Koldo Colomok Izarbeibar eta Mañeruibarko euskal goitizenak ikertu eta jaso ditu ‘Izengoititegia’ izenburuko liburuan. XIII. eta XX. mende arteko laurehun baino gehiago bildu ditu. Pamielak argitaratu du lana, eta Nafarroako Gobernuaren sari bat jaso du.
Edurne Elizondo
Serio hartu du gaia, baina garbi erran du, aldi berean, “dibertigarria” dela. Halakoxeak baitira izengoitiak, Koldo Colomoren hitzetan. Egileak Izarbeibarko eta Mañeruibarko euskal goitizenak jaso ditu liburu batean, Pamiela argitaletxearen bidez. Colomoren Izengoititegia lanak ikerketa lan sakona du oinarri, eta dibulgaziorako asmo garbia, gainera. Nafarroako Gobernuak saritu egin du.
Pedroandia, Banauka, Artaxi, Obispo, Baskotarra… Colomok, denera, 425 goitizen bildu ditu bere liburuan. XIII. eta XX. mende artekoak dira, XVIII.ekoak gehienak. Garaian garaiko herritarren bizimoduaren berri ematen dute, neurri handi batean.
Colomok testuinguru bat eman die bere liburuan jasotako izengoitiei. Nabarmendu du, adibidez, 36ko gerraren inguruan hil zirela inguruko azken euskaldunak. “Hemen, garai batean, euskara erabat desagertu zen memoriatik. Jimeno Jurioren lanari esker jakin genuen euskara hemen zegoela; finean, gurean bi belaunaldi ez dira pasatu euskararik gabe”.
Izarbeibarko eta Mañeruibarko egungo euskaldunek D ereduan eta euskaltegian ikasi dute hizkuntza, batez ere. Horrek ekarri du, Colomoren hitzetan, “hutsune bat” izatea euskararen erregistro informalean.
Hutsune hori betetzeko baliabideak eskaini nahi dizkie egileak herritarrei, hain zuzen ere, bere lanaren bidez.
Lan “dokumentatua”
Hiztunei “baliabide linguistiko bat” ematea ez da izan Koldo Colomoren Izengoititegia sortzeko prozesua bultzatu duen asmo bakarra. Egileak sakondu nahi izan du, gainera, orain arte anitz ikertu ez den izengoitien esparruan. 2014an Izarbeibar eta Mañeruibarko etxe izenen inguruko liburuak eman dio hori egiteko giltza, orduan ohartu zelako izengoitien arloan lantzeko zegoenaz.
Lan hori aprobetxatu du, neurri handi batean, izengoiti anitz etxe izenekin lotuta baitaude. Etxe izenak jaso dituen liburua, halere, ez da izan egileak baliatu duen iturri bibliografiko bakarra: “Zenbait lan etnografiko eta artxibategitako bertze batzuk ere erabili ditut”. Bai eta koplak ere. “Juan Bautista Gamizek idatzitako zenbait bertsotan, adibidez, ia laurogei izengoiti aurkitu nituen. Erlijio gizona zen, gasteiztarra, baina Garesera etortzen zen, eta hemengo izengoitiak jaso zituen”. 1744koa da Colomok erabilitako agiria.
Colomoren asmoa izan da jasotako izengoitiak “ongi dokumentatzea”, inork zalantzan jar ez ditzan. “Ukitu formala eta zientifikoa eman nahi nion liburuari”, berretsi du. Dokumentatuak izateaz gain, Colomok jasotako izengoitiek betetzen dituzte bertze bi baldintza: euskarazko hitzak dira, edo, bederen, Izarbeibarko eta Mañeruibarko euskaran erabiliak; eta ulergarriak dira. Colomok garbi utzi du “oso garrantzitsua” izan dela hitza ulergarria izatea, hiztunei baliabideak ematea duelako xede.
Izengoitiek gizarte baten berri ematen dute. “Gizarte tradizional baten ispilu dira, neurri batean, azaltzen baitute mundua nola ikusten zuten”, aipatu du Koldo Colomok. Goitizenen inguruko ikerketa semantikoa egin du, batetik, eta, bertzetik, linguistikoa. Hau da, izengoitien esanahiarekin batera, hitz horiek sortzeko moduak ere aztertu ditu egileak.
Esanahiari buruz, Colomok erran du izengoiti anitz deskriptiboak direla. Ogibideak ematen zuen izengoitia, adibidez, anitzetan. Bertze batzuk, berriz, konnotatiboak dira. Azken horien atzean “poesia gehiago” dagoela azaldu du Colomok, bai eta “malezia” ere, zenbaitetan. “Baliteke jasotako izengoitietako anitz politikoki zuzenak ez izatea egun”.
Colomok erantsi du izengoitiak “definizioz” aldatuz doazela. Aipatu du, bertzalde, emakume izengoiti gutxi aurkitu duela. Bertze anitzek genero markarik ez dutela azaldu du, halere, eta, ondorioz, erran du goitizenena ez dela “gizonen kontua”. Maribel Tenak egindako ilustrazioak erabili ditu Colomok liburuan emakumeei espazio gehiago emateko.
Babesa eskertu du
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak saritu du Koldo Colomoren liburua. Babes hori eskertu du egileak, bai eta Garesko Udalarena, Izarbeibarko Mankomunitatearena eta Laiariak elkartearena ere, bertzeak bertze. Kike Amonarrizen laguntza ere eskertu du Colomok, hark idatzi baitu Izengoititegia laneko aitzinsolasa. Batzuek babestu eta bertzeek lagundutako emaitza herritarren esku jarri du orain Koldo Colomo egileak, Izarbeibarko eta Mañeruibarko hiztunek “erabil” dezaten.