Lur Albizu Etxetxipia
Ez dakit zuei gertatuko zaizuen edo bakarrik nire inpresio tonto bat den. Beharbada ez du errealitatearekin zerikusi handirik eta obsesio txiki bilakatu zait.
Gizonak ikusten ditut toki guztietan. Gizonak hemen, gizonak han. Gizonak hitz egiten, gizonak eztabaidatzen, gizonak espazioa hartzen. Gizonak aldaketak sustatzen, gizonak tradizioaren alde, gizonak pozik, eta gizonak harrituta.
Eta bereziki: gizonak beste gizonei buruz hitz egiten, gizonak beste gizonak miresten, gizonak haien artean eztabaidatzen eta elkarri erreferentzia eginez. Gizonak haserre, gizonak apurtzaile, gizonak nihilista, gizonak desatsegin, gizonak miresgarri. Ez da plaza publiko kontua (bakarrik), eta ez da argazki kontua (bakarrik). Plaza birtualean, Twitter deitutako sare sozialean, azken hilabeteetan, zenbat hitz egin da gizon-taldeez? Zenbat aita hiltzeaz? Zenbat eztabaida izan dira haien artean? Zenbat gairekin zegoen guztiz lotuta gizonen protagonismoa? Zenbat hilabete pasatu ditugu emakumeok begira? Eta ez da protagonismoa bakarrik: da apenas existitzen garela. Hizketagai izarretan ez dagoela emakumeon presentziarik, eta kalean bolo-bolo dabiltzan gai batzuetan ere zaila izaten da. Ez da gutaz gaizki hitz egiten dela: da erdigunerik ez izateaz gain, existituko ez bagina bezala gertatzen dela batzuetan.
Gehiegi esajeratzen ariko naiz beharbada, baina zenbakitan ikusi nahiko nuke errealitatea. Politikoki zuzena ez dena boladan jartzen ari dela ematen duen hauetan (oraindik ez dut ulertzen ahulekin inkorrektoa izatearen inkorrekzioa bera), iruditzen zait leku gehiago dutela gizonek. Dutela edo hartzen ari direla.
Izan ere, nola eginen duzu albo batera ez baduzu emakumeak ikusi ahal izateko gaitasunik ere? Ez baduzu zure norma horretan sartzen den beste edonor ikusteko gaitasun txikiena ere?
Esajeratzen ibiliko naiz Twitterren ikusten direnek ez dutelako kasik inoiz errealitatea ordezkatzen. Baina behintzat joera batzuk ikusteko ez dago gaizki. Eta bai, gizonak. Espazio asko okupatzen duzue. Prestigioaren lehian zoazte, nork norekin eztabaidatu, nork zer esan, nola nabarmendu. Postureoaren garaiotan, nahiko aurreratuta zabiltzate zeuen buruak publikoki agertzean. Gustuko duzue zuen artean aritzea, ez dudana ulertzen da zergatik ez zareten gehiago maitemintzen, ongi pasatuko zenukete!
Errealitatea toki konkretu horretatik irakurtzen duzue zuek, espazio osoa zuena izatetik. Gustatzen zaizue nabarmentzea. Eta nik uste dut baduzuela garaia gauza batzuk ikasteko, edo, noizbehinka, praktikatzeko, gutxienez.
Ez da hain zaila: isildu. Isiltasun pixka bat zarata horren guztiaren erdian. Probatu isiltzen, ea nola doan. Atseden hartu, ez da beharrezkoa beti, guztiaren gainean, iritzi bat izatea. Isiltasunak ez zaituzte itoko, eta, beharbada, besteok lasaiago biziko gara, tarte batez bada ere.