Alzheimerra duten anitzek ez dakite eritasuna dutenik, eta diagnostiko goiztiar baten faltak zaildu bertzerik ez du egiten hari aurre egiteko prozesua. Afan elkarteko kideek garbi erran dute Nafarroako Parlamentuan: «Baliabideak behar ditugu».
Edurne Elizondo
Lan handikoak” izan dira azken egunak Afan alzheimerra dutenen senideen Nafarroako elkarteko kideentzat; eritasun horren nazioarteko eguna izan zen asteartea, eta Afaneko kideek alzheimerraren eta bertze dementzien inguruko jardunaldiak egin dituzte, Iruñean eta Tuteran, 29. aldiz. Nafarroako Parlamentuan izan dira, gainera, eta aukera hori baliatu dute baliabideak eskatzeko: “Baliabideak behar ditugu, kalitatezko arreta publikoa bermatzeko”, erran du Afan elkarteko presidente Amelia Lekunberrik.
Afan elkarteko kideek kalitatezko arreta horren barruan sartzen dute diagnostiko goiztiar bat lortzeko bidean urratsak egitea, eta garbi erran dute koronabirusaren pandemiak ez duela bide hori erraztu. “Dena mantsotu da; zerbitzu anitz telefono bidezko bilakatzeak ez du lagundu”, erran du Afan elkarteko psikologo Idoia Loreak. Denborak, baina, garrantzi handia du alzheimerrak edo bertze dementziaren batek jota direnentzat. “Diagnostiko goiztiar batek aukera ematen du arreta ahalik eta azkarrena jasotzeko, eta, neurri batean, gaitzaren garapena mantsotzeko”, erantsi du. Gaixoari, gainera, erabakiak hartzeko aukera ematen dio. “Hori hagitz inportantea” da, Lorearen hitzetan. Izan ere, gaixoa erabat menpeko bilaka dezake alzheimerrak, eta zaintzaileen esku uzten du erabakitzeko ardura guztia. “Eritasuna duenarentzat eta senideentzat inportantea da ardura hori partekatzea”.
Zaintzaileentzat ere garrantzitsua da eritasunaren berri ahalik eta azkarrena jasotzea, Amelia Lekunberrik zehaztu duenez. Familiek eritasunari buruzko gero eta informazio gehiago dute, baina horrek ez du beti bidea errazten, halere. “Egun, diagnostikoa jasotzen duen norbaitek badaki zer egoera bizi beharko dituen, eta hori kolpe latza da. Badaki zeri egin beharko dion aurre”, aipatu du Lekunberrik. Zaintzaileen zama arintzeko ere “baliabide gehiago” behar dela garbi du Afan elkarteko presidenteak. “Alzheimerraren eragina ez da bakarrik osasunaren arlokoa; gaitzak badu dimentsio ekonomiko eta sozial bat”.
7.000 pertsona inguru
Afaneko kideek ezagutarazi dituzten datuen arabera, alzheimerra dutenen %30ek ez dute diagnostikoa jaso. Nafarroan, egun, 7.000 pertsona inguruk dute gaitz hori, baina haietako 5.700 dira diagnostiko bat jaso dutenak. “Eritasun krudela da, eta gogorra gaitza duenarentzat, bai eta zaintzaileentzat ere. Ondorioz, alzheimerrak ukitzen dituen herritarrak 7.000 horiek baino anitzez ere gehiago dira”, nabarmendu du Lekunberrik.
Egun, Nafarroan, memoria unitate publiko bakarra dago, eta Iruñeko San Frantzisko Xabierkoa psikogeriatrikoan dago. “Badaude itunpeko bertze zenbait zentro, bai eta pribatuak ere, baina publikoa bat bertzerik ez da, eta ez da nahikoa”, erran du Afaneko presidenteak.
Gaitzak sendabiderik ez du, gaur egun, eta dauden tratamenduek eritasunaren garapena mantsotzea dute helburu. Halakoak are eraginkorragoak dira diagnostikoa goiz jasotzen denean. Bertzeak bertze, musika terapia, terapia okupazionala eta estimulazio kognitiboa erabiltzen dituzte.
Anitzek memoria arazoekin lotzen dute alzheimerraren hasiera, baina Idoia Loreak nabarmendu du, batez ere, izaeraren nahasmenduek pizten ohi dutela alarma. “Bat-batean haserretzen dira, edo haiengan ohikoak ez diren jarrerak erakusten dituzte. Gisa horretako jokabideei egin behar diegu so”, azaldu du Loreak.
Pandemiaren arrastoa
Pandemiaren bosgarren olatua apaltzen ari den honetan, “harago” so egiteko eskatu die Afan elkarteak Nafarroako Gobernuko arduradunei, alzheimerraren gisako gaitzek jota direnei “behar duten arreta” eskaintzeko. Koronabirusak dementzia dutenei eta haien zaintzaileei utzi dien arrastoa ere nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, koronabirusaren ondorioz, egoerak “okerrera” egin du alzheimerra duten gaixo anitzentzat. “Errutinak apurtu dizkiete, eta bertan behera gelditu dira denbora luzez haiek artatzeko zerbitzuak. Gaixo anitzen egoera fisikoak eta kognitiboak egin du okerrera; ezin ditugu ahaztu, gainera, koronabirusaren ondorioz hil direnak”, nabarmendu du Victoria Erize gizarte langileak.
“Zaintzaileentzat ere izan da gogorra. Latza izan da senideak ikusi gabe egon behar izatea”, Amelia Lekunberrik erantsi duenez. Familiek Afan elkartearen laguntza jaso dute pandemia garaian. 1990etik ari dira kideak lanean. Mila bazkide baino gehiago dira, eta gaixo eta senideentzat babes eremu bat izan nahi dute.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku