Linas Korta: “Haztegietan gertatzen dena erakutsi behar da”

Linas Korta: “Haztegietan gertatzen dena erakutsi behar da”

E. Elizondo

Linas Kortak kamera du espezismoaren berri emateko eta zabaltzeko lan tresna. Askekintzarekin batera zuzendu zuen Gurean dokumentala, gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten Euskal Herriko bestei buruz —Argia saria jaso zuen ikus-entzunezko horrek, 2019an—. Euskal Herriko hiltegien inguruko ikerketa bat ere egin zuen, Nor talde antiespezistarekin batera, eta bidean jarraitzen du, bertzeak bertze, haztegietan gertatzen dena erdigunean jartzeko.

Caparrosoko makroetxaldean egona da, eta han ikusitakoaz badu zer erran: “Beste etxalde askotan ikusitakoa ikusi dut han, baina dena da askoz handiagoa: txahalentzako anitzez ere iglu gehiago dituzte, adibidez; ehunka daude halakoetan sartuta”, kontatu du.

Dokumentalista gisa, eta ikus-entzunezkoa bere euskarri izanda, Caparrosokoaren gisako haztegi bat “leku interesgarri bat” dela aipatu du Kortak: “Haztegi txikietan gertatzen dena gertatzen da handietan ere, baina dena batera. Caparrosoko haztegia da, nolabait esanda, Nafarroako beste haztegietan gertatzen denaren ispilu; gertatzen den esplotazioaren erakusle da”.

Falta den elementua

Linas Kortak azaldu du mugimendu ekologistak haztegi handien aurka egin izanak balio izan duela, neurri handi batean, auzia erdigunean jartzeko. “Uste dut ona dela ekologistek gai horri so egin izana, fokua jartzea gizakiz bertzeko animalien esplotazioan”. Erantsi du, halere, ekologisten analisian “ezinbertzeko” elementu bat falta dela: “Falta da jorratzea haztegiek animaliengan duten eragina, eragiten dieten sufrimendua eta kaltea”, erran du Kortak.

Ekologisten diskurtsoan, hain zuzen, Caparrosokoaren gisako haztegiek ekosistemetan duten eragina nabarmendu ohi da. Kortaren ikuspuntutik ere “garrantzitsuak” dira ekosistemak, eta garrantzitsua da ekosistema horiek zaintzea; ez, ordea, berez dutelako balioa, baizik eta “animalien etxe” direlako dutelako duten garrantzia.

“Kutsadurak ekosistemei eta horietan bizi diren animaliei kalte egiten diela salatzen dute; kutsadura sortzen duten haztegiek esplotatzen dituzten animaliei ere egiten diete kalte, baina hori ez dute aipatzen. Errealitateari so egiten diote, baina begi bat itxita”, dio dokumentalistak.

Linas Kortak anitzek ikusi nahi ez dutena erakusteko egiten du lan, hain zuzen. Euskal Herriko eta hemendik kanpoko hiltegietan filmatu du, bertzeak bertze, gizakiek kontsumitzeko hiltzen dituzten animalien azken minutua. “Hor ez dago alderik: esplotatzen dituztenek erabakitzen dutenean ailegatzen dira animaliak hiltegira, eta berdin du abeltzaintza estentsibo edo intentsiboko haztegitakoak izan. Ez batzuek, ez bertzeek ez dute hil nahi, eta hori agerikoa da hiltegian”, kontatu du.

Euskal Herrian eta hemendik kanpo egin du lan Linas Kortak. Garbi du haztegien auzia erdigunean jarri izana aprobetxatu behar dela eztabaida bideratzeko gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntzara. “Aukera baliatu behar dugu, gizarteari erakutsi haztegietan zer gertatzen den”.

Hemen ikus daiteke Linas Korta, Four Paws elkartearekin batera, prestatzen ari den lanaren lagin bat.

Argazkia: FOUR PAWS / AITOR GARMENDIA