“Jendeak orain badaki amildegiaren ertzera iristen ari garela”

“Jendeak orain badaki amildegiaren ertzera iristen ari garela”

Uxue Rey Gorraiz

Bizi izandakoak ahaztu gabe baina aurrera begiratuta ematen dituzte pausoak Julio Villanuevak (Iruñea, 1958) eta Ibon Garciak (Lezo, Gipuzkoa, 1979), lehengo bide berean. Asteazkenean bete ziren hamar urte Yolanda Barcinak Okzitaniako Tolosan hiru tartakada jaso zituenetik. Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria zen, eta AHT abiadura handiko trenaren kontrako protesta modura egin zuten desobedientzia ekintza hura zenbait lagunek. Villanueva eta Garcia dira ekintza horrengatik auzipetuetako bi.

Hamar urte joan dira ordutik. Urrun sentitzen duzue?

IBON GARCIA: Urteurrenak ustekabean harrapatu nau. Asko harritu naiz. Oso azkar joan dira hamar urte hauek.

JULIO VILLANUEVA: Einsteinek dioen bezala, denbora ez da zurruna, ezta? Subjektibotasuna sartzen da tartean. Batzuetan, iruditzen zait aspaldi gertatu zela tartakadarena; beste batzuetan, oso hurbil dela. Dena den, borroka honetan segitzen dugunez gero, beste hainbesteren arteko ekintza bat gehiago izan zela uste dut, bide bereko beste urrats bat, alegia. Azken finean, aurten 28 urte dira AHTaren kontrako mugimendua sortu zela.

Egun horretatik aurrera, errenkadan etorri ziren epaiketa kontuak, baita zigorrak ere. Zer izan zen gogorrena?

VILLANUEVA: Inportantea da gertatutakoa dagokion testuinguruan kokatzea. ETAk bere jarduera armatuaren bukaera iragarri eta astebetera egin genuen ekintza. Horrek eragina izan zuen, eta sekulako astakeriak esan ziren gure kontura, lotsa izpirik gabe. Iritsi ziren esatera AHTaren kontrako mugimendua ETArekin lotua zegoela. Hori oso gogorra izan zen. Gainera, gogoan dut tartakadak izan ziren bitartean Nafarroako Parlamentua bildua zela. Gertatutakoaren berri izan zutenean, eten egin zuten bilkura, eta gure ekintza gaitzets zezatela eskatu zieten politikariei. Ahalegin ikaragarria egin zen gu kriminalizatzeko. Talde armatua ginela ageri zen dokumentu ofizial batzuetan.

GARCIA: Aginteari atentatu egitea leporatu ziguten, eta bederatzi urte arteko espetxe zigorrak eskatu. Eta hori guztia merengearekin. Berez, parodiatsua da.

VILLANUEVA: Egia esanda, nahiko inozoak izan ginen. Ez genuen inolako kontsultarik egin abokatuekin. Isunak espero genituen, baina ez kartzela zigorrik.

2013ko azaroan izan zenuten epaiketa. Hain zuzen, azkenean ez zen izan kartzelara sartu beharrik, baina kolpe latza jaso zenuten, halere: ekonomikoa.

VILLANUEVA: Sekulakoa ordaindu genuen; nik 14.000 euro. Aurrekariak omen bainituen.

Uste duzue zigor horiek izan zirela AHTaren kontrako borroka ahultzeko modu bat?

GARCIA: Bai, eta lortu zuten. Min handia egin ziguten. Ez zen posible isun hori gure gain hartzea.

VILLANUEVA: Nire azterketaren arabera, Barcinak oso gaizki hartu zuen kontua eta botere handiko emakumea zen garai hartan. Kontaktu asko zituen [Espainiako] Auzitegi Nazionalean ere, eta ahalegindu zen zigorrak mendeku gisa erabiltzen. Hain zuzen, orduan hasi zen Barcinaren gainbehera.

Izan zenuten borroka alde batera uzteko tentaziorik?

