Osasuna B-ko jokalari Karolina Sarasuak jasotako irain eta mehatxuek agerian utzi dute kirolean matxismoa badela, oraindik ere. Gisa horretako erasoei aurre egiteko protokoloak behar direla nabarmendu dute zenbait eragilek, erasoa jasan duenak salatzeko ardura hartu behar ez izateko.
Edurne Elizondo
Pozgarria da gertatu denaren berri zabaldu izana; hori behar dugu, salatu eta zabaldu, garbi utzi horrelakorik ezin dugula onartu”. Nafarroako Kirol Institutuko Kirola Sustatzeko Ataleko bitartekari Edurne Bejarano Elizagarairenak dira hitzak, eta Osasuna B taldeko jokalari Karolina Sarasuak Santanderko (Espainia) Nueva Montaña taldearen zelaian jasandako erasoaz ari da.
Gorritxoak irain eta mehatxu sexistak jaso zituen, urriaren 9an, partida ikusten ari ziren zenbait gazteren aldetik. Norgehiagokaren amaieran, Lucia Fernandez epaileari eman zion gertatu zenaren berri, eta hark partidako aktan jaso zuen Sarasuak entzun behar izandakoa: “Aldagelan sartu eta bortxatu eginen zaitut; zure amak zupatu egiten dit; altxatu elastikoa, eta erakutsi titiak eta ipurdia”. Bertze irain eta mehatxu anitzen artean.
“Emakumeon aurkako indarkeria da gertatu dena”, erran du, zalantzarik gabe, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaile Eva Isturizek, eta Bejarano Elizagarai bezala, “poztu” egin da Sarasuaren aurkako erasoak oihartzuna izan duelako. “Emakumeon aurkako irainak ohikoak dira, tamalez, kirolaren esparruan, baina ezin dugu isilik jarraitu, ezin dugu gertatzen dena normaltzat jo”, berretsi du Isturizek.
Administrazioak lan egin behar du kirolaren esparruko matxismoari aurre egiteko. Ardura hori onartu egin dute Bejarano Elizagaraik eta Isturizek, nork bere esparruan. Agerian utzi dute, batetik, irainak eta mehatxuak gertatzen direnean “azkar eragiteko” protokolo baten beharra; eta, bertzetik, heziketa eta formakuntza sustatzekoa, eta emakumeen kirolari “duen garrantzia” ematekoa ere.
Gizonen esparru
Duela gutxira arte, kirola ere gizonen esparru bat izan da. 1900. urtean parte hartu zuen emakume batek aurrenekoz Olinpiar Jokoetan —Charlotte Cooper Ingalaterrako tenislaria; erakustaldia egin zuen—. 1975ean, emakume bat aurrenekoz ailegatu zen Everest mendiko gailurrera: Junko Tabei japoniarra. Everestetik jaitsi zenean, “ama arduragabea” zela leporatu zioten hedabideek, Tabeiren hilabete gutxiko haurra aitarekin gelditu zelako. 2019an, Azkoitiko (Gipuzkoa) Pelota Eguneko gizonezkoen lehia bertan behera utzi zuten, Whatsapp talde batean emakume pilotarien aurkako iruzkin matxistak egin zituztelako gizonek: “Neska pilotariak? Eta orduan nor ariko da sukaldean?”.
“Penagarria da horrelakoak gertatzea; eta penagarriak dira horrelakoak erraten dituztenak. Zer irakatsi diete?”. Maite Ruiz de Larramendi Ados klubeko pilotariak egin du galdera. Sarasuaren aurkako irainek eta mehatxuek “amorratu eta haserretu” egin dute: “Muga guztiak gainditu dituztela iruditzen zait; beldurgarria da futbolean gertatzen dena. Nik inoiz ez dut horrelakorik entzun frontoi batean; entzun izan banu, partida gelditu izanen nukeen”.
Nafarroako Kirol Institutuko bitartekari Edurne Bejarano Elizagaraik garbi du hori dela bidea; partida edo lehia horiek etetea, irainak edo mehatxuak gertatzen direnean, alegia. Gaur egun, baina, norgehiagoka amaitzeari ematen zaio lehentasuna, eta hori “arazo bat” dela nabarmendu du Bejarano Elizagaraik. “Horrek ekarri du partidetan denetarik entzutea, eta hori ohiko bilakatzea; publikoak, jokalarien senideek, bai eta zelaian ez diren jokalariek ere botatzen dituzte irainak”, salatu du.
Nafarroako Kirol Institutuko Kirola Sustatzeko Atalean badute kirolaren balioak jorratzeko zerbitzu bat; herrialdeko klubekin eta federazioekin egiten dute lan. Bertzeak bertze, kirolaren esparruan sortzen diren gatazkak kudeatzeko baliabideak eskaintzen dituzte. Urtarriletik, 70 kexa jaso dituzte zerbitzuan, partidetan gertatu diren gatazkengatik. “Irain sexistak, arrazistak eta homofoboak izaten dira, bertzeak bertze”, zehaztu du Bejarano Elizagaraik. Gisa horretako jarrerak “onartezinak” direla berretsi du.
Horien kontra egiteko, hain zuzen ere, balioen ordezkariak trebatzen dituzte Nafarroako Kirol Institutuan, zelaietan eta pistetan egoteko. “Federazioekin elkarlanean aritzen gara, haiek badakitelako non sor daitezkeen arazoak. Trebatutako ordezkariak partidetara joaten dira, gatazkaren bat sortuz gero, modu egoki batean kudeatu ahal izateko”, kontatu du Bejarano Elizagaraik.
Kirolaz harago
Institutuko baliabideak herrialdeko talde eta federazio guztien esku dira; oraingoz, halere, futbol, eskubaloi eta saskibaloi federazioekin ari dira lanean. “Egia da horietan gertatzen dela gatazka gehien”. Klubekin aritzea “zailagoa” dela erantsi du Bejarano Elizagaraik. “Ahalegina egiten ari gara klubetara ere ailegatzeko”. Nafarroako Kirol Institutuko kideak garbi du kirolariekin hasieratik lan egitea dela gakoetako bat, eta, horretarako, hain zuzen, ikastetxeetan ere garatzen dute erakunde horretako programetako bat.
Arazoa ez da kirolaren esparrukoa bakarrik; harago doa. Horixe gaineratu du Bejarano Elizagaraik. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Eva Isturizek ere bat egin du, eta Sarasuari gertatu zaionak “gizarte osoaren gogoeta” piztu beharko lukeela aipatu du. “Ez da heziera txarreko kontu bat; mehatxu sexistak egin dizkiote emakumea delako; sexu indarkeria da”.
Karolina Sarasuak egindako salaketak lortu du kirolaren arloan dagoen matxismoa erdigunean jartzea, eta agerian utzi du emakume kirolari anitzen errealitatea. Erasoaren berri eman eta gero, babes zabala jaso du jokalari gorritxoak; Nafarroako Gobernuak salatu du gertatu dena, eta Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek berak elkartasuna agertu dio Sarasuari, adibidez.
Osasunak ere salatu ditu bere jokalariaren aurkako irainak eta mehatxuak, baina gorritxoak lehenbiziko urratsa egin eta gero. “Harritu nau horrek, Osasunak ederki jorratzen baititu kirolaren arloko balioak”, onartu du Bejarano Elizagaraik.
Osasunak kirolaren arloko balioak jorratzeko programa propioa du. Ekainean, hain zuzen, irain arrazistak egitea egotzi zioten Patricia Zugasti gorritxoari —aktaren arabera, Yuki Togawari “txinatar zikina” erran zion—, eta egoera argitu bitartean, entrenamenduetatik baztertu zuten jokalaria. Zikin hitza erabili izana ukatu zuen Zugastik. Hutsa onartu, eta barkamena eskatu zion Oviedo taldeko jokalariari.
Sarasuak jasandako mehatxuen inguruko salaketa taldeak berak egitea espero zuen Nafarroako Kirol Institutuko kideak, eta bat egin du Eva Isturizek ere. “Karolina Sarasuak erasoa jaso du, eta ez da bere ardura salatzea. Finean, arrisku handia hartu du gertatu zaiona jendaurrean azaldu duenean”.
Isturizen ustez, “bada garaia” erasotzaileak seinalatzeko. “Kirol jarduera batean irain edo mehatxu matxistak gertatuz gero, berehala gelditu beharko genuke partida. Eta irainak edo mehatxuak egin dituztenak agerian utzi, haiek seinalatu. Denon ardura da hori; kirol jarduera batean parte hartzen duten guztiena, alegia. Lekuko izan den inork ezin du onartu gisa horretako eraso bat”, gaineratu du Isturizek.
“Errotik moztu”
“Hagitz larria da; ez dugu zertan horrelako egoera bat onartu emakume izateagatik. Gisa horretako jarrerak errotik moztu behar dira. Argi dut horrelako egoera batean partida gelditu izanen nukeela”. Osasunako kapitain Mai Garderenak dira hitzak. Karolina Sarasuaren “ausardia” nabarmendu du, eta taldekide guztien “erabateko babesa” agertu dio.
Gardek ez du Sarasuak sufritutako erasoaren gisakorik jasan zelaietan, baina emakume kirolarien kontrako irainak “ohiko” kontu bat direla erran du. Sare sozialetan gertatzen dena jarri du adibide. “Egia da gizon kirolarien aurkako iruzkinak ere egiten direla, baina gure kasuan, emakume izateagatik dira beti, iruzkin matxistak, alegia”.
Emakumeen kirola “bigarren mailakotzat” du egungo gizarteak, oraindik ere, Garderen hitzetan, eta horrek lotura zuzena du emakume kirolarien kontrako irain matxistekin. “Zor zaigun tokia ematen digutenean, egoerak hobera eginen du”.
Bertzeak bertze, hedabideek emakumeen kirolari ikusgaitasuna emateko duten ardura jarri du Mai Gardek erdigunean. Auzi horretan, Osasunako kapitainarekin bat egin du Maite Ruiz de Larramendi pilotariak, eta frontoietan gertatu dena jarri du egoera horren adibide. “Emakume pilotariok erabaki dugu klub profesional bat sortzea, bertze inork egiten ez zuelako. Zain gelditu ordez, aurrera egin dugu”.
Sarasuaren aurkako erasoaren gisakorik ez du sufritu pilotariak. Nabarmendu du, halere, “jarrera paternalistak” izan dituztela, behin baino gehiagotan, gizon pilotariek. “Ematen du emakumeon kirolari bertze etiketa bat jarri behar zaiola beti; ezin da bakarrik kirola izan”, erantsi du.
Gauzak aldatu nahi ditu Ruiz de Larramendik, eta aldatzen hasiak direla uste du Bejaranok, hain zuzen. Indarkeria oro dagoelako jokoz kanpo.