Iritzia: ‘Bihar ekusen gutzu’

Iritzia: ‘Bihar ekusen gutzu’

Olatz Azpirotz Larzabal

Aurkeztu dute Ainarak egitasmoa: 1870-1940 urteetan Maulera lanera joandako enarei buruzko informazioa zabaltzeko eta iparraren eta hegoaren lotura estutzeko proiektua. Ezaguna egiten zaigu guri, azaletik baldin bada ere, emakume horiek egiten zuten lana. Zurrumurru ahul baten indar berberarekin eman digute gehienei horren berri. Gehienetan, gaia beste bat zela, zeharkako modu batean.

Halere, ziurtasunez dakiguna da urte horietan adin ezberdinetako milaka emakume nafar eta aragoiarrek Maulerako bidea hartzen zutela. Gurean, Erronkaritik eta Zaraitzutik. Justuki urrietan joan eta jorrailean itzultzen ziren. Emakume horiek udazkenaren etorrerarekin etxea utzi behar izaten zuten, izana zangoen gainean eramanez eta itzulerako momentua ezin antzeman zeudela. Urtaroen araberako emigrazioa zen hura, hortik eta euren janzkera ilunetik enaren izena. Maulen, oro har, espartingintzan egiten zuten lan. Batik bat jaioterrian geratutako familiarentzat dirua irabazteko.

Emakume horien gorputzak ez zuen garrantzirik ibilbide horretan, adin ezberdineko baina egoera ekonomiko bereko emakumeak joaten baitziren. Hotz egitan du. Hotza, bai, partitu aurreko mezan. Eliza. Aholkuak. Familiarentzako errezoak. Jainkoa. Agurrak. Mina eta zotinak. Hotz egitan du. Bidaia. Hotz egitan du. Mendia ez da beti samurra izan gurekin; emakume horietako batzuek heriotza aurkitzen zuten eskuineko sakanean, edo zerutik zetorren elurrean. Mendi kan dago anitz belar.

Mauleko biztanleria lau-bost urtetan 3.000 izatetik 5.000 izatera igaro zen. Emakume langileak auzoetan metatzen ziren. Logela gutxi. Lastaira berean hainbat emakume. Zazpi hilabete. Ba diezu zazpi hilabete ezturala ekusi. Janak kartoien gainean zoruan berotzen. Egoera lazgarri horiek ez ziren espazio intimoetan soilik suertatzen. Espartinen fabriketan, ikuskatzailea iritsi eta kartoizko kutxen barruan ezkutatu behar zuten. Ekoiztutako pisuaren araberako soldata. Euren usaina aitzaki, iruzkin mingarriak entzutera behartuak. Ostera, jorrailaren etorrerarekin udazkeneko bide eta arrisku berberak gainditzeari beste bat gehitzen zitzaion: kontrabandoa.

Emakume horiek, zazpi hilabetez, ez zuten eurentzat lan egin, ez zituzten euren borondate propioz haien bizitzak arriskuan jarri, ez ziren hautuz jaioterritik urrundu; erakunde ekonomiko baten etekinerako lan egitera behartuak izan ziren (gaur egun gertatzen den bezala). Emakume horiek langileak ziren. Urtaroen araberako lan-migrazioa egiten zuten emakumeak. Emakume horiek, emakume belaunaldi oso horiek, historikoki gizonei emandako langile aitortza berbera merezi dute. Zor diegu. Fite argiten du.

Atera ditzagun enaren migrazioak lurrazalera, eta bihur ditzagun istorio eta oroimen; eman diezaiegun errekonozimendua, eta horretarako, ez ahazteko eta behin betiko atentzioa emateko, hitza da dugun baliabide onena.