.

Patinatzaileak argi du oinezkoen pasealekua erditik ateratzea dela Antoniuttiko pistarako “konponbiderik egokiena”. Sarasibarrek ere bat egin du. Kontua da Iruñeko Udalak ez duela ontzat eman. Duela bi urte obrak egin zirenean oinezkoen bidea erditik ateratzeko “aukera galdu” zela uste du Sarasibarrek.

Fernandezek bertze proposamen bat egin du: “Federazioak egutegi bat eta ordutegi bat zehaztea, patinatzaileok lehentasuna izan dezagun egun eta ordu horietan”. Federaziokoek ez dute uste hori egingarria denik. Bertze aukera bat ekarri du hizpidera Sarasibarrek: “Kartelak jartzea, oinezkoak kanpoko aldetik bideratzeko; erraza da”. Behin betiko konponbide baten zain, Sarasibarrek garbi du denek “kontuz” ibili behar dutela.