Iruñeko Emakumeen Etxeak bi urte bete ditu. Koronabirusaren pandemiak ez du erabat eten han ari diren kolektiboen jarduera, baina erran dute bulkada bat behar dutela.
Edurne Elizondo
Ordu erdi falta da bisita hasteko. Iruñeko Emakumeen Etxeko atarian, halere, sumatzen da eguna ez dela ohiko bat: egoitzak bere ateak irekiko ditu, bigarren urteurrena ospatzeko. Egindako bidea ez da luzea, baina aspaldikoa da hiriburuan emakumeen etxe bat izateko aldarria. Horregatik ospatu nahi dute: koronabirusaren pandemiak baldintzatuta ere, bigarren urteurrena dutelako, eta data hori baliatu nahi dutelako handitzen jarraitzeko behar duten bultzada jasotzeko.
“2019ko urrian inauguratu genuen etxea, eta, handik hilabete gutxira, pandemia etorri zen”. Patricia Oloriz Iruñeko Emakumeen Etxea elkarteko ordezkariarenak dira hitzak; azken ukitua ematen ari zaie etxeko ataria apaintzeko zintzilikatu dituzten oihalei. Bisitariak hartzeko zain da, “kontent eta gogoz”. Pandemia hasi eta gero, eta oztopoak oztopo, etxean bat egin duten kolektiboek lortu dute antolatutako ikastaro eta jarduerei eustea. “Lortu dugu topagune bat izan nahi dugula erakustea, eta etorri diren emakumeen arteko saretzea sustatzea”, nabarmendu du Olorizek.
Harago jo nahi dute, halere. “Bada garaia bertzelako zerbitzuak eskaintzen hastekoa, eta, horretarako behar dugun aurrekontua jasotzekoa”, aipatu du Olorizek. Indarkeria jaso duten emakumeentzako arreta zerbitzuez ari da, adibidez: “Psikologoak eta abokatuak behar ditugu; zerbitzu bat eskaini, ikuspuntu feminista batetik”.
Kontserbatorioan
Oloriz atean gelditu da, bisita hasteko zain. Egoitzan gora eta behera dabiltzan gainerako kideen artean da Pilar Bobes, Miran Foroko kidea. Emakumeen Etxea lortzeko bidean hasieratik aritu da lanean. “Proiektua prestatzen, egoitza bilatzen… urteak eman ditugu lanean, baina, azkenean, badugu gure etxea”. Pablo Sarasate kontserbatorioa zenaren egoitza da orain emakumeen aterpea. Eraikineko aurrealdean da, oraindik ere, musikariaren omenezko estatua. “Agian bada garaia emakume musikari batena jartzeko”, erran du Ana Diez de Urek, harrizko Sarasateri so.
Diez de Urek ere parte hartu du Emakumeen Etxea bultzatzeko prozesuan, eta bigarren urteurrena ospatzeko egunean, bisita gidatzeko ardura hartu du bere gain. Ongi etorria egin die agertu diren emakumeei, eta aretoz areto eraman ditu.
“Nabarmentzekoa da udal talde guztiek aho batez onartu izana Emakumeen Etxea”, azaldu du gidariak bisitaren hasieran. Bisitariei kontatu die Iruñeko Udalaren eta Iruñeko Emakumeen Etxea elkartearen artean egiten dutela kudeaketa. Korridorean gora, azaldu die kontserbatorioko areto nagusia zena ezin dutela erabili, egokitu gabe dagoelako. “Sekulakoa da, eta pena da ezin erabiltzea”. Diez de Urek erantsi du egoitza partekatzen dutela Iruñeko Udalaren Coworkids proiektuko kideekin eta herritarrak etxean
artatzeko zerbitzuko langileekin. Azken horiek biltegi moduan erabiltzen dute Emakumeen Etxeko kideena beharko lukeen bertze areto bat.
Elkarri irakatsi
Azken hilabeteotan, lorategia bilakatu da etxeko areto nagusi. “Lorategiak eman digu aukera pandemiak ezarritako murrizketei ihes egiteko”, erran du Maria Malo Brutauk. Emakumeen Etxeko presidentea da, eta Dekumas emakume lesbiana, bisexual eta transen elkarteko kidea.
Emakumeen Etxea “askotarikoa” dela nabarmendu du Malo Brutauk, eta horrek bilakatzen duela aberats. Zarys Falconentzat ere “aberastasuna” da etxean bat egiten duten emakumeek elkarrengandik ikasteko aukera izatea. Euskal Herriko Emakume Migratzaile eta Arrazializatuen Sareko kidea da, eta feminismoa “antirrazista eta antikolonial” baten alde egin du.
Artista da Falcon, eta bere artearekin ospatu du Emakumeen Etxearen bigarren urteurrena. 2020ko Martxoaren 8an, dantzan jarri zuen Gazteluko plaza, “gorputzak aldarri politiko bilakatuz”, eta orduko “energiari” segida eman nahi izan dio Agoitz karrikako 9. zenbakiko Emakumeen Etxean. Bi urte bete dituzte, eta ospatu dute.