VILLANUEVA: Errepresio eta kriminalizazio horren helburua baldin bazen gu kikiltzea, argi dago ez zutela lortu. Are gehiago, nolabaiteko gorakada izan zuen ekintzaren ondoren, lortu genuelako AHTaren auziak oihartzun handiagoa izatea.

GARCIA: Azken finean, salaketa publiko bat izan zen, tarta batzuk erabilita. Ehuneko ehun lortu genuen gure helburua.

Desobedientzia ekintza bat izan zen zuena. Molde horretako protestek oraindik ere indarra dute gaur egun?

VILLANUEVA: Uste dut zentzua dutela gaur egun ere. Hori bai: boterean direnek badakite hori, argi eta garbi, eta antigorputzak sortu dituzte horien kontra, horiengandik babesteko. Antigorputz modukoak dira, adibidez, mozal legea eta zigor kodearen enegarren moldaketaren bidez lortutako arauen gogortzeak. Desobedientziaren aurkako kriminalizazioa oso bortitza da, baina, hain zuzen, hantxe ikusten da zein den desobedientziaren ahalmenaren neurria, etsaiaren ekintzetan. Gaur egun, hor dugu erronka handietako bat. Hori dugu gainditu beharreko horma.

Urteak pasatu arren, AHTaren auzia piztua da oraindik, eta, motel bada ere, proiektuak aurrera segitzen du. Nola ikusten duzue egoera orain?

VILLANUEVA: Aurrera ari dira, baina ez gustatuko litzaieken abiada bizian. Gaur egun, batzuei iruditzen zaie kontua egina dagoela, borroka galdua dagoela, baina ez da egia. Ez diogu guk bakarrik, gu baino neutralagoak diren zenbait iturrik ere esaten dute hori. Oraintxe, AHTa eraikitzeko beharrezkoa den inbertsioaren %58 oraindik egin gabe dagoela.

GARCIA: Zorionez, dena falta dute, Nafarroan hasi berriak dira, oraindik ez dute ia ezer ukitu.

Ordea, zorpetze ekonomikoaz gainera, obrek zer kalte ekarriko lukete inguruarentzat?

VILLANUEVA: Txikizioa bistakoa litzateke, bi eskualdeetan bereziki. Erriberan eta Nafarroa erdialdean guztiz txikituko ditu balio ekologiko handiko hainbat eremu. Estepako hegaztientzat oso kaltegarria da hori, adibidez. Bestalde, Iruñetik Sakana aldera, ikusteko dago zer egingo duten. Aralar zulatzea da aukeretako bat; hori nahi dute askok.

GARCIA: AHTak ez-toki bihurtzen ditu aurretik toki direnak. Eremuak igarobide huts bihurtzen dira. Oso mingarria da.

Itxuraz, badirudi gero eta indartsuagoa dela klima larrialdiaren kontrako borroka. AHTaren kontrakoari dagokionez, mugimendua sasoiko dago?

GARCIA: Borroka luzeetan beti izaten dira gorabeherak, eta gu geu ere horrela ibiltzen gara.

VILLANUEVA: Egia da garai batzuetan nahiko ahul izan garela, eta uste dut arazoa dela agian ez dugula lortu lekukoa behar bezala pasatzea belaunaldi batetik bestera. Hori zaila gertatzen ari da. AHTaren kontrako borroka ez da batere sexya. Batzuek etsipena sentitzen dute.

Aurrera begira, zuek ere sentitzen duzue etsipena?

VILLANUEVA: Ni itxaropentsu nago borrokarekin. Denborak arrazoia eman digu, eta jendea gero eta argiago ikusten ari da arrazoia dugula. Duela 20-30 urte jendeak ez zuen ikusten halako larritasunik klimari edo naturari dagokionez. Orain bai, jendea ohartzen da amildegi ertzera iristen ari garela eta hau sostengaezina dela. Gogorra da gauzak horrela ikustea, baina herritarrek badakite mundu honek, horrela segituz gero, ez duela etorkizunik. Horregatik, indarra dugu aldarrikapenekin jarraitzeko.