Lohizune Amatria
Bizpahiru izan ziren, bai, Jainkoaren mundu horietan galdu zirenak, baina horri buruz ezin dizut erantzun. Nik, tamalez, ez nuen parte hartu, nahiz eta gustura eginen nukeen”. Espainiako Poliziako komisario erretiratu Jose Manuel Villarejoren hitzak dira. EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren desagerpenaz galdetu zion joan den astean, eta lotsagabekeria lotsagarriz gerra zikina defendatu du Villarejok. Are gehiago, justifikatu du estatuko indarkeria: “Badakit nire erantzun zenbait ez direla politikoki zuzenak, baina ziur diot amarekin eta aberriarekin, arrazoiz edo hura gabe, terroristekin amaitu beharra zegoela. Uste dut nire lankideek oso ongi egin zutela”.
Denak balio du estatuaren izenean “terrorismoari aurre egiteko”, dena da zilegi; eta, hark kontrakoa esan arren, politikoki zuzena. Asaldatu al da goi kargudunik adierazpenengatik? Esan al diote inori barkamena eskatzeko? Gertatu behar ez zela esan al du inork? Damu al dira? Denak ez, bistakoa denez.
Foro Sozialak 2018an aurkeztutako txosten baten arabera, ETAko kideen, euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontrako gerra zikineko krimenen %60 argitu gabe daude. GALek eta Batallón Vasco Españolek egindako hilketa, bahiketa eta tortura gehienek ez dute erantzunik. Izen-abizenak ez dira Barne Ministerioko biktimen zerrenda ofizialean agertzen. Ez dago horiei buruzko sumariorik, ezta epairik ere. Zigorgabetasuna jaso dute erantzuleek. Mina eta ahanztura senideek.
Urriaren 20an esan zituen adierazpenak Villarejok, ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrenean, eta horrek mingarriagoak egiten dituelakoan nago. Euskal Herriko gatazka politikoaz asko hitz egin da egunotan; baina, tamalez, oraindik ere, badira begiratu nahi ez diren zirrikituak. Nahita ezkutatzen direnak, eta nahita azalera ekartzen direnak. Batzuentzat, antza, inoiz ez da ezer nahikoa izanen.
Nafarroan argiki agertu du bere jarrera egunotan eskuin muturrak. ETAren biktimen ANVITE elkarteak eta Navarra Sumak UPNren betiko diskurtsoan iltzatuta jarraitzen dute: Bildu, Bildu, Bildu. Ez da berria. Ez dira joan beste guztiak egon diren ekitaldira, “EH Bildu zuritzen ari delako gobernua”, eta iazko antzerki berdina antzezten ari dira parlamentuan, “EH Bildu zuritzen ari delako gobernua”.
Eztabaida politikoa zintzoa eta ordaingarria izan dadin gauza asko aldatu behar dira. Muturreko jarrerez harago, hamar urteren ondotik, gertatutakoaren eta bizi dugun egoeraren irakurketa partzialak ikusi ditugu. Pentsatu nahi dut, beste batzuk iritsi diren bezala, horiek ere emanen direla. Une honetara ekarri gaituen guztia aitortu behar dugu, estrategia aldaketak, nazioarteko bitartekaritzaren eta konferentzien papera, sendatu beharreko zauriak… Eskaerak ezin dira alde bakarrekoak izan, ezin da estatuaren terrorismoaren goraipamena (ere) zigorgabe geratu.
Argazkia: Iñaki Alforjak eta Iban Toledok zuzendutako Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’-ri buruzko ‘Bolante baten historia’ dokumentaleko irudi bat.