Iritzia: Alde

Iritzia: Alde

Lur Albizu Etxetxipia

Euskaltzaleen Topaguneak jardunaldi batzuk antolatu zituen atzo: Nafarroan Euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak. Egun batzuk atzera ari naiz hau idazten, beraz, ez dakit nola egon diren, zenbat jende egon den, zein girotan…

Bertan parte hartu nuen. Beti da interesgarria ideiak partekatzea eta, gehiago, nola ez, Nafarroan euskarari buruz hitz egitea. Ez dakit polemikaz hitz eginen ote genuen, edo adostasunetan oinarritu ote ziren mahaiak. Deseroso egonen ote ginen parte hartzaileak, entzuleak.

Gustatuko litzaidake hala izan balitz. Deserosotasun pixka bat, egia batzuk. Eta ez da erraza; ez zait gauza oso erraza iruditzen euskaldunok kexu ia egunero agertzen garen honetan. Astunak, nori okurritzen zaio eskubideez hitz egitea!

Ez da gai sinplea, eta ez da egunerokotik kanpo. Azken hilabeteetan, hainbat lan-oposiziotan eta antzekotan euskara meritu gisa ere baloratzen ez dela jakin izan dugunean, adibidez, portadaren bat edo beste hartu du euskarak. Ofentsibaren erdian, eskubideak lapurtu ez, eta gu geu errudun egiten gaituzte; ai, euskaldunok, beti geure hizkuntza maitea politizatzen. Hitz magikoa: hortik aurrera, zaila da edozeri aurre egitea. Defendatzea baita, akaso, politizatzea. Eskubideak urratzea ez da politizatzea. Hizkuntza bat gatazka eremutik ateratzeko, gatazka desagertu behar da lehenbizi. Eta ematen du ez duela itxurarik.

Nafarroan euskararen aldeko jarrerek ez dute atzera egin, baina asko dira, oraindik, kontrakotasuna adierazten dutenak, beste asko berdin zaienak. Eta gure ardura ere bada hori: nola desaktibatu fobia horiek, edo berdin izate horiek, aldekotasun batera eramateko. Guztion ardura, baina batzuena beste batzuena baino gehiago. Ez da nire, nire lagunen, ondoko euskaltzalearen, hango euskaldunaren ardura ikastetxe batean D ereduko kanpaina egin, eta informazio zuzena ematen dela bermatzea. Ez da gure lana poliziarena egitea, non zer jartzen duen, zein tamainatan dagoen euskara edo zergatik ez dagoen, “nahi baduzu itzuliko dut euskarara”. Egiten dugu, baina ez da gure ardura. Instituzioena ere bada.

Ez dut euskara museoetarako nahi, ez dut ondare izaterik nahi. Ondareak ez dit hainbeste inporta: eskubideek axola didate. Gero hasiko gara hitz egiten nork, nola, norekin eta zergatik ez duten/dugun euskara erabiltzen, edo zergatik ez omen dagoen interesik; zergatik edozer gauza. Baina eskubideek eskubide behar dute, Corellan eta Elizondon.

Bada garaia aktoreen funtzioak aldatzeko. Gu ere ezin gara biktimaren paperean eroso, oldarkor, haserre ibili. Ez gara oso konpainia onuragarria, askotan. Eta ez dut esaten izan behar dugunik: baina, behintzat, dibertigarria izan dadila. Euskaltzale aktiboek ere erreleboa behar dute; euskararen kontrako jarduna oztopatzeko ere etorriko dira beste errelebo batzuk. Guk bakarrik ez dugu eginen: beste batzuk beharko ditugu ondoan. Gustatu ala ez.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku