Lezaun, Gesalatz eta Deierrik Aldane proiektua txarretsi dute

Lezaun, Gesalatz eta Deierrik Aldane proiektua txarretsi dute

Green Capital Development etxeak 52 MWeko haize parkea egin nahi du, eta hamahiru errota jarri. Hiru udalek alegazioak aurkeztu dituzte.

Edurne Elizondo

Deierriko, Gesalazko eta Lezaungo udalek bat egin dute, eta hirurak ukitzen dituen Aldane proiektuaren aurka agertu dira, jendaurrean. Proiektu horren arabera, Green Capital Development enpresak 52 megawatteko parke eolikoa eraikitzeko asmoa du; 11 errota jarri nahi dituzte Lezaungo lurretan, eta bertze bi Iturgoienen (Gesalatz). Argindarra garraiatzeko azpiegiturak ere eginen dituzte bi udalotako lurretan eta Deierrikoetan; Etxaurin eta Oltzan, gainera, Orkoiengo azpiestaziora ailegatuko den goi tentsioko linea bat jarri nahi dute.

Deierriko, Gesalazko eta Lezaungo udaletako arduradunek garbi erran dute Aldane proiektuak “kalte larria” eraginen lukeela inguru horretan, eta ez duela bat egiten, “inondik inora”, udal horietako herritarren bizimoduarekin. “Udalak despopulazioaren aurkako lanean ari gara, eta haize erroten parkeak turismoaren sektoreari eraginen lioke zuzenean, bertzeak bertze. Proiektuak ez du bat egiten Nafarroako Gobernua klima aldaketaren aurka nabarmentzen ari den estrategiekin ere, eta ingurumenari eraginen lioke”, salatu dute.

Espainiako Gobernuan

Lezaungo alkate Mikel Etxebestek esaldi batean laburbildu du udalen jarrera: “Berriztagarrien alde gara, baina ez horrela”. Izan ere, Urbasa eta Andia naturguneko mugan egin nahi dute parkea.

52 megawatteko parke bat izanda, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren bidez garatzen ari dira Aldane proiektua. Nafarroako Gobernuak ere eman behar du iritzia, eta, Deierriko alkate Edorta Lezaunek jakinarazi duenez, Nafarroako Ingurumen Departamentuak proiektua txarretsi du txosten batean. Udalek ere alegazioak aurkeztu dituzte, Green Capital Development enpresaren egitasmoaren aurka.

Urbasa-Andia Bizirik plataformakoen mendi martxa, haize parke handien kontra. URBASA-ANDIA BIZIRIK.

Urbasa-Andia Bizirik plataformako kideak ere eurenak prestatzen ari dira. Duela urtebete inguru sortu zuten talde hori, eta, azken hilabeteotan, zenbait mendi martxa egin, eta sinadurak jaso dituzte Aldane proiektuaren aurka. Plataformako kide Irantzu Lizarragak ohartarazi du Aldane proiektuaz harago doazela enpresaren asmoak. “Urbasa eta Andia naturguneko hegoalde guztian garatu nahi dituzte beren proiektuak”. Lizarragak gogoratu du Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilari Itziar Gomezek nabarmendu izan duela Urbasa eta Andiako kontserbazio bereziko eremua zabaltzeko beharra, eta hori kontuan har dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari, hain zuzen. “Duen balioa aitortzen badiote Urbasa-Andiari, ezin dute onartu horrelako proiektu bat”, erran du Lizarragak.

Hamabost proiektu

Nafarroan anitz dira azken urteotan haize eta eguzki parke handien aurka antolatu diren herritarrak; plataformak sortu dituzte, herriz herri. Egun energiarekin lotutako hamabost proiektu handi tramitatzen ari dira Nafarroan. Gehiago dira aurkeztutakoak, Sustrai Erakuntza fundazioak salatu duenez: “2021eko otsailaren 1etik, energia berriztagarriekin lotutako 65 proiektu aurkeztu dituzte herrialdean”.

Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku