“Kanta bat aditzea bezala da Ursula K. Le Guin irakurtzea”

“Kanta bat aditzea bezala da Ursula K. Le Guin irakurtzea”

Idazle estatubatuarraren liburu bat euskaraz irakurtzeko aukera dago azkenik: Igela argitaletxearen eskutik, Amaia Apalauzak euskarara itzuli du haren eleberri ezagunenetariko bat: ‘Oihan hitzean mundua’.

Uxue Rey Gorraiz

Itzulpenari heldu aurretik, Amaia Apalauzak (Iruñea, 1979) nekez imajinatuko zuen eguzki sistemaz besteko errealitate batean sartzea hain atsegina izan zitekeenik; bestela uste du orain, Ursula K. Le Guinek irakatsita. Igela argitaletxearen eskutik, idazle estatubatuarraren The Word For World is Forest eleberria euskaratu du Apalauzak, Oihan hitzean mundua izenburupean. “Zientzia fikzioari buruz nituen aurreiritzi asko irauli ditu eleberri honek”, onartu du, pozik.

Zer irudipen duzu liburua aurkeztu berritan?

Irudipena oso ona da. Hainbat hilabete pasatu ditut liburuarekin bakardadean. Ez guztiz bakarrik, ze beti duzu lagunduko dizun norbait, zalantzak argitzen dizkizuna, gogoetak entzungo dizkizuna, baina egia da Ursularekin eman ditudala azken hilabeteak, intimitatean. Gero, liburua eskuartean duzunean sentitzen duzuna oso berezia da, eta plazara ateratzen duzunekoa ere bai. Harrotasun puntu bat ere badago. Pixka bat esajeratua da hau esatea, baina umetxo bat izatearekin ere aldera daiteke.

Nolakoa izan da harremana Le Guinekin, bada?

Ursula oso hurbilekoa egin zait. Itzulpenarekin hasi aurretik ez nuen askorik ezagutzen, baina, hari buruz eta hark idatzitakoez gehiago jakin ahala, are gertukoagoa iruditu zait. Pertsona sanoa zen, lagun artekoa, umore handikoa… Nolakoa zen ikusita, harekin kafe bat hartzeko gogoa sortzen zaizu. Askotan sentitu naiz haren ondoan banengo bezala, ia lagunak bagina bezala. Gainera, haren literaturak liluratuta utzi nau, irudimenak batez ere. Batzuetan, ia galdetzen nion: “Baina nola bururatu zaizu hori?”.

Spoiler-ik gabe, zer gai lantzen du Oihan hitzean mundua-k?

Liburu hau Ekumen zikloa esaten zaion sailaren barruan dago. Planeten arteko federazio bat dago, eta, hain zuzen ere, horietako bi planeta agertzen dira Oihan hitzean munduan: Terra eta Athshe. Terratarrek Athshe planeta inbaditzen dute, beren planetan oihan guztiak ustiatuak dituztelako. Kanpamentuak eraikitzen dituzte, hango biztanleak esklabo hartzen, hango zuhaitzak ebakitzen… eta horrek gatazkak sortzen ditu. Gai asko lantzen dira; distopia ekologikoa, adibidez.

Hizkuntzaren aldetik, nolakoa izan da itzulpen lana?

Sorpresa handia hartu dut. Aurreiritziak neuzkan zientzia fikzioaz: pentsatzen nuen estilo aldetik errazagoa izango zela, nahiko laua, konplexutasun handirik gabea; ez da horrela. Le Guinen hizkeraren soiltasuna oso poetikoa da, lirikoa, konparazio ugarikoa. Gainera, liburu honetan, ikuspegi ekologistagatik, naturari erreferentzia pila egiten dizkio, batez ere pertsonaia batzuen ahotsetan. Narratzaile batetik bestera, pertsonaia batetik bestera, hizkera asko aldatzen da.

Hori izan da zailtasun handiena?

Bai, doinu hori lortzea; erregistroak bereiztea eta lirikotasuna izatea. Le Guinek garrantzi handia ematen zion prosaren erritmoari eta errimei. Hura irakurtzea kanta bat aditzea bezala da.

Ia aldi berean argitaratu da liburuaren katalanezko bertsioa ere. Izan duzu harremanik itzultzaile katalanarekin?

Bai, ni jarri nintzen harremanetan Blanca Busquetsekin, itzultzailearekin. Hark Le Guinen hainbat liburu zituen itzuliak aurretik ere, eta jakin nuenean hau katalanera ekartzekoa zela, argi ikusi nuen asko komeni zitzaidala harekin hitz egitea. Gainera, badira liburu batetik bestera errepikatzen diren kontzeptuak. Asko lagundu dit, eta polita izan da.

Aitortu duzu aurreiritziak zenituela zientzia fikzioari buruz. Batzuek diote bigarren mailako literaturatzat ere hartu dela maiz.

Jende askori aditu izan diot zientzia fikzioa gehiago ikusten dutela entretenimendurako irakurketa modura. Ematen du gatazka moralei buruz edo gizakiaren arazoez edo auziez hitz egiteko modu bakarra fikzio errealista edo errealismoa dela. Ordea, Le Guinek eta beste autore batzuek erakusten dute zientzia fikzioa ere oso baliagarria eta oso aproposa izan daitekeela beste gauza batzuez hitz egiteko. Erakusten dute agian askoz ere eraginkorragoa izan daitekeela gaiak zientzia fikzio espekulatibotik jorratzea.

Bide luzea duzu itzulpengintzan. Zer genero zaizu gozagarrien?

Denekin gozatzen dut. Uste dut itzulpen bakoitzak eman didala zerbait, beti. Genero batean espezializatzeko beharrik ere ez dut ikusten; are gehiago, igual pixka bat aspertuko nintzateke. Nahiago dut lardaskan ibili, batetik bestera, eta denetatik zeozer jaso.

Noraino sartu behar du itzultzaileak idazlearen barrenean?

Nire kasuan, ia-ia obsesio bihurtzen da. Harreman bat sortzen dut idazlearekin, eta kasik haserretu ere egiten naiz harekin. Le Guinekin ez zait gertatu, baina pasatu izan zait pertsonaia batek nik nahi ez bezala jokatu duenean [barreak]. Barren-barreneraino sartzen naiz. Beti esan izan dut, erdi txantxetan, itzultzaileak neurotiko samarrak garela.

EIZIEko lehendakariorde ere bazara; aski ongi ezagutzen duzu sektorea. Zer egoeratan dago?

Oraindik bada jendea nolabaiteko erreparoa daukana itzulpenekin. Esaten dute ez dela ulertzen, edo erabiltzen dena ez dela gure euskara. Uste dut hori gainditzen hasiak garela, eta hori itzultzaileei esker gertatu da; gero eta itzultzaile hobeak ditugu, eta kalitatea handitu egin da, nabarmen. Gero, horretaz haragoko egoerari dagokionez, nondik begiratzen zaion, pozik egon zaitezke, edo negar egin. Argitaletxeek sekulako ahalegina egiten dute, baina ahal duten modura ibiltzen dira, oso euskarri ahulak dituztelako. Irakurle masa nolakoa den aztertzea ere inportantea da; hor badugu zer landua. Instituzioengandik behar dugu bultzadarik handiena.