Atzera egiteko urratsak

Atzera egiteko urratsak

Astebete joan da Nafarroan COVID-19aren aurkako neurriak bertan behera utzi zituztenetik, eta emaitza «ontzat» jo du Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek. Herritarrek ere eskertu dute pandemiak eragindako murrizketak arintzea, eta, neurri batean, gaitza zabaltzen hasi aurreko egunerokora itzultzea.

Edurne Elizondo

Atzo negar egin nuen oholtza gainean, ustekabean. Ze hauskorrak garen. Pandemiaz geroztik, lehenengo aldiz antzokien %100 beteta. Besaulki bakoitzean pertsona bat”. Aitziber Garmendia aktoreak txio batean jaso ditu joan den larunbatean Berako kultur etxean sentitutakoak. Txaloren Losers aurkeztu zuten Garmendiak eta Jon Plazaolak, aspaldiko partez jendez bete zen areto batean.

Joan dena COVID-19aren aurkako neurririk gabeko lehendabiziko asteburua izan da Nafarroan. Zazpi egun joan dira Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zituenetik ordutegiak eta jende bilkurak mugatzen zituen arau oro. Maria Txibite presidenteak “ontzat” jo du emaitza, asteon, eta herritarrek ere eskertu dute, neurri batean, gaitza zabaldu aurreko egunerokora itzultzea.

Toki itxietan eta kanpoan segurtasun distantziari eusteko aukera ez dagoenean jantzi beharreko maskara da, egun, pandemia amaitu ez dela agerian uzten duen elementu nagusia. Berakoaren gisako kultur etxeetan desagertu dira ikusleen arteko aulki hutsak, eta aretoetan, berriz ere, libre da dantzatzea.

Kontzertuetan, “mantso”

“Jendeak gogoa zuen neurriak bazter uzteko; jende anitz etorri da, ongi pasatzeko gogoz”. Horixe kontatu du Iruñeko Zentral aretoko komunikazio arduradun Olatz Eisonek, murrizketarik gabeko lehendabiziko asteburuari buruz. Alde Zaharreko espazio horretan jatetxea eta dantzalekua dute, eta kontzertuak ere antolatzen dituzte. Pandemiak eragindako egoera “gogorra” izan dela onartu du Eisonek, eta eskertu dutela, ondorioz, neurriak arintzea. Aipatu du, halere, herritar anitzen deiak jaso dituztela azken egunotan, segurtasuna bermatzeko moduaz galdezka: “Uste dut pixka bat kostatuko zaigula lehengora itzultzea kontzertuetan. Jendeak badu beldur pixka bat. Denbora beharko dugu ohiko egoerara bueltatzeko”.

Eisonek uste du gaitzari buruzko datuek markatuko dutela, neurri handi batean, hemendik aurrerako bidea. “Egoerak txarrera egiten ez badu, jendeak beldurra galduko du”.

Musikaren Industriaren Nafarroako Elkarteak ere uste du lehengo egoerara itzultzeko bidea “mantsoa” izanen dela; oro har, “ontzat” jo du Nafarroako Gobernuak murrizketak bertan behera utzi izana, baina ohartarazi du neurriak kentzea ez dela nahikoa sektorea biziberritzeko. “Sektoreak laguntza zuzenak behar ditu aurrera egin ahal izateko”. Elkarteak, zehazki, babesa eskatu du “Nafarroako musikaren industriaren ehunari” eusteko: “Lagun ditzatela kontzertu aretoak, enpresak eta profesionalak, edo susta ditzatela musika jaialdiak”.

Kulturarena izan da pandemiak gogorren jo duen sektoreetako bat. Arloz arlo, halere, ezberdin egin diote aurre egoerari. Edukieran ezarritako neurriek ekarri dute zenbait jarduera bideragarri ez izatea —musikaren arloko sustatzaileek nabarmendu dute hori—; bertze zenbaitetan, berriz, neurriek eragindako mugekin egin dute aurrera eragileek.

Nafarroako Filmotekan, adibidez, muga horiek eragin dute antolatzen dituzten zikloetako ikusle fideletako anitz tokirik gabe gelditzea. Horregatik, filmotekako programazio arduradun Alberto Cañadak “pozgarritzat” jo du ostiraletik edukieraren %100 berreskuratu izana. “Kontent gara gure publikoak eskertuko duelako, batez ere”.

Lehengora itzultzeko gogoz

Udalen kultur jarduerari ere eragin diote pandemiagatik ezarritako neurriek; Lesakakoan “kontent” dira berriz ere badutelako kultur etxea “betetzeko” aukera. Ladis Satrustegi alkateak onartu du, halere, “harritu” egin zuela, neurri batean, Nafarroako Gobernuaren murrizketak hutsean uzteko joan den asteko erabakiak. “Uste nuen neurriak arintzen joanen zirela, pixkanaka. Halere, adituek horrela egitea erabaki badute, egokia delako izanen da. Herritarrek bazuten ohiko egunerokora itzultzeko gogoa, eta noizbait egin behar genuen horretarako urratsa”, erran du.

Lesakan, uztaileko asteak bereziki gogorrak izan ziren, udalak sanferminak bertan behera utzi arren, herritar anitzek bestak ospatu zituztelako, COVID-19ari aurre egiteko inolako neurririk hartu gabe. “Zerbait egonen zela uste genuen, baina ez genuen hainbertze espero. Gu udal txiki bat gara, eta ezin izan genuen egoera kontrolatu”.

Uztailaren 14an baheketa egin zuten Bortzirietako 14 eta 29 urte bitarteko herritarren artean, positiboek nabarmen gora egin eta gero. “Egoera zaila izan zen; gazteak eta ez hain gazteak aritu ziren besta egiten. Osasun etxeko langileek aparteko ordu pila bat egin zuten, eta lortu genuen egoerari buelta ematea”.

Ostalariak, kontent

Uztaileko krisiak eragin zuen Lesakako herritarrek zuhurrago jokatzea. Azken asteotan, halere, herrian sumatzen da “bertze animo bat”. Horixe erran du Ladis Satrustegi alkateak, eta zuhur jokatzeko beharra ahaztu gabe, eskertu du egoera berria.

Herriko eta herrialde osoko ostalariek ere bai. Herritarrak tabernetako barretara itzuli dira. Amaitu dira pandemiagatik ezarritako edukiera eta ordutegi mugak. %100 bete daitezke, berriz ere. Murrizketarik gabeko lehen asteburuan, hain zuzen, kopuru baimendua ez zutela gainditzen kontrolatu zuten taberna anitzek.

Nafarroako Gobernuak neurriak bertan behera utzi izana ospatu dutenen artean toki nabarmena dute ostalariek. Behin baino gehiagotan egin dute protesta gobernuaren kontra, COVID-19ari aurre egiteko neurriek eragindako “kaltea” salatzeko. Txibitek hartutako erabakiaren berri eman eta berehala agertu dute ostalariek beren “poz handia”. Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak, adibidez, garbi erran du “hasierara itzuli” direla ostalariok, eta eskertu dute “normal lan egiteko aukera”. Nafarroako Gobernuari eskatu diote, halere, “gertutik” jarrai dezala sektore horren egoera, eta “behar diren politikak” jar ditzala martxan, aurrera egin dezan.

Bizikletaren eguna

Sakanako Bizikletaren Eguna ospatuko dute, urriaren 17an, 27. aldiz. Irurtzunen hasi eta Altsasun amaituko den ibilbidea prestatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak. Iazkoak behar zuen izan 27.a, baina ezin izan zuten egin. “Bertan behera utzi behar izan genuen, pandemiagatik”, oroitu du zerbitzuko jarduera fisikoaren eta kirolaren teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

“Berri ontzat” jo du murrizketak bertan behera utzi izana, urriaren 17koaren gisako jarduerak antolatzeko aukeragatik, batez ere. “Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan uste dugu kirola dela herri ezberdinetako bizilagunek bat egiteko eta elkar ezagutzeko tresna bat; pandemiagatik ezin izan dugu hori sustatu, hain zuzen”.

Bizikletaren egunaren gisako bertze zenbait jarduera bertan behera utzi behar izan du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, COVID-19aren aurkako neurriek ezarritako neurriengatik. Gerrikagoitiak onartu du, halere, egunerokoan, zerbitzuak antolatzen dituen ohiko ikastaroetan, eragina ez dela hagitz handia izan. Eskertu du, halere, murrizketak hutsean gelditu izana.

“Neurriak bertan behera uzteko irrikan ginen”. Horixe erran du Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek, murrizketarik gabeko lehendabiziko asteburua joan eta gero. Herritarrei “kontuz ibiltzeko” beharraz ohartarazi die: “Jendea gogo handiz atera da karrikara; ez dezagun ahaztu, halere, errespetuz eta zuhurtasunez jokatu behar dugula, birusak gure artean jarraitzen baitu”. Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Nafarroako Institutua izan da, baina, iazko udan hasitako aldi pandemikoa “bukatutzat” eman duena. Irailean egin zuen, eta Txibitek zehaztu behar izan zituen erakunde horretako arduradunen hitzak, biharamunean. “Transmisioa apaldu” zela erran zuen.

Apaltzen segituko duela espero du Nafarroako Gobernuak, eta txertoen eragina nabarmendu du beheranzko bide horretan. Txertoak lagun, dantzatzeko libre izaten jarraitu nahi dute herritarrek.

 

 

Zainduz-ek salatu du zahar egoitzek segitzen dutela «egokitu gabe»

“Gure zaharren egoitzak ez daude prest pandemia bati aurre egiteko; egokitu gabe segitzen dute”. Horixe salatu du zahar etxeetako egoiliarren senideek osatutako Zainduz elkarteko kide Mikel Auzak. Nafarroako Gobernuak COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera utzi eta gero, zahar etxeetako egoera ez dela aldatu azaldu du.

Uztailetik, senideek nahi dituzten bisitak egin ditzakete; ahal dela, bisita horiek egoitzen kanpoko aldean egitea gomendatu du Nafarroako Gobernuak. Barrura sartzeko, txertoa jarrita behar dute senideek. Bertzela, espazio mugatu batzuetara baino ezin izanen dute sartu. “Kontua da zahar etxe bakoitzak nahi duena egiten duela”, salatu du Auzak.

Agerraldia Kasedan

Pandemiak agerian utzi du, batez ere, zaharrak artatzeko egungo eredua ez dela egokia. Hori nabarmendu du Auzak. Aipatu du Kasedako zahar etxean agerraldi bat izan dutela, berriki, eta 30 pertsonari baino gehiagori eragin diola. “Zaharrak geletan bakartu dituzte, berriz ere, horrek eragiten dien kaltea kontuan hartu gabe”. Pertsonak “erdigunean” jartzeko ordua dela erran du.