Txalapartak ‘Y el tiempo se detuvo’ liburua argitaratu du, Natalio Cayuela zenari buruz. Zenbait egilek «auzolanean» egindako lan bat da, eta helburu du Cayuelatarren memoria zabaltzea. Osasunako presidente izan zen; 1936an hil zuten, Santiago anaiarekin batera. Enriquek ihes egitea lortu zuen.
Edurne Elizondo
Dena eten egin zen 1936ko uztailean. Francisco Francoren altxamendu militarrak garbiketa politiko bortitza hasi zuen, eta herrialdeko milaka familia erditik puskatu zituen. Cayuelatarrena izan zen bat. Natalio eta Santiago Cayuela anaiak Valcarderako sarraskian (Cadreita) fusilatu zituzten; Enriquek, berriz, ihes egitea lortu zuen, hiru hilabetez Iruñeko autobus geltokiko erlojuaren barruan ezkutatuta egon eta gero. Haien memoria jaso du Txalapartak, Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela, Osasuna y justicia liburuan. Zenbait egilek “auzolanean” egindako lan bat da, Osasunako presidente izandako Natalio Cayuelari eta haren familiari buruz.
Liburuak martxan jarri du erlojua, berriz ere, denbora luzez nagusi izan diren isiltasuna eta ahanztura hutsean uzteko asmoz; Cayuela familiari “merezitako omenaldia” egin, eta harentzat justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko. Memoria astintzeko ariketa horretan, gainera, erakundeak lotu dituzte egileek: Nafarroako Parlamentuan aurkeztu dute liburua, etxe horretako, Nafarroako Gobernuko eta Osasunako zenbait agintariren aurrean.
“Zor diegu”
Osasunako presidente Luis Sabalzak orain arteko “hutsa” onartu bertzerik ezin izan du egin. “Gure taldeak ez du ongi zaindu bere historia, eta ez gara ahalegindu gure lehen urteen inguruko ilunak argitzen”, erran du. “Guztiz bidezkoa da Natalio Cayuelari eta haren familia osoari aitortza egitea; zor diegu”.
Iruñekoa zen Cayuela-Medina familia. Leonardo Cayuela eta Concepcion Medina izan ziren Natalio, Santiago, Enrique eta Josefina anai-arreben guraso. Natalio Cayuela abokatua zen, eta eragin handia izan zuen garai hartako Iruñean: Osasunako sustatzaile eta presidente izan zen —ia hamar urtez, bi alditan; 1935ean, taldea Espainiako Lehen Mailara igo zenean, Cayuela zen presidentea—, Espainiako Giza Eskubideen Ligako kide, Nafarroako Gurutze Gorriko buru eta Erruki Etxeko ordezkari, bertzeak bertze. Nafarroako Justizia Auzitegiko idazkari ere izan zen, erakunde horren egoitza egungo Nafarroako Parlamentuaren tokian zegoenean.
Lau anai-arreben artean Josefina Cayuela zen zaharrena (1890-1970). Anaiak bezala, futbolzale sutsua zen. Josefinaren ondotik jaio ziren Natalio (1891-1936) eta Enrique (1895-1952), eta gazteena izan zen Santiago (1910-1936).
1936an, frankisten altxamenduak gogor jo zuen familia. Santiago Cayuela uztailaren 19an atxilotu zuten, kolpe militarraren biharamunean; Natalio, berriz, abuztuaren 3an. Biak ziren Izquierda Republicanako militante, eta biak fusilatu zituzten Valcarderan, 1936ko abuztuaren 23an. “Iruñeko espetxetik atera zituzten, Valcarderara eraman eta han fusilatzeko. 51 pertsona hil zituzten, eta bakar batek lortu zuen ihes egitea, Honorino Artetak”, oroitu du Y el tiempo se detuvo liburuaren egile eta koordinatzaile Eduardo Martinez Lakabek. Harekin batera idatzi dute Josu Chuecak, Miguel Izuk, Amaia Alvarezek, Mikel Huartek, Joseba Compainsek, Ion Flamariquek, Gustavo Muñozek eta Jose Manuel Jaurrietak. Frankismoaren errepresioa jasan zuten gorritxoen inguruko memoria lantzen ari dira.
Iruñetik Txilera
“DNA lagin bat utzi nuen, duela hiru aste. Natalioren eta Santiagoren gorpuak desagertuta daude oraindik ere, baina ez dugu galdu nahi noizbait aurkitzeko esperantza”. Leo Cayuelarenak dira hitzak, Enrique Cayuelaren bilobarenak; Iruñea eta Txile lotu ditu liburuaren aurkezpenean. Enrique Cayuelak eta haren familiak Txilerako bidea hartu zuten, frankismoari ihes egitea lortu eta gero. Maria Luisa Arzak irundarra zen Cayuelaren emaztea. Hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Luisa, Concepcion eta Jose Erique Cayuela Arzak. Azken horren semea da Leo Cayuela. Amatxiren lezioak gogoratu ditu liburuaren aurkezpenean: “Beti erraten zigun, gauza guztien gainetik, bizitza gozatu behar genuela; mezu horri eutsi nahi diot nik ere”.
Leo Cayuelak anitz ikasi du Iruñean sortutako familiari buruz, Y el tiempo se detuvo liburuari esker. Ez da izan Txiletik Iruñera bidea egin duen Enrique Cayuelaren senide bakarra. Familiak ezagutu nahi izan du Iruñeko autobus geltoki zaharreko erlojua, hiru hilabetez Enriqueren ezkutaleku izandako espazioa.
Diaz-Delgadoren etxetik
Enrique Cayuelaren familia Oliveto kondearen 8.ean bizi zen 1936an; eraikin berean zuen bere etxea Cayuelaren lagun Ramon Diaz-Delgadok. Diaz-Delgadoren etxean zegoen, hain zuzen ere, autobus geltoki zaharreko eraikinaren aurreko aldeko erlojura sartzeko atea.
Cayuela eta Diaz-Delgadoren aterpe izan zen erlojuaren barrualdea, hiru hilabetez. Garai hartan, Valeria Beaumont 18 urteko emakumea bizi zen Cayuela-Arzak familiaren etxean; han egiten zuen lan. Beaumonten alabek, Ana eta Lurdes Reyk, Y el tiempo se detuvo liburuan kontatu dute amak 1970eko hamarkadan azaldu ziela erlojuaren istorioa.
Antza, bizilagunen batek ematen zion abisua Enrique Cayuelari Poliziaren bisita jasotzeko arriskua zegoenean, Cayuelak ezkutalekura ihes egin zezan. Beaumontek etxeko atea ireki, eta Cayuela ez zela erraten zien, “kanpoan” zela. Diaz-Delgadoren etxean, armairu batekin tapatzen zuten erlojuaren atetxoa.
Gauez, etzanda egon behar zuten, erlojua barrutik argitzen zutenez itzalek bi gizon erakuts ez zitzaten. Azkenean, urrian, kontrabandista baten laguntzari esker, Iruñetik Pirinioez bertzaldera joateko atera ziren Enrique Cayuela eta Ramon Diaz-Delgado. Txilera egin zuen bidea Cayuela-Arzak familiak.
Ikertzen jarraitu
Erbestera kondenatutakoen hariari heldu dio Josu Chueca historialariak Y el tiempo se detuvo liburuan, eta Nafarroako Parlamentuan egindako aurkezpena baliatu du nabarmentzeko sorterritik alde egin behar izan zutenen inguruan gehiago ikertzeko beharra.
Y el tiempo se detuvo liburuaren egile eta koordinatzaile Eduardo Martinez Lakabek ere garbi du ikertzen jarraitzeko beharra badela. “1936ko gerrari buruzko lan bat ateratzen denean, beti bada zauriak berriz irekitzea txarresten duen norbait. Baina kontua da gisa horretako lanek ez dutela zauria berriz irekitzen, 1936ko gerrak utzitako zauria oraindik ez delako itxi”.
Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek ere garbi erran du: “Luzeegi jo du isiltasunak. Pixkanaka ari gara isiltasun hori apurtzen, baina lanean jarraitu behar dugu”.
Lanean, bertzeak bertze, Natalio eta Santiago Cayuelaren, eta fusilatu eta desagertutako bertze anitzen gorpuak aurkitu ahal izateko. Haientzat dena eten egin zen 1936ko uztailean; dena eten egin zuen altxamendu militarrak hasitako garbiketa politikoak. Erlojua berriz martxan jarri nahi du Y el tiempo se detuvo liburuak.
Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